Zergatik da beroa askatzen dugun airea baina hotz dago hartzen duguna?

Gazte-galderak

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Gasteizko Miguel de Unamuno institutuko 2. DBHko ikasleen galdera: Zergatik da beroa askatzen dugun airea baina hotz dago hartzen duguna?

Hori egiaztatzeko, esperimentu erraza egin dezakezu hau irakurtzen ari zaren bitartean: jarri eskua ahoaren parean eta askatu arnasa. Eta, orain, hartu sakon arnasa ahotik edo sudurretik. Gure ahoaren tenperatura ez da aldatzen arnasa hartu edo botatzen dugun bakoitzean; gakoa honetan datza: kanpoaldean dagoen airearen eta gure gorputzean dagoenaren arteko aldea. Eta, horrez gain, hezetasunak ere badu eragina fenomeno horretan, ikusiko dugun moduan.

airea
Irudia: gure ahoaren tenperatura ez da aldatzen arnasa hartu edo botatzen dugun bakoitzean; gakoa honetan datza: kanpoaldean dagoen airearen eta gure gorputzean dagoenaren arteko aldea. (Argazkia: Tamar Willoughby – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Airearen konposizioa aldatu egiten da gure gorputzean

Airea hartzen dugunean, eskuarki, litro erdi aire hartzen dugu ingurunetik, eta aire hori, nagusiki, nitrogenoz eta oxigenoz osatuta dago. Baina askatzen duguna ez da berdina: oxigeno gutxiago dauka, gure gorputzak hori erabili duelako, bai eta anhidrido karboniko (edo karbono dioxido, CO2) gehiago ere, metabolismoaren produktua baita.

Horri esker, organismoak behar duen oxigenoa lortzen du, eta CO2-aren soberakinak baztertzen ditu. Prozesu horri esker egonkor mantentzen ditugu gure gorputzeko barne baldintzak.

Horrez gain, hartzen dugun airea hotzagoa egon ohi da gauden lekuko tenperatura daukalako, eta hori, oro har, gorputzekoa baino txikiagoa izaten da. Ondoren, ahotik eta sudurretik igarotzean, berotu egiten da, gure barrualdeko tenperaturara hurbildu arte: 36–37°C.

Urez aseta

Bestetik, hezetasunak ere eragiten du. Kanpoko airea, normalean, lehorragoa izaten da; ez dago ur-lurrunez beteta (teknikoki, esan ohi da ez dagoela aseta). Inhalatzean, hezetu egiten da mukosei eta listuari esker, eta, orduan bai, urez asetzen da.

Kanpoaldeko aire lehorra sudurrean edo ahoan sartzen denean, gure mukosen edo listuaren hezetasunaren parte bat lurrundu egiten da. Eta lurrunketa prozesu horrek behar duen bero kantitate handia gure gorputzari “lapurtzen” zaio, eta horregatik jaisten da, pixka bat, tenperatura. Eta horrexegatik sentitzen dugu hartzen dugun airea hotzagoa dela; gure beroaren parte bat kendu digulako.

Hats labur hozgarriak

Konturatuko zinen animalia batzuek, hala nola txakurrek, oso azkar hartzen dutela arnasa egun beroetan. Arnasestu hori ahotik aire asko pasatzean datza. Hori egitean, mihia eta ahoaren barrualdea gainezten dituen listua lurrundu egiten da, eta prozesu horrek txakurrei laguntzen die beroa galtzen eta beren gorputzeko tenperatura tarte egoki baten barruan mantentzen.

Aitzitik, askatzen dugun airea oso heze dago biriketatik datorrelako, eta horiek urez gaineztatuta daude barrualdean. Kasu horretan, ez da beroa galtzen listutik edo mukosetatik airerantz. Hezetasun hori badagoela erraz egiazta daiteke kristal batean putz eginda: askatzen dugun ur-lurruna kondentsatzen da eta kristala lausotzen du.

Mentoldun efektua

Hartzen dugun airearen tenperatura aldaketak nabaritu ahal izateko, informazioa garunera arte iritsi behar da. Mihian, ahosabaian eta, neurri txikiagoan, sudur-hobietan, termorrezeptore izeneko nerbio-bukaera batzuk daude, eta oso sentikorrak dira tenperaturarekiko. Erraz egiazta daiteke hori izozki bat edo zopa beroa hartzean: termorrezeptoreak aktibatzen direnean, hotza edo beroa, hurrenez hurren, sentiarazten diguten seinaleak bidaltzen dituzte. Eta, horri esker, arnasa hartzean sartu eta irteten den airearen tenperatura aldea ere hauteman dezakegu.

Antzeko zerbait gertatzen da mendazko karameluak hartzean. Mendaren konposatu batek, mentolak, hotzarekiko nerbio-bukaera sentikorrak aktibatzen ditu. Eta horrek freskotasun sentsazioa sentiarazten digu, nahiz eta ahoko benetako tenperatura ez den aldatzen.

Eta, amaitu aurretik, azken ohar bat: komentatu dugun gehiena baldintza arruntetan aplikatzen da, baina muturreko beroa dagoen egunetan (37 ºC-tik gora), baliteke sartzen den airea irteten dena baino beroagoa izatea.


Egileaz:

Jon Irazusta Astiazaran EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko eta AgeingOn ikerketa-taldeko ikertzailea da.


Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Por qué se mueven los planetas? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.