Valeria de Paiva, semantika eta informatikaren artean zubiak eraikitzen dituen matematikaria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Valeria de Paiva, semantika eta informatikaren artean zubiak eraikitzen dituen matematikaria

Bizitza matematikaren ikuspegitik ulertzea maite du. Uste du jakin-mina eta dibertsioa ezinbestekoak direla ikerketan eta zientzialari bati gertatu ahal zaion gauzarik onena dela bere esperimentuek errealitatean eragina izatea. Valeria de Paiva (1959) matematikari, logikari eta informatikari brasildarra da eta bere lan eremuak programazio funtzionala eta informatikari aplikatutako hizkuntza naturalaren semantika dira. Hizkuntzalaritzako eta adimen artifizialeko (AA) ingeniaritzako adituen arteko sareak garatu ditu.

Eta zientziari eginiko ekarpenez gain, Women in Logic (WiL) kolektiboaren zuzendaritza batzordeko kide aktiboa eta kolektiboaren sustatzaileetako bat ere bada. Kolektibo horretan gai logikoak lantzen dituzten emakumeak biltzen dira, konputazioaren zientzietatik filosofiara. Foroak adar horretako emakumezkoen lorpenak ikusarazten ditu, eta STEM diziplinak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ikasten dituzten neskato eta emakume gazteen kopurua areagotu nahi du.

de Paiva
1. irudia: Valeria de Paiva ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Brasiletik nazioarteko akademiara

De Paiva 1959ko ekainaren 13an jaio zen Rio de Janeiron, Brasilen. Hasteko, Matematikako lizentzia ikasi zuen eta 1982an eskuratu zuen; eta 1984an, Aljebra hutseko maisutza amaitu zuen. Ondoren, Erresuma Batura lekualdatu zen, eta 1988an doktoregoa amaitu zuen Cambridgeko Unibertsitatean. Espazioen dialektikari buruzko tesia defendatu zuen, logika linealeko ereduak eraikitzeko modu kategorikoa dena.

Ohorezko ikertzailea izan da Birminghameko (Ingalaterra) Unibertsitatean Konputazioaren Zientzietan.

Gaztetatik orientatu zituen bere jarduera akademikoak eta ikerketakoak konputazioaren ikuspegi logikoak ikertzera, bereiziki hauek erabilita: kategorien teoria, ezagutzaren adierazpidea eta hizkuntza naturalaren semantika, bai eta programazio funtzionala, funtzioetan kontzentratua, eta tipoen teoria ere.

Logika linealaren kategorien ereduen ikerketan nabarmendu da, eta emaitza harrigarriak lortu ditu programazio lengoaien agindu ezaugarriei dagokionez, bereziki ML lengoaian. Azken hori programazio lengoaia funtzionala da, xede orokorrekoa, eta, bere garaian, informatika errotik aldatu zuen. Robin Milnerrek garatu zuen 1970eko hamarkadan, Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia).

Ikerketa eta industria uztartzeko erronka

Brasilgo zientzialariaren profilean nabarmentzen den ezaugarrietako bat da jakin izan duela bere ikasketa akademikoak industriako esperientziekin konbinatzen. Kontzeptu abstraktuak aplikatzea lortu zuen, hala nola kategorien teoria, enpresa ingurune batean. Hala ere, berak bermatzen du zeregin horretan zortea izan zuela lagun, matematikek mota guztietako problemak ebazteko ahalmena dutela uste duten zuzendari korporatiboak aurkitu zituelako.

De Paivak zortzi urtez lan egin zuen PARCentzat (Palo Alto Research Center) Kalifornian (Estatu Batuak). Aurrerago, nazioarteko informatikaren esparruko enpresa ezagunetarako egin zuen lan, adibidez, Cuilentzat; bilatzaile hastapen horretan aritu zen lanean 2008 eta 2010 bitartean.

de Paiva
2. irudia: Valeria de Paiva ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Ondoren Nuancen hasi zen, Estatu Batuetako teknologia informatikoaren esparruko multinazional batean, non eskaner eta ahotseko aplikazioak garatzen dituzten. Han aritu zen lanean 2012 eta 2018 artean, hizkuntza naturaleko ikertzaile nagusi gisa, eta hizkuntzalaritzako eta adimen artifizialeko ingeniaritzako adituen arteko zubiak eraiki zituen.

Gaur egun, zientzialariak Topos Institutuan lan egiten du; irabazi asmorik gabeko ikerketa organismo bat da eta Berkeleyn dago (Estatu Batuak). Hauek dira bere espezializazioak han: hizkuntza naturalaren prozesamendua, inferentzia logikoa eta AAra aplikatutako semantika mota guztiak.

Aktiboki parte hartu du egungo softwarea eta adimen artifiziala garatzen. Ildo horretan, hau uste du:

Kategorien teoriak balio du kontzeptuak sinplifikatu eta antolatzeko; desordena ikusten laguntzen du, bai eta hori nola ezabatu ulertzen ere. Erabilgarria izan behar luke software ingeniaritzarako, baina baita, oro har, konputazio teorikoko zientzia guztirako ere.

Bere iritziz, konputazioaren zientziak XXI. mendeko matematikarako dira bere garaian fisika XX. mendeko matematikarako izan zena. “Jolasgune zoragarria da, ebazteke dauden problema handiz eta txikiz betea”; hala definitzen du.

Emakume gehiago logikaren munduan

De Paivak aktiboki militatzen du STEM diziplinetan lan egiten duten emakumeei ikusgarritasuna emateko. WiLeko staff iraunkorraren parte da; espazio horrek matematikan lan egiten dutenak, AArekin lankidetzan ari direnak eta hizkuntzaren ikuspegi logikoetan zentratzen direnak barne hartzen ditu. Gainera, Women in Logic workshopetako aitzindaria da eta horiek antolatzen lagundu du. Aurreko urtekoa bederatzigarren edizioa izango zen, Birminghamen. Eta aurten Lisboan.

Ikertzaileak mantendu eta elikatzen ditu edukiz foroaren webgunea, Facebookeko taldea eta bloga. Horrez gain, ACM-W beka programan laguntzen du, zeinaren bidez laguntza ekonomikoak ematen zaizkien karrera informatikoak ikasten ari diren emakumeei.

Bere ustez, emakumeen egoera zientzian ez da hobetu behar zuena bezain arin, STEMen sexismoa “sistemikoa eta errotutakoa” da, eta “gizonei nahiz emakumeei eragiten” die.

Jakin badaki WiLenak bezalako ekintza txikiekin soilik ez dituztela oztopoak eraitsiko, baina borroka egiten du pixka bat bada ere laguntzeko ikerketan, berrikuntzan eta informatikaren industrian nekez lan egiten duten emakumezko zientzialariei ikusgarritasuna emateko.

Iturriak:


Egileaz:

Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko uztailaren 30ean: “Valeria de Paiva, la matemática que tiende puentes entre la semántica y la informática”.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.