Pía Cortés Zuleta: «Masa gutxiko exoplanetak hautemateko teknika berriak garatzen egiten dut lan»
Pía Cortés Zuleta Txileko astrofisikari bat da. Gaur egun, doktoratu ondoko ikertzailea da St Andrews Unibertsitatean (Eskozia). Astrofisikako doktoregoa lortu zuen Aix-Marseille Unibertsitatean (Frantzia), eta Astronomiako masterra eta lizentziatura Txileko Unibertsitatean. Bere ikerketa arloa masa gutxiko exoplanetak hautemateko teknikak garatzea eta hobetzea da, eta, horretarako, batez ere, machine learning metodoa erabiltzen du. Hogeita hamar exoplaneta baino gehiagoren aurkikuntzan hartu du parte, eta Gl725 A b exoplanetaren aurkikuntzaren buru izan zen, gure plantetatik hurbilen dagoen superlurretako bat. 2025ean, L’Oréal-UNESCO For Women in Science UK-Ireland Young Talent saria jaso zuen, bere ibilbidearen eta ikerketaren potentzialaren aitorpen gisa.

Zein da zure ikerketa arloa?
Astrofisikaria naiz, eta nire ikerketa arloa exoplanetak dira. Exoplanetak Eguzkia ez diren beste izan batzuk orbitatzen dituzten planetak dira. Masa gutxiko exoplanetak hautemateko teknika berriak garatzen egiten dut lan, eta, horretarako, machine learning metodoa erabiltzen dut.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Txileko iparraldean hazi nintzen, eta, han, zerua ezin hobea da Unibertsoa behatzeko. Txiki-txikitatik ulertu nahi izan nuen gaueko zeru zoragarri horretan ikusten nuena. Gainera, beti interesatu izan zaizkit matematika eta fisika; beraz, astronomia nire lan bihurtzea prozesu naturala izan zen.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Nire lehenengo erreferenteak Txileko José Maza eta María Teresa Ruiz astronomoak izan ziren, zeinek astronomiaren inguruko hainbat dibulgazio liburu idatzi baitituzte. Gurasoek haien liburuak oparitu zizkidaten oraindik eskolan nengoenean, eta, ondoren, unibertsitatean, aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen. Aurrerago, doktoregoa egiten ari nintzela, Isabelle Boisse, nire tesiaren gainbegiralea, izan zen nire erreferente nagusia.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Ulertu nahi nuke bizia hartzeko baldintzak izan ditzaketen planetak (gure Lurra bezala) ohikoak diren ala ez Unibertsoan. Gaur gaurkoz, oso zaila da masa gutxiko exoplanetak, gure Lurraren antzekoak, aurkitzea, oso txikiak baitira. Oraindik ez dugu aurkitu, Lurrak bezala, ziur bizia hartzeko baldintzak dituen exoplanetarik, baina lanean ari gara hautemate teknikak hobetzeko.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Nire aholku nagusia da ez dela izan behar ez jenioa ez supergaitua, baina, bai, saiatua. Zientzialari izateko bidea luzea da eta ez da erraza: asko ikasi behar da eta sakrifizioak egin behar dira. Oso normala da zerbait ez ulertzea eta galdera asko izatea, eta prozesuaren parte da huts egitea. Garrantzitsuena da gure gaitasunak areagotzea, aukerak bilatzea eta aurrera egitea.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko maiatzaren 23an: Pía Cortés Zuleta: «Trabajo desarrollando nuevas técnicas de detección de exoplanetas de baja masa».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.