Zientzia auzitegietan (IX): hatz-marken analisiaren hastapenak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1892. urtean lehen aldiz kondenatu zen pertsona bat hatz-marka bati esker. Harrezkero hainbat krimen ebatzi ahal izan dira ebidentzia horiei esker, eta gaur egun ohiko auzitegi-teknika da hatz-marken analisia. Alabaina, hori ez da beti horrela izan.

Auzitegi-zientzien printzipio nagusia Locard-en printzipioa da. Printzipio horren arabera, bi objektu kontaktuan daudenean materia-transferentzia gertatzen da haien artean. Beste modu batera esanda, eta Edmond Locard (1877-1966) frantziar kriminologoak esan zuen bezala: ez da posible gaizkileak ekintza kriminala egitea, are gutxiago ekintza kriminalak eskatzen duen indarkeriarekin, inongo arrastorik utzi gabe ─«Il est impossible au malfaiteur d’agir, et surtout d’agir avec l’intensité que suppose l’action criminelle sans laisser des traces de son passage»─. Horrek beste ondorio zuzena du, alegia, edozein kontaktuk aztarna uzten duela. Horrexegatik, Locarden transferentzia printzipioa ere deritzo. Adibide erraz batekin uler daiteke: ibilgailu bat krimenaren agertokian egon bada, ibilgailuak arrasto batzuk utziko ditu leku horretan ─direla gurpilen arrastoak, direla pintura aztarnak….─ eta, aldi berean, agertokiko elementuek arrastoak utziko dituzte ibilgailuan ─lurreko materiala, belarra, intsektuak, eta abar─.

hatz-marken
Irudia: hatz-markak norbanakoaren bereizgarriak dira, biki homozigotikoek ere hatz-marka desberdinak dituzte. (Argazkia: cottonbro studio – domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com).

Edonola ere, krimenaren agertokian dauden aztarnak analizatzen, kategorizatzen eta ulertzen ez badakigu, ez dira baliagarriak gaizkileak harrapatzeko. Gaizkileek uzten dituzten aztarna horiek identifikatu ahal izateko hainbat aurrerapauso eman ditu auzitegi-zientziak historian zehar. Ziur aski garrantzitsuenetako bat hatz-marken erabilera izan da. DNAren kasuan gertatzen den bezala, hatz-markak gizabanakoaren ezaugarri bereizgarriak dira. DNA bera duten bi lagun ez dauden bezala, ez dago inoren hatz-marka berdina duen pertsonarik. Horrexegatik, hatz-markak oso baliagarriak dira pertsonak identifikatzeko edota pertsona jakin baten presentzia baztertzeko. Auzitegi-teknika horren erabilera bideragarria izan dadin, hatz-marka ezezaguna hatz-marka ezagun batekin alderatu behar da, berdinak diren ala ez ebazteko. Hatz-marken bidez egindako identifikazioak errazteko, IAFIS eta antzeko datu-base erraldoiak daude, non hainbat hatz-marka dauden erregistratuta eta identifikatuta. Herrialdeen artean datuak partekatzen direnez, erraztu egiten da susmagarrien identifikazioa.

Ikuspuntu historikotik, sir William James Herschel, Indiako Gobernu Britainiarreko ofiziala, izan omen zen hatz-marken banakotasunaz konturatu zen lehen europarra. Britainiarrek arazoak zituzten Indiako bertakoak identifikatzeko ─nagusiki kartzeletan hiltzen zirenen erregistroa egiteko─. Horrexegatik, 1880ko hamarkadan, hatz-marken aldaezintasunaz baliatu zen Herschel Indiako kartzeletako presoak identifikatzeko. Garai hartan, banakoen identifikazioaren arazoaz ohartuak ziren hainbat herrialdetan. Frantzian, Alphonse Bertillon izeneko polizia (1853-1914) beste metodo batzuk garatzen ari zen identifikaziorako. Berak, ordea, ez zituen hatz-markak erabiltzen, antropometria baizik. Bertillonen arabera, gorputzeko neurri jakin batzuk identifikaziorako erabil zitezkeen. Hamaika neurketa deskribatu zituen Bertillonek ─altuera, besoen luzera, garezurraren dimentsioak eta abar─ eta horrela, Bertillonen metodoa deritzon sistema asmatu zuen. Dena den, laster ikusi zen Bertillonen metodoak kasu askotan huts egiten zuela huts.

Garai hartan, Tokio inguruan, Henry Faulds (1843-1930) izeneko mediku eskoziarra ere hatz-markekin esperimentatzen hasi zen. Horrela konturatu zen antzinako buztinlariek hatz-markak uzten zituztela zeramika-piezetan, sinadura gisa-edo. Gainera, konturatu zen hautsa erabiliz posible zela hatz-markak ikusaraztea. Teknika hori erabiliz, ebatzi ahal izan zen lapurreta kasu bat. Faulds saiatu zen Scotland Yard Londresko Metropoliko Poliziari hatz-marken onurak azaltzen, baina ez zuten ontzat eman hatz-marken departamentua sortzeko proposamena. Hori horrela, Fauldsek ez zuen amore eman eta Charles Darwin-ekin jarri zen harremanetan hatz-marken kontua hark ikertzen jarraitzeko. Darwinek bere lehengusu Francis Galton-i aipatu zion ideia, eta hark hartu zuen hatz-marken ikerketa abiatzeko konpromisoa. Bide batez, Galton zientzialari emankorra izan zen eta zientziaren hainbat esparrutan egin zituen ekarpen garrantzitsuak.

Galtonek hamar urte eman zituen hatz-markak aztertzen eta, horrela, Finger Prints (1892) izeneko lana argitaratu zuen. Galtonek hatzetan dauden gandor papilarren ezaugarriak aztertu zituen eta zortzi elementu bereizgarri deskribatu zituen. Era berean, frogatu zuen hatz-markak ez direla heredatzen eta norbanakoaren bereizgarriak direla, alegia, ez daudela bi indibiduo hatz-marka berdinekin. Gainera, frogatu zuen hatz-marka osoa aztertu beharrean nahikoa zela zortzi elementu bereizgarri horiek aztertzea.

Galtonen lanak oinarri hartuta, Juan Vucetich izeneko polizia argentinarra Buenos Airesen atxilotutakoen hatz-markak biltzen hasi zen eta bere sistema propioa zehaztu zuen, daktiloskopia zeritzona. Gaur egun ere, espainiera erabiltzen duten herrialdeetan daktiloskopia deritzo hatz-marken analisiari. Nolanahi dela ere, Argentinako polizia hatz-marken analisia erabiltzen hasi zen gaizkileak identifikatzeko eta, hain zuzen ere, munduko lehen herrialdea izan zen hori egiten.

Vucetichen sistemak laster izan zuen proban jartzeko unea. 1892ko ekainaren 29an, modu basatian erail zituzten Felisa ─ez dago argi Felisa edo Teresa izena ote zuen─ eta Ponciano, 4 eta 6 urteko anai-arrebak. Haien ama, Francisca Rojas, bizirik zegoen, baina lepoa mozten ahalegindu ziren, antza. Franciscak poliziari esan zion Pedro Velázquez, bizilaguna, izan zela erruduna. Poliziak Pedro torturatu zuen arren, ez zuten krimenaren aitortzarik lortu. Aitortzarik gabe atsekabetuta, poliziak berriro aztertu zuen Franciscaren etxea eta, hara non, odolezko hatz-marka bat topatu zuten. Hatz-markak Vucetichi eraman zizkioten eta baita Pedro Velázquezen hatz-markak ere, aldera zitzan. Hatz-markek ez zuten bat egiten eta, horrela, Francisca Rojasenak ere aztertu zituen Vucetichek. Orduan bai, hatz-markak berdinak ziren. Hori ikusita, Franciscak krimena aitortu zuen eta, esan zuenez, orduko bikotekidearekin ezkontzeko aukera izateko hil zituen seme-alabak, ez baitzituen haurrak gustuko. Horren ordez, hatz-marken erabilerari esker kondenatutako lehen pertsona bilakatu zen.

Kasu arrakastatsu horren ostean, Bertillonen metodo antropometrikoa betiko baztertu zen Argentinan eta hatz-marken metodoa aplikatzen hasi ziren. Beste hainbat herrialdek ere gauza bera egin zuten hurrengo urteetan zehar. Espainiako kasuan, asko aurreratu zen daktiloskopia-tekniketan Federico Olóriz Aguilerak egindako lanei esker, eta haren lanak definitu zuen 1909tik 1982ra bitarte erabilitako metodoa. Hatz-markek identifikaziorako duten garrantziaz kontziente izanik, 1944ko dekretu batek Nortasun Agiri Nazionala sortu zuen, zeinak eskuineko hatz erakuslearen daktilograma erregistratzen zuen.

Teknika berriak garatzen direnean ez da erraza haiek modu azkarrean ezartzea auzitegietan, baina krimen ospetsuak teknika horiei esker ebazten direnean berebiziko indarra hartzen dute. Jada aipatu dugu Francisca Rojasen kasua, eta beste batzuk ere egon ziren hatz-marken erabileraren hastapenetan. 1905. urterako, martxan zeuden hainbat herrialdetan hatz-marken departamentuak; esaterako, Indian, Erresuma Batuan, Hungarian, Espainian, Suitzan, Austrian, Alemanian, Dinamarkan, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta Argentinan. Hala ere, auzitegiko froga gisa Argentinan eta Erresuma Batuan bakarrik erabili ziren ordura arte. Dena den, pixkanaka hatz-marken erabilera zabaltzen joan zen, eta, ordenagailuen garapenari esker, hatz-marken identifikazioa automatizatu egin ahal izan zen 1980ko hamarkadatik aurrera, eta, ondorioz, erraztu egin zen ikertzaileen lana eta azkarragoa bihurtu zen identifikazioa.

Erreferentzia bibliografikoak:

Cornago Ramírez, Mª del Pilar (2023). Estudio forense de huellas dactilares. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (230-263 or.). UNED

Galton, Francis (1892) Finger Prints. McMillan and Co., London.

Locard, Edmond (1923) Manuel de Technique Policière. Chapitre III, Les traces. Payot, Paris.

McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.

Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
  5. Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
  6. Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak
  7. Zientzia auzitegietan (VII): zientziak huts egiten duenean
  8. Zientzia auzitegietan (VIII): gaixotasuna edo pozoitzea?
  9. Zientzia auzitegietan (IX): hatz-marken analisiaren hastapenak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.