Nazioartean onartutako Lurraren 2 °C-ko igoera uste baino arriskutsuagoa da
Pasatu dira jada hainbat hamarkada mundu osoko estatuek Lurraren tenperatura globalaren igoera mugatzeko beharra ikusi zutenetik. Harrezkero, nazioarteko komunitateak hainbat neurri ezarri ditu garapen ekonomiko jasangarriagoa lortzeko helburuarekin. Orain, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batek erakusten du, agian, hazkundearen eta jasangarritasunaren arteko oreka bilatzeko asmoz ezarritako neurriak ez direla hain eraginkorrak klima-aldaketaren inpaktuak murrizteko. Izan ere, 2 °C-ko tenperatura-igoerak eragin bortitzak izan ditzake komunitate zaurgarrietan.
10 urte baino gehiago igaro dira Parisen sinatutako akordio internazionalean Lurraren tenperaturaren igoera 2°C-ra mugatu zenetik. Orduan eta gaur egun, klima-aldaketari buruzko gobernu anitzeko taldeak (IPCC) aldarrikatzen duen bezala, egoera txarrenak 3-4°C-ko igoerarekin eszenifikatzen dira. Eredu horiek garatzeko, simulazio ugariren konbinazioak edo sentsibilitate handiko modelo klimatikoak erabiltzen dira.
Hala ere, inpaktu klimatikoak zehazterako orduan, ziurgabetasun handia erakusten dute eszenatoki horiek. Izan ere, egun erabiltzen diren eredu eta modelo klimatikoek eskala ezberdinetako klima-aldakortasunaren desberdintasunak jasotzen dituzte. Horren ondorioz, muturreko berotze globalak (+3-4°C) eragindako klima-arriskuak aztertzeko eta jakinarazteko erreminta horiek erabiltzeak estali egin ditzake berotze-maila askoz apalagoek (+2 °C) sektore espezifikoetan izan ditzaketen eraginak.

Hori da orain Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batek azpimarratzen duena. Hau da, nahiz eta Parisko hitzarmenean erabakitako helburuak bete, klima-aldaketarekiko sentikorragoak diren sektore globalek inpaktu handia jasan dezakete baita berotze-maila ertainetan ere.
Ikuspegi berritzailea
Tenperatura-igoera jakin batek, nahiz eta txikia izan, eragin ezberdinak izango ditu eskualde ezberdinetan, eta hori aztertzeko modelo klimatiko ezberdinen konbinazioak erabili zituzten ikertzaileek. Gainera, erabilitako modelo guztiak IPCCak ere erabiltzen ditu; baina, kasu honetan, ikertaldeak gertaera klimatiko bortitzenak sektore zaurgarrienekin korrelazionatu zituen. Adibidez, honako hauek aztertu zituzten: euri-jasa handiak populazio-dentsitate handiko eskualdeetan, lehorteak munduko nekazaritza-eskualde nagusietan, eta basoetako suteetarako baldintza klimatiko egokiak.
Klima-aldaketaren inguruan egiten diren arrisku-ebaluazioak, oro har, azterketa globaletan edo nazio espezifikoetan oinarritzen dira. Jakob Zscheischler artikuluaren egileak adierazten duenez, «Eskualde zehatzetako klima-ereduek korrelazio handia izateko joera dute; eskualde zabaletakoek, berriz, korrelazio falta handiak izaten dituzte. Horrek zaildu egiten du arrisku globalak aurreikustea, ziurgabetasun lokaleko estimazioetatik abiatuta». Orain argitaratutako ikuspegi berri horrek ondorio argia azaleratu zuen: kasu batzuetan, tenperaturen igoera apalenak (2 °C) eragin bortitzagoak ditu zaurgarriak diren sektore jakinetan eta eskualde zehatzetan.
Elikagaien segurtasuna, populazio handiko eskualdeak eta baso-suteak
Lortutako emaitzek bereziki nabarmentzen dute tenperatura globalaren igoera ertainak elikagaien segurtasuna mehatxatzen duela. Izan ere, ikerketak arreta jartzen du artoaren, gariaren, sojaren eta arrozaren munduko ekoizpenaren zati handiena egiten den eskualdeetan. Arlo horretan, eredu klimatikoek alde handiak erakusten dituzte. Aztertutako 40 modeloetatik 10ek erakusten dute 2 °C-ko berotzearekin lehorteen maiztasuna nabarmen handitzen dela 4 °C-ko berotzearekin alderatuta. Beraz, modelo globalek gutxietsi egiten dute mundu mailan garrantzi handiena duten eskualde ekoizleetan lehorteak gertatzeko arriskuaren hazkuntza, eta horrek ondorio larriak izan ditzake elikagaien hornikuntza-kateetan eta nazioarteko merkatuetan.
Horrez gain, ikerketa-ikuspegi berritzaile horrek erakusten du 2 ºC-ko igoerarekin populazio-dentsitate handiko eskualdeetan euri-jasa handien eta baso-eremuetan muturreko suteen maiztasuna handitu egiten dela, 3 ºC-ko berotzearekin hautemandako batez besteko aldaketak gainditzen dituzten joera klimatikoak agerian utziz. Hori dela eta, ikertzaileek muturreko fenomeno klimatiko horien ondorioak xehetasun handiagoz aztertzeko beharra azpimarratzen dute.
Batezbestekoen trikimailua
Askotan, klima-aldaketaren etorkizuneko eszenatoki ezberdinetako aldaketak klimaren gorabeherekin lotzen dira. Hala ere, errealitatean, fluktuazio klimatikoetan baino gehiago modeloen aldakortasunean dago arazoa. Izan ere, «askotan eredu klimatikoen proiekzioak zalantzazkoak direnez, ereduen batezbestekoetan jartzen da arreta, eta gutxietsi egiten dira muturreko inpaktu klimatikoak, baita 2 °C-ko berotze globalarekin ere. Ereduen batezbestekoekiko menpekotasun horrek berotze global moderatu batekiko segurtasun-sentsazio faltsua eragin dezake», dio Emanuele Bevacqua-k, artikuluaren lehen autoreak.
Beraz, berotze global moderatuak ez du inpaktu moderaturik bermatzen; baina artikuluaren egileek, interpretazio okerren aurka, honako hau ohartarazi dute: «gure emaitzek ez dute esan nahi 2 °C-ko berotze globala askoz berotze handiagoa bezain larria izango litzatekeenik, oro har. Aitzitik, erakusten dute muturreko inpaktuak gerta daitezkeela bereziki kalteberak diren edo sozialki garrantzitsuak diren sektoreetan, baita 2 ºC-ko beroketa moderatuarekin ere».
Amaitzeko, ikertzaileek emaitzak klima-arriskuen ebaluazioan eta klima-aldaketara egokitzeko neurrien plangintzan sartzeko beharra aldarrikatzen dute. Izan ere, lortutako emaitzek nabarmen erakusten dute premiazkoa dela klima arintzeko asmo handiko neurriak hartzea berotze globala 2 ºC azpitik egotera mugatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bevacqua, Emanuele; Fischer, Erich; Sillmann, Jana; Zscheischler, Jakob (2026). Moderate global warming does not rule out extreme global climate outcomes. Nature, 651, 946–953. DOI: 10.1038/s41586-026-10237-9
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.