Jean Sammet (1928-2017): programazioaren lengoaiak argitu zizkigun emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Gizakiak ulertzea zinez da gaitza, bada, pentsa zelakoa litzatekeen makina batekin ongi moldatzea, berauek ulertu eta entzutea. Are gehiago, haientzako adierazpide erabilgarri eta fidagarriak sortzea; halaber, gainerako ezjakinei makina jakin horiek nola funtzionatzen duten azaltzea. Jean Sammet informatikariak ez zuen hori sekula imajinatu behar izan.

1. irudia: Jean Sammet informatikaria aitzindaria izan zen konputazio lengoaien alorrean. (Argazkia: SDTimes)

Batzuek akaso, programazioa, alor gisa alegia, kaotiko eta nahasi samar ikusiko dute; miopiadun batek betaurrekoak kentzean sentituko lukeen sentsazioa bailitzan. Ez zitzaion, alabaina, estatubatuar informatikariari horixe gertatu, hark zenbakiak maite zituen eta. Agian, gainerakoak horrenbeste harritzen dituen horrek gidatuta aukeratu zuen Matematika, eta helburu bakarra izan zuen: jende guztiak gai izan beharko luke ordenagailu batekin komunikatzeko.

COBOL (COmmon Business Oriented Language) eta FORMAC (FORmula MAnipulation Compiler) programazio-lengoaiak diseinatu eta garatzeagatik bilakatu zen Sammet aitzindari arlo konputazionalean. Halaber, ACM (Association for Computing Machinery) elkarteko fundatzailea eta lehenengo zuzendaria izan zen.

Uko egitetik lilurara

Jean Sammet 1928an jaio zen New Yorken. Bere gurasoak, Harry eta Ruth Sammet, abokatuak ziren. Euren alabaren nahia Bronx High School of Science-n ikastea zen, hiriko eskola ospetsuenetarikoan, alegia, baina ez zuten onartu emakumea izateagatik. Hortaz, Julia Richman High School ikastetxean eman zuen izena. Horren ondotik, Matematikako gradua ikasi zuen Mount Holyoke Unibertsitatean. 1948an, titulua lortzeaz gain, arlo horretako klaseak eman zituen laguntzaile gisa. Urtebete geroago, matematikako masterra egin zuen Illinoisko Unibertsitatean.

Ordenagailuen munduak ez zuen batere erakartzen hasieran, alor horri uko egitetik oso gertu zegoen, baina ikasketa akademiko gisa ezarri zutenean, iritziz aldatu zuen. Izan ere, Jeanek 2000. urteko elkarrizketa batean azpimarratu zuen moduan, ordenagailu bat ikusten zuen bakoitzean pentsatzen zuen ez zuela “hardware-pieza lizun horrekin” zerikusirik izan nahi. Batzuetan, norberaren uste osoa zalantzan jarri, eta hasieran pentsatzen zenuenaren kontrakoa egin behar da. Hori dibertigarriagoa da.

1951n, Metropolitan Life Insurance enpresan hasi zen lanean. Urtebete baino ez zuen eman bertan, irakasle izatea nahiago baitzuen. Hala, irakaskuntzan murgildu zen, eta Columbiako Unibertsitatean eman zituen klaseak. Bere programatzaile-lanari dagokionez, esan beharra dago hiru espaziotan garatu zuela. Lehenik, 1955ean, Sperry Gyroscope enpresan hasi zen, eta programatzaileen lehen taldea ikuskatu zuen bertan. Edonola ere, ez zuen alboratu irakasle-lana, horrek ere asebetetzen baitzuen. Modu honetan, 1956 eta 1958 bitartean, Adelphi Unibertsitateko graduondoko batean, Ordenagailuen programazioa ikasgaiaz arduratu zen.

2. irudia: Jean Sammet informatikaria, 1979. urtean hitzaldi bat eman aurretik Marylandeko Unibertsitatean. (Argazkia: Nytimes.com / Ben Shneiderman)

Bigarrenik, Sylvania Electric Products enpresan kontratatu zuten eta 1961era arte iraun zuen bertan. Hasieran, oinarrizkoak ziren lanak egin zituen, adibidez, MOBIDIC (MOBIle DIgital Computer) ordenagailuaren softwarearen garapena kudeatu zuen. Ordenagailu hori AEBtako Seinaleen Armada-gorputzarentzat eraiki zuten. Oro har, enpresa hartan, matematikariak postu ugari izan zituen; aipagarriena da COBOL programazio-lengoaia garatu zuen taldeko kide izan zela. Mundu guztiak bere ordenagailuan erabil zezakeen lengoaia zen COBOL, baina, kontuan hartu behar da sistema hori negozio kontuetarako bideratuta zegoela batez ere. Sammetek hobekuntzak egin zituen, unibertsalagoa bihurtu zuen sistema, gainontzeko arloetan ere erabili ahal izateko, hala nola, bankuetan eta osasunean.

Azkenik, 1961ean, IBM taldean hasi zen lanean; bertan, Bostoneko Programazio Zentroa kudeatzea eta antolatzea izan zuen helburu. Kalkulu sinbolikorako erabili zen lehenengo lengoaia eta programazio-sistemaren (FORMAC) garapena zuzendu zituen. Horretaz gain, programazio-lengoaiaren teknologiako gerente bilakatu zen Sammet 1965ean, aipaturiko enpresako sistema-garapenen departamentuan. Geroago, ADA programazio-lengoaia sortzeko proiektua zuzendu zuen.

Eskuliburu bat eta goraipamen ugari

Urteetan zehar egindako lan eta ezagutza guztiak Programming Languages: History and Fundamentals liburuan (1969) bildu zituen, programazio-lengoaien inguruan idatzitako oinarrizko eskuliburuan. Argitalpenaz gain, ugariak izan ziren jaso zituen goraipamenak programazio alorrean egindako lanagatik. 1974an, ACMren (Association for Computing Machinery) lehendakari izateko hautatu zuten (bi urte igaro zituen karguan). Horretaz gain, 1978an, SIGPLAN izeneko elkartea zuzendu zuen, ACMren barruan zegoen erakundea, hain zuzen ere.

1977an, Konputazioaren Historiaren batzordea antolatu zuen American Federation of Information Processing Societies (AFIPS) izeneko elkarterako. Gainera, Sammet bertako zuzendaria izan zen. Halaber, Estatu Batuetako Ingeniaritza Akademiako kide izendatu zuten. Urtebete geroago, honoris causa doktoretza eman zioten Mount Holyoke Unibertsitatean. Horretaz gain, Bostoneko Ordenagailuaren Museoko Administrazio Kontseiluko kide bilakatu zen.

1988an erretiroa hartu eta gutxira, Ada Lovelace Saria jaso zuen, Konputazio alorrean lan egiten duten Emakumeen Elkartearen eskutik. Aipaturiko sari eta errekonozimendu askok ziurtatzen dute Sammetek egindako lan aitzindaria, bera izan baitzen programazio-lengoaien munduan bide-urratzaileetako bat. Sariei dagokienez, nabarmentzekoak dira, alde batetik, IEEE Institutuak (Institute of Electrical and Electronics Engineers) 2009. urtean eman zion saria, eta bestetik, 2013an National Center for Women & Information Technologyren (NCWIT) eskutik jaso zuena.

Badira euren lanaren bitartez besteon bizitza erraztea lortzen duten pertsonak. Sammet izango genuke horren adibide. Haren lanak eta programazio-lengoaien erabilerak erraztu egin zuten gizakien eta makinen arteko harremana; bat-batean, ordenagailuak lan batzuk egiteko tresna eraginkorrak bihurtu ziren. Hiru urte pasa dira ikertzaile estatubatuarra hil zenetik, baina bere ondareak bizirik dirau. 50eko hamarkadan fikzioa zirudien erronka gainditzea lortu zuen.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.