María Elena Bottazi, gutxi ikertu diren gaixotasunei aurre egiteko patenterik gabeko txertoak egiten dituen mikrobiologoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

María Elena Bottazi, gutxi ikertu diren gaixotasunei aurre egiteko patenterik gabeko txertoak egiten dituen mikrobiologoa

20 urte baino gehiago eman ditu artatu gabeko gaitz tropikalen esparruan ikertzen eta txertoak diseinatzen. Gaixotasun horiek gutxi aztertzen dira ikerketa zientifikoaren esparruan, hilkortasun tasa oso txikia izaten baita. Amerikako Estatu Batuetan kozuzentzen duen taldeak garatzen dituen teknologien patenteak libratzen ditu, baliabide gutxiagoko herrialdeetan eskura ditzaten. Izan ere, herrialde horietan bizi dira gaitz horien ondorioak gehien pairatzen dituzten pertsonak. Hau da María Elena Bottazziren historia, karrera osoa toki xumeetako haurren bizi kalitatea hobetzen eman duen mikrobiologo italiar-hondurastarra.

Zientzialaria Genovan (Italia) jaio zen 1966an. Zortzi urte zituela bere aitaren jaioterrira joan zen, Hondurasera, eta bertan igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Beranduago mikrobiologia eta kimika klinikoa ikasi zituen Hondurasko Unibertsitate Nazional Autonomoan.

Bottazzi
1. irudia: María Elena Bottazzi ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Ez zuen odol laborategiko analisien esparruan aritu nahi izan, bere ikaskide gehienak horretan arituko zirela zirudien arren. Bere irakasleetako batek zistizerkosiari lotutako epilepsia kasuak detektatzeko balio zuen teknika bat sortu zuen. Gaitz hori parasito zistizerkoek eragiten dute. Orduan deskubritu zuen nora bideratu nahi zuen bere karrera: diagnostikoak egiteko metodoak aztertu eta medikamentuak garatzera.

Amerikako Estatu Batuetara joan zen ikasten jarraitzera. Lehenik eta behin, Immunologia Molekularreko eta Patologia Esperimentaleko doktoregoa lortu zuen Floridako Unibertsitatean, Gainesvillen. Beranduago Biologia Zelularraren arloko doktorego osteko ikasketak egin zituen Miamiko Unibertsitatean eta Pennsylvaniako Unibertsitatean.

Ahaztuta dauden gaixotasunak ikertzeko arrazoia

Pennsylvanian zegoela, Botazzi Kudeatzailetza Maisutza batean izena eman zuen, eta ikasketa horietako irakasle gehienak herrialdeko industria farmazeutiko garrantzitsuenentzat lan egiten zuten. Une horretan bere bazkidea, Peter Hotez, ezagutu zuen. Hotez ikertzailea zen George Washington Unibertsitatean eta, aldi berean, Afrika, Asia eta Amerikako diru sarrera gutxiko tokietako artatu gabeko gaitz tropikalak kontrolatzeko sustatzaile nagusietako bat zen.

Gaitz arruntak dira, ez dira batere bereziak, baina mundu mailan milaka pertsonak pairatzen dituzte. Hilkortasun tasa txikia denez, ez dute ikerketa zientifikoaren arreta erakartzen; izan ere, ikerketa zientifikoak hilkortasun handia duten gaitzak aztertu ohi ditu.

Hilgarriak ez diren gaixotasun horiek nagusiki baliabide gutxiago dituzten pertsonei eragiten diete, eta egoera prekarioak edo desgaitasun egoerak sortzen dituzte. Horren ondorioz, kaltetuek ezin dute aurrera atera edo bere kabuz bizi.

Bottazzi oso sentikorra da gaitz horiek herrialde xumeetako biztanleei eragiten dizkieten ondorioekiko. Berak zuzenean ikusi ditu Hondurasen, non biztanleen % 65 baino gehiago pobrezian bizi den, infekzio tropikalek eragiten dituzten ondorioak.

Adibidez, badaki bere herrialdean eskolaurreko adina duten umeen % 50 ez dela ekonomikoki produktiboa izatera iristen, hesteetako parasitoekin infektatzen direlako, eta, hortaz, hazteko gaitasun txikiagoa izateaz gain, garapen kognitibo eta intelektualean ere kalteak izaten dituzte.

Denontzako txertoak

Bottazzi dekano elkartua da Medikuntza Tropikaleko Eskola Nazionalean, eta pediatriako irakaslea eta zuzendarikidea Houstongo Medikuntza Eskolan dagoen Texasko Haurren Ospitaleko Txertoak Egiteko Zentroan. Osasunaren arloan Botazziren ekarpena erabakigarria da, gaixotasun horiei aurre egiteko txerto irisgarri eta seguruak egiten dituen ikertalde bateko buru baita. Ikertuko ez balituzte, aztertu gabe jarraituko lukete eta mundu osoko milaka haurren bizi kalitatea hobetu gabe jarraituko luke.

Erabiltzen dituzten teknologiak ez dira garestiak, eta eraginkorrak izateaz gain, diru sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeetara transferitu daitezke, eta, noiz edo noiz eskualdean edo herrialdean ekoitzi ahalko lirateke.

COVID-19ari patenterik gabe aurre egitea

Gutxi ikertu diren gaitzen artean denbora luzez gaixotasun emergenteak eta berremergenteak egon ziren, pandemia mailakoak, hala nola koronabirusaren aldaera desberdinak. Hala ere, pandemiaren aurretik badaude ikerketa zientifikoen radarretik laster atera ziren eta, hortaz, inbertsiorik jaso ez zuten gaitzak, hala nola 2003an Asian egondako agerraldia (SARS, ingeleseko siglen arabera) edo 2012koa Ekialde Ertainean (MERS, ingeleseko siglen arabera).

Bottazziren taldea salbuespena izan zen: duela 15 urte baino gehiago birus horiei aurre egiteko txertoen prototipoak sortu zituzten, eta COVID-19aren pandemia iritsi zenean, proteina birkonbinatuak oinarri zituen euren berezko teknologia sortu zuten Indiako Biological E enpresarekin lankidetzan.

Bottazzi
2. irudia: María Elena Bottazzi eta Peter Hotez. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Horri esker, Corbevax sortu zen, mundu mailan teknologia irisgarria duen COVID-19aren aurkako lehenengo txertoa. Bottazzik eta bere taldeak patentea libratu zuten, edozein herrialdek mugarik gabe ekoitz zezan.

Prototipo hori prestatzeko prozesu guztiak argitaratu dira; izan ere, zientzialari hondurastarrak azpimarratu du bere asmoa ez dela aberastea, “txertoak eta horien prestakuntza hedatzea baizik, gaixotasunen karga murrizten laguntzeko eta sekuelak prebenitzeko”.

Corbevax txertoaren patentea libratzeari esker, baliabide gutxien dituzten herrialdeek, beharrezko teknologia eskura dutenez, COVID-19aren aurkako txertoak izan ditzakete. Izan ere, gaitz horrek oraindik ere kaltebereenak kaltetzen dituzte, hala nola adinekoak eta gaixotasun kronikoak dituzten edo immunoezabatutako pertsonak.

Ekimen horren ondorioz, 2022an Bottazzi eta bere kidea Bakearen Nobel Sarirako proposatu zituzten.

Bizi kalitate hobea

Ekipoak beste proiektu batzuk garatu ditu, hala nola ankilostomia hesteetako parasitoaren aurkako txertoa, eskistosomiasiaren aurkakoa eta Chagas-en gaixotasunaren aurkakoa. Halaber, koronabirus infekzioen aurkako txertoak diseinatu dituzte, aurretik aipatu ditugun SARS eta MERS gaixotasunen aurkakoak barne.

Botazzi eta bere lantaldeak erakusten digute zientzia pertsonen bizi kalitatea hobetuko duen berdintasunerako tresna izan daitekeela eta izan behar duela. Haiek egindako lanak etorkizuneko zientzialarien belaunaldiak inspiratu egiten ditu guztiontzako konponbide irisgarriak sortzeko; bereziki gutxiago duten eta gehien behar dutenen kasuan.

Iturriak:


Egileaz:

Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko ekainaren 4an: “María Elena Bottazi, la microbióloga que desarrolla vacunas sin patentes para enfermedades poco estudiadas“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.