Zonbiak, nematodoak eta sakabanatze estrategiak
Ez naiz zonbien filmen zale handia[1], baina aitortzen dut Guerra Mundial Z (2013) filmak ikusizko efektu deigarriak zituela. Azpigenero horretan ohikoa den moduan, tramako heroiek zonbiak planetan sakabanatzea ekidin behar dute, horrek ondorio larriak izango bailituzke hildako bizidun bihurtu gabeko gizakientzat. Filman arreta ematen zuen gaietako bat zen zonbiek beren aurrerapenari jarritako oztopoak gainditzeko garatu zuten estrategia. Bata bestearen gainean jartzen ziren giza dorreak (edo, hobe esanda, gizagabeak) sortzeko. Horrela, hormarik altuenak gainditu eta hegan zegoen helikoptero bat ere erasotzen zuten, sakabanatzeko ibilgailu gisa erabiliz (1. irudia).

Eta sarrera hori egin dut duela gutxi Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batean frogatu delako sakabanatzeko estrategia hori bera erabiltzen dutela har nematodo ñimiñoek, jarraian deskribatuko dugun moduan.
Baliteke nematodoak izatea naturan ugariena den animalia taldea banakoen kopuruari dagokionez. 2019an argitaratutako ikerketa batean zenbatetsi zen lurrazalean 4.4 × 1020 nematodo daudela. Hau da, giza biomasa osoaren % 80 inguru. Kontuan izan behar da lurreko nematodoak espezie ezagunen laurden bat besterik ez direla. Izan ere, beste % 25 bat landare edo animalien parasitoak dira, eta espezieen erdia ozeanoan bizi da.
Nematodoak ugariak eta ugalkorrak dira, baina beren tamaina txikia eta mugikortasun mugatua arazo bihurtzen dira tokiko baliabideak agortzen badituzte. Hori dela eta, sakabanatzeko estrategiak garatu behar dituzte elikadura iturri berriak aurkitzeko. Aztergai dugun ikerketan, Konstantzako Unibertsitateko (Alemania) eta Animalien Portaerarako Max-Planck Institutuko talde batek eginikoan, frogatu da estrategia horietako bat dela “superorganismo” bat sortzea.
Superorganismoak ez dira ezohikoak. Dyctiostelium ameba sozialak gai dira elkartu eta milaka banakok eratutako har faltsu moduko bat sortzeko. Har hori substratura atxiki, fruitu eman eta ingurumen baldintza gogorren aurrean erresistituko duten esporak sortzen ditu. Animalien artean zailagoa da adibideak aurkitzea, baina Brasilgo su-inurriak (Solenopsis) milaka banakotan elkartu eta baltsak eratzen dituzte uholdeetan bizirik ateratzeko.
Current Biologyko aldizkariak deskribatzen du ehunka edo milaka harrek eratutako dorreen sorkuntza. Caenorhabditis generoko nematodoen hainbat espezietan ikusi da portaera hori, baina dorre bakoitzean espezie bereko nematodoak besterik ez daude. Hauek izan ziren dorreen sorkuntza eragiteko eskakizunak: nutrienteen eskasia, banakoen dentsitate handia eta babes egituraren bat. Harren dorreak kulunkatu egiten dira ingurunea esploratzeko, gai dira etenak gainditzeko eta kontaktuari atxikitzen dira. Bideo honetan ikus dezakegu:
Horrela, intsektuetara atxiki daitezke eta garraiatzaile gisa erabiltzen dituzte foresi izeneko prozesu batean (garraioa organismo bektoreari kalterik eragin gabe, erromeroen eta akaro askoren kasuan bezala) (2. irudia).

Caenorhabditis elegans nematodoak, laborategian maiz erabiltzen den animalia ereduak, dorreak sortzen ditu ere bai kultibo plaketan; eta, horri esker, fenomenoa ikertu ahal izan da esperimentalki. Kultiboan hortzetako eskuila baten zurda bat jartzen denean, bi ordutik beherako epean eta esperimentuen % 90ean, harrek 11 mm-ra arteko garaiera duen dorre bat eratzen dute (C. elegansen luzera baino hamar aldiz handiagoa). Babes egiturarik ez zegoenean, dorreak noizean behinka sortu ziren, eta garaiera txikiagoa izan zuten (2-5 mm). Gailurretik dozenaka harrez sortutako esplorazio besoak luzatzen dira, bideo ikusgarri honetan ikus dezakegun moduan:
Ikerketak egiaztatu zuen, halaber, ingurunean espezie ezberdinak bazeuden ere, dorreak beti eratzen zirela espezie bereko banakoekin. Dorreak garapen egoera ezberdineko banakoekin era zitezkeen, baina ingurune naturaletan lortutakoak dauer larbek (erresistentzia mota bat) eratzen zituzten nagusiki. Beste alde batetik, ez zen inolako hautaketarik detektatu: dorreen gailurreko harrak oinarrikoak bezain ugalkorrak eta mugikorrak ziren.
Ikerketan deigarria da nematodo horiek portaera autonomoari uko egiteko eta portaera kolektibo bati heltzeko duten gaitasuna. Portaera horrek populazioaren zati bati ekartzen dio onura (sakabanatzen denari, alegia), baina bestearen kontura (ingurune gainustiatuan geratzen direnak). Espeziearen interesak gailentzen dira, beraz, banakoen interesen aurrean.
Oharra:
[1] Salbuespen bat egin behar dut: Yo anduve con un zombie, Jacques Tourneurrena (1943), film bikaina da.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pérez, Daniela M.; Greenway, Ryam; Stier, Thomas; (2025). Towering behavior and collective dispersal in Caenorhabditis nematodes. Curr Biol, 35, 12. DOI: 10.1016/j.cub.2025.05.026.
Egileaz:
Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 30ean: “Zombis, nematodos y estrategias de dispersión“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.