Anna Laromaine: «Gure materialetakoren batek azkenean merkatuan aplikazioren bat izatea nahiko nuke»
Anna Laromaine Sagué kimikan doktorea da Bartzelonako Universitat Autònoman eta nazioarteko esperientzia zientifiko zabala du. 2011z geroztik Institut de Ciència de Materials de Barcelona (ICMAB-CSIC) erakundean ari da lanean ikertzaile gisa, nanopartikulen eta nanokonposatuen taldean.
Diziplinarteko lana egiten du eta kimika, materialen zientzia eta biologia lantzen ditu. Gaur egun egiten ari den ikerketaren muina hau da: 1) zelulosa bakterianoa eta horren nanokonposatuak dituzten materialak ekoiztea eta 2) nanopartikulak ebaluatzea ikuspegi bat baino gehiago erabiliz, hala nola zelulen kultiboak eta caenorhabditis elegans nematoda.
Aintzatespenen artean ikerketa beka bat nabarmentzen da, emakumeak zientzian L’Oreal-UNESCO sarien XI. edizioan (2016) emandakoa. Dibulgazioko eta transferentzia teknologikoko hainbat jardueratan hartzen du parte.

Zein da zure ikerketa arloa?
Bionanomaterialak ikertzen ditut. Biomaterial aktiboak garatzen ditugu, medikuntzan aplikazio efikazak eta seguruak izateko, translazio errazagoa izateko eragin sozial eta ekonomiko txikienarekin. Denetik egiten dugu: materialen diseinua, horien sintesia eta karakterizazio fisiko-kimikoa, eta saio biologikoak zelulekin, 3D aldamioetako zelulekin eta c. elegans harreko zelulekin.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Jakin-minagatik, irtenbideak eskaintzeko lehenengo urrats gisa ulertu ahal izateko; naturatik ikasten saiatzen naiz, haren estrategiak eta ezaugarriak mimetizatzen saiatzen naiz gure biomaterialetan.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Cassà de la Selvako institutuko nire kimika irakasleak erakutsi zidan kimika dibertigarria zela; berak oso ongi pasatzen zuen klasean edo hori ematen zuen behintzat. Zalantzak nituen, hainbat aukera nituen buruan eta denak ez ziren zientifikoak, baina kimika aukeratu nuen azkenean, dibertitu ahal izateko. Nire etapa profesionalean, doktoregoa egiten hasi nintzenean, nire tesiaren zuzendaria, Clara Viñas irakaslea, erreferente handia izan zen bere ahaleginagatik, motibazioagatik eta ikerketarako zuen dedikazioagatik. Gaur egun, emeritua den arren, oso aktibo jarraitzen du.
Gaur egun, berriz, Anna Roig irakaslea, gure taldeko burua, da nire erreferentzia. Gauzak egiten daki, enpatia du, askatasuna ematen dizu eta taldeko lana sustatzen du, eta horri guztiari esker taldeak oso ongi funtzionatzen du eta lanerako giro paregabea dugu. Egunero ikasten dut zerbait!
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Gure materialetakoren batek eta horien balizko ezarpenek azkenean merkatuan aplikazioren bat izatea nahiko nuke: gure ikerketan oinarritutako merkataritza-produktu bat?
Baina gure ikerketak zenbait arlotan aurkezten ere ibiltzen naiz eta dibulgazioko jardueretan parte hartzen dut, bokazioa pizteko jardueretan; ongi pasatzen dut eta motibatu egiten naute. Txundituta gelditzen naiz neskatoren bat eraldaketa kimikoren batez ohartzen denean edo, esaterako, zuhaitz baten hostoa mikroskopioan ikusi eta harri eta zur gelditzen direnean. Ikuspegi zientifikotik naturarekin txunditzeko aukera emateak motibatzen nau. Zientzialari ezin direla izan uste duten neskatoen ehunekoa murrizten laguntzen dudala pentsatzea gustatzen zait.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Niretzat erresilientzia oso garrantzitsua da. Bidea ez da erraza: gorabeherak eta bihurguneak daude. Moldakorra izatea garrantzitsua da hori jasan ahal izateko. Balantzaren beste aldean oso gauza onak daude: bidaiatzea, lagunak, kulturaniztasuna, askatasuna, zeure burua aseta sentitzea. Uste dut oso garrantzitsua dela etapa guztietan gozatzea, bizitza oso laburra baita eta ezin gara mugitu soilik anbizio handiegiko nahiak edo lortu ezin direnak gogoan izanda, eguneroko gauza txikiek ere motibatu behar gaituzte.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 28an: “Anna Laromaine: «Me gustaría que alguno de nuestros materiales llegase a una aplicación final en el mercado»“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.