Zientzia zoriontasun bila

Dibulgazioa · Mugaldea

Gizakiok betidanik tematu gara zoriontasuna lortzen. Hala ere, inori zoriona zer den galdetuta, norberak bere erantzun propioa eskaintzen du. Izan ere, agian batzuek pentsatzen dute zoriona sentipen bat dela, neurtezinezko emozio bat.

Baina, nola ez, esparru honetan ere zientzia saiatzen ari da, zoriona zer den zehaztu nahirik. Horrela, azken urteotan hainbat zehaztapen eskaini dizkigute munduan zehar plazaratu diren zientzia-ikerkuntzek.

Irudia: Ben Smith / Creative Commons lizentziapean.
Irudia: Ben Smith / Creative Commons lizentziapean.

Esaterako, Laterality aldizkariak argitaratu duen artikulu batean, aditzera ematen da nahiko direla 100 milisegundo gure burmuinak gizaki baten harreman eta emozio ezaugarrien azalezko ikuspegi bat lortzeko. Ikerketa egin duten nazioarteko ikertzaile talde honek, emozio-adierazpenen prozesamenduaren oinarriak aztertu ditu eta hazpegiren keinu positibo eta negatiboen asimetria-eredua aztertu du.

Oso ondorioztapen garrantzitsua lortu da: adierazpen negatiboak edo uzkurtze-adierazpenak baino azkarrago eta zorrotzago antzematen dira adierazpen positiboak. Alegia, poza eta ustekabea azkarrago prozesatzen dira tristezia eta beldurra baino.

Beste alde batetik, ikerlari batzuk saiatu dira 45 minutuan gizakien emozio-egoera zehaztu dezakeen metodo bat garatzen. “Day Reconstruction Method” izena dauka metodoak, eta Ekonomiako Nobel Sariduna den Daniel Kahnemanek garatu du. Metodo horretan oinarrituta, ikertzaile espainiar batzuek 15 minutuko tartea behar zuen aldaera bat garatu zuten duela hainbat urte.

PLOS ONE aldizkarian aurkeztu den tresna berriak aukera ematen du gizakiek sentipen onak edo txarrak dituzten tarteak zenbatzeko egunean zehar. Halaber, metodoak ondo atzematen du zein diren jarduera atseginenak, eta zein desatseginenak.

Zer dela eta erabiltzen da hainbeste denbora eta dirua esparru honetan? Ez da bada jakin-mina hutsa, zeren eta test honek balio baitezake gizarteen aurrerapenak neurtzeko; era berean, elkarrekin erka litezke ongizatea eta osasuna bezalako aldagaiak. Horrek laguntza eman lezake hiritarren ongizate orokorraren hobekuntza-egitasmoak garatzeko.

Talde-animaliak garela eta, gure zoriontasunak zoriontasuna eragiten die gure ingurukoei, eta urrunago daudenei ere. Ikerketa batek 5.000 gizaki inguru aztertu zituen, 20 urtean zehar beraien zoriontasun-egoerari erreparatuz. Horrela, ondorioztatu zuten norbait zoriontsua denean zoriontasun hori ondo iristen zaiela lagunei ez ezik, lagunen lagunei eta lagunen lagunen lagunei ere.

Gainera, ikusi zen alderantziz ez dela gertatzen: tristezia ez da poza bezain bizkor transmititzen gizarte-sareetan zehar, hartzailez hartzaile. Horrela bada, erraz ondoriozta daiteke jendeaz inguratutakoek aukera gehiago dituztela zoriontsua sentitzeko.

Zer esanik ez, lengoaiaz ere mintzatu behar gara hemen, zeren eta bestekiko elkarrekintzarako tresnarik eraginkorrenetakoak baitira hizkuntzak. Zientzialari talde batek, 10.000 hitz bildu zituen elkarrengandik oso desberdinak diren hainbat hizkuntzatan: Mexikoko espainiera, frantsesa, alemana, Brasilgo portugesa, koreara, txinera, errusiera, indonesiera, eta arabiera. Jarraian, ama-hizkuntza modura horietako bat zuten hiztunak aukeratu zituzten. Hiztunei eskatu zitzaien hitzei 1etik 9rako puntuazio bat jartzeko, hitz bakoitzak hiztunari eragiten dion sentipen negatiboa edo positiboaren arabera. Horrela, ezbeharra, heriotza edo minbizia bezalako hitzek oso puntuazio txikia lortu behar zuten, eta puntuazio handia aldiz urtebetetze, bizitza edo ustekabe hitzek.

Niri bereziki atsegina egiten zait barre egiteak dopaminaren sintesia eragiten duela eta hori onuragarria dela jakitea. Izan ere, zoriontasunaren hormona da dopamina, eta zientzialariek uste dute egunean gutxienez 15 minutu egin beharko litzatekeela barre. Horrela, bizi-kalitatea ere hobetu daiteke.

Bide batez, esne ematen dugun denboraren %46,9an, egiten ari garen jardueratik kanpoko beste zerbaitez pentsatzen dugu, eta oro har, joan-etorri hauek ez dira oso atseginak gure burmuinarentzat, nonbait horrela “berak” jakintzat ematen baitu ez garela zoriontsuak. Beraz, adi ibili, eta barre gehiago egin.

Erreferentzia bibliografikoak

  • Torro-Alves, N.; Aznar-Casanova, J. A. y Fukusima, S.S. “Patterns of brain asymmetry in the perception of positive and negative facial expressions”.Laterality: Asymmetries of Body, Brain and Cognition, 14: 256 – 272, mayo de 2009
  • Miret M, Caballero FF, Mathur A, Naidoo N, Kowal P, Ayuso-Mateos JL, Chattterji S. (2012) ‘Validation of a Measure of Subjective Well-Being: An Abbreviated Version of the Day Reconstruction Method”. PLoS ONE 7(8):e43887. Doi:10.1371/journal.pone.004388
  • James H., Fowler y Nicholas A. Christakis. “Dynamic spread of happiness in a large social network: longitudinal analysis over 20 years in the Framingham Heart Study”.BMJ, 4 DIC 2008, publicaciónon line
  • Sheridan Dodds, P.,Clarck, E.M., Desu, S., Frank, M.R., Reagan, A.J., et al. (2015). “Human language reveals a university positivity bias”. PNAS, DOI: 10.1073/pnas.1411678112
  • M.A. Killingsworth; D. T. Gilbert. “A Wandering Mind Is an Unhappy Mind”.Science 330, 12 de noviembre de 2010

Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.