Zer dut barruan etengabe barrezka aritzen banaiz?

Dibulgazioa · Mugaldea

Barrea boladan dago. Krisiak berak ere ez du barrea desagerrarazi, batzuek krisialdian gorriak ikusi badituzte ere. Eta ez naiz pentsamolde baikorraz ari. Tankera horretako pentsamoldea ere boladan dago, baina ni barre algaraka haste horretaz ari naiz. Umore-senaz ari naiz, txistek, kili-kiliek, txantxek eta oro har gertukoek egindakoek eragiten digutenaz.

Oso arrakastatsuak izan dira oso betidanik zentzurik gabeko telebista-saio barregarriak. Gogoan izango duzue noski “umore horia”. Orain ordea askoz ere esparru zabalagoetan erabiltzen da umorea…baita zientzia-dibulgazioan ere!

1. irudia: Darwinen esanetan barrean eboluzioan lortu zen eta izatez talde-jarduera bat zen. Egun, giza ezaugarri nagusi bat bada ere barrea, beste goi mailako primate batzuek ere badute.
1. irudia: Darwinen esanetan barrean eboluzioan lortu zen eta izatez talde-jarduera bat zen. Egun, giza ezaugarri nagusi bat bada ere barrea, beste goi mailako primate batzuek ere badute.

Azkenean, jendeak sinetsi du zientzia dibertigarria dela. Harrigarria da honetaz hain berandu konturatu izana, zeren eta giza ezaugarri nagusi bat baita barrea, beste goi mailako primate batzuek badute ere. Areago, Darwinek berak esan zuen eboluzioan lortu zela eta talde-jarduera bat zela barrea. Izan ere, errazagoa da lagunduta barre egitea. Whatsappen joan-etorrietan ez zarete barrezka hasten hain erraz, ezta?

Darwinek arrazoi bide zuen, zeren eta ezaguna baita barrea burmuinaren alde eboluzionatuenean kokatuta dagoela (burmuinaren kortexeko bekoki aurreko aldean), eta bertan daudela era berean kreatibitatea, gertaeren segidak prozesatzeko ahalmena eta eragile/ondorio harremanak prozesatzeko ahalmena ere.

Horrela bada, estimulu bati emandako erantzuna da barrea, eta beraz, eragin fisiologikoak dakarzkio organismoari. Badakigu halaber eragin hauek onuragarriak direla. Esparru horretara ere iritsi da zientzia, eta oso zehaztapen interesgarriak lortu ditu.

Adibidez, badirudi barreak hobetu egiten duela epe laburreko oroimena. “Badirudi” esan dut, oraindik ondo kontrastatu behar direlako datuak. Edonola, oraingoz zientzialariek uste dute balitekeela umoreak estres-hormonaren ekoizpenaren eta arteria-tentsioaren jaitsiera eragiten duela. Horrekin batera, igoarazi egiten du endomorfinen askapena, eta beraz plazer eta ordainaren sentsazioak ere. Ondorioz, burmuineko uhinen erritmoak gora egingo luke, eta horrelaxe lortuko litzateke gizakiaren oroimenak hobekien jokatzen duen kontzentrazio-egoera fisiologikoa.

Argiro frogatua dago, hori bai, estresaren aurka aritzean umoreak gaztetu egiten duela larruazala, zimurduren aurka jokatzen duelako, eta tonifikagarria delako. Areago, eragin analgesikoa ere badu, eta barre algarak dardarez jartzen du burua, eta sudurra eta entzumena askatu egiten dira. Arteria-presioak behera egiten du, eta immunitate-sistema indartu egiten da. Digestioa ere erraztu egiten da, sabeleko kontrakzio gehiago egiten direlako, eta arnasa hobeto hartzen delako.

Izatez, ezaguna da barre egiten duten gizakiek immunitate-sistema osasuntsua dutela; %40 miokardio-infartu edo apoplexia gutxiago pairatzen dituzte, hortzetan ere min gutxiago jasaten dute, eta batez beste lau urte eta erdi gehiago bizi izaten dira.

barrearen onurak osasunean
2. irudia: Barrea hainbat estimuluk eragindako giza-erreakzioa da. Eta honek, eragin fisiologikoak dakarzkio organismoari.

Azpimarratzekoa da hau guztia ez dela zorizkoa, eta zoriontasuna ez dela espiritu kontu bat, Jainkoak helarazten diguna. Guk badugu horretan nola edo hala esku hartzea. “Zoriontasunaren hormonak” esaten zaie barrea eta umore zorrotzaren eragileei: dopamina edo serotonina bezalako endorfinak. Barre egitean, burmuinak hormona hauek askatzeko agindua bidaltzen du, eta horma hauek morfinaren antzera jokatzen dute: mina arintzen dute, eta bizi-kemena eta depresioaren oreka ezartzen laguntzen dute. Motibazioa eta plazeraren eragile diren neurotransmisoreak dira, eta egoera atseginetan askatzen dira.

Horrela bada, estresa eta depresioa jaitsarazten ditu, eta autoestimua igoarazten du. Beldurrak eta fobiak ezabatzen ditu, eta bai lotsa ere. Izatez, errazten ditu gizakien arteko harremanak, emozioak adieraziz eta afektibitate-loturak sortuz. Barreak arindu egiten du sufrimendua, tentsioak ezabatzen ditu eta kreatibitatea eta irudimena bultzatzen ditu.

Bide batez, zergatik eragiten digute barrea txisteek? Nafarroako Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko Katedraduna den Natalia López Moratallak dio “txistea entzutean burmuinak lengoaia prozesatzen duela; istorioak absurdorantz jotzen duenean, hemisferioetan kokatuta dagoen ‘okerren guneak’, akatsa atzematen du eta zentzuzkoa eta zentzurik gabekoa uztartzen ditu. Burmuinak horrela jokatzen duenean, ‘sari’ bat lortzen du dopamina gisa. Hormona honek azkenean barre algara modura gauzatzen den sentsazio bat eragiten du. Barre algarak bere aldetik, indartu egiten du bihotza, eta gorputzerako osasuntsuak diren erantzunak eragiten ditu“.

Gainera, badakizu barre eragitean aurpegiko 15 muskulu erabiltzen ditugula eta benetan barre gogorra egiten dugunean, gerta daiteke arnasa falta izatea, aurpegia gorritzea eta begietatik malkoak isurtzea. Oso azpimarratzekoa da gutariko bakoitzak egiten duen barre-hotsa erabat pertsonala dela. Izan ere, Robert Provine psikologo amerikarrak barrearen eraginak aztertu ditu hainbat lanetan, eta aurkitu du 210 milisegundoan behin errepikatzen diren nota batzuez osatuta dagoela barre pertsonal hori.

Bukatu baino lehen, esan behar dut honetaz aritu nintzela TEDxMurcia 2014 ekitaldian: entzun ezazue arren. Hori dela eta, zuei helaraziko dizuet behin andre neurozientzialari batek esan zidana: nahiko da barre-keinu gezurrezkoa egitea, burmuinak zoriontsu garela “pentsatu” eta hobeto sentitzen hasteko. Izatez, barrean bi eragile daude: aurpegiaren mugimendua eta zarata. Nahiko da bietatik lehenengoa abian jartzea, endorfinen eta dopaminaren saria lortzeko eta prozesu hauek guztiak abian jartzeko.

Barre egizue bada!


Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.