Candida-ren aurkako txertaketa estrategien erronkak eta aurrerapenak
Gaur egun, onddoek eragindako infekzioak gero eta arazo handiagoa dira osasun publikoarentzat. Milioika onddo-espezie existitzen diren arren, 300 inguru dira gizakientzat arriskutsuak, eta horien artean Candida generoko espezie batzuk nabarmentzen dira. Candida albicans da espezierik ohikoena, baina Nakaseomyces glabratus (Candida glabrata), C. parapsilosis, eta C. auris bezalako espezieek ere infekzio larriak sor ditzakete.
Candida generoko onddoak normalean gure gorputzeko azaleko eta mukosetako gainazaletan egon daitezke, sintomarik sortu gabe, horri kolonizazio deritzo. Baina egoera jakin batzuetan, sistema immunologikoa ahuldu denean edo prozedura mediko inbaditzaileen ondoren, onddo horiek gorputzeko barneko ehunetara iritsi daitezke eta infekzio larri bat eragin. Horrelako kasuetan kandidiasi inbaditzaileaz ari gara. Egoera horrek kezkatzeko modukoa den arazo bat planteatzen du, izan ere, kandidiasi inbaditzaileak hilkortasun-tasa altuak ditu eta diagnostiko eta tratamendu mugatuekin lotzen da. Tratamendu antifungikoek toxikotasuna, erresistentzien garapena eta kostu ekonomiko handiak dakartzate, eta horrek agerian uzten du txerto prebentibo baten beharra.

Candida-ren aurkako txerto bat garatzea ez da erraza, hainbat erronka tekniko eta biologikori aurre egin behar baitzaie. C. albicans-ek hainbat forma morfologiko har ditzake, hala nola legamiak eta hifak, eta horrek sistema immunologikoaren detekzioa eta erantzuna zailtzen du. Gainera, Candida komentsal moduan egoten da pertsona osasuntsu askoren mukosan, eta horrek immunitate-sistemaren erantzun indartsua eragotz dezake. Beste zailtasun bat da infekzioak Candida espezie askok sor ditzaketela, eta bakoitzak antigeno ezberdinak dituela. Horrez gain, arriskurik handiena duten pazienteek, hala nola minbizia dutenek edo organo-transplantea jasan dutenek, immunitate erantzun ahulagoa dute, beraz, txerto tradizionalen bidezko babesa mugatua izan daiteke.
Erronka horiei aurre egiteko, ikerketa-lan ugari egiten ari dira Candida-ren aurkako txerto posibleak garatzeko. Estrategia horien artean daude zelula ahuldu edo hilen bidezko txertoak, txerto konjugatuak eta birkonbinatuzko proteinetan oinarritutakoak, baita peptido-txertoak eta DNA txertoak ere. Formulazio guzti hauek helburu bera dute: erantzun immunologiko sendo eta espezifikoa sortzea, eta aldi berean segurtasuna eta efikazia bermatzea.
Gaur egun garatzen ari diren hainbat txerto-kandidatuk emaitza esperantzagarriak erakutsi dituzte, bai laborategiko animaliekin egindako saiakuntzetan, bai entsegu klinikoetan. Horien artean, Als3 proteinan oinarritutako NDV-3A txertoa nabarmendu da. Gizakietan egindako entsegu kliniko batek erakutsi du erabilgarria izan daitekeela kandidiasi bulbobaginal errepikakorraren aurka, eta animalia-ereduetan C. albicans eta C. auris-ek eragindako infekzio inbaditzaileen aurkako babesa eman duela ikusi da. Beste txerto batek, C. albicans-en Sap2 proteinasa eta virosomaz osatutako PEV7 txertoak, potentzial terapeutiko itxaropentsua erakutsi du kandidiasi bulbobaginal errepikakorren tratamendurako. Saguetan egindako saiakuntzek eta emakumeekin burututako entsegu kliniko batek erakutsi dute baginatik emandako formulazio honek erantzun terapeutiko esanguratsua sor dezakeela.
Ondorioz, nahiz eta Candida-ren aurkako txerto eraginkor eta segurua garatzea oraindik erronka handia izan, azken urteetako ikerketek bide berriak ireki dituzte. Etorkizun hurbilean, horrelako txerto batek milaka bizitza salbatzea eta osasun-sistemaren gainkarga arintzea ekar dezake. Ildo horretan, prebentzioa izango da giltza, eta horretarako, zientzia eta ikerketa medikoaren aurrerapenek paper erabakigarria jokatuko dute.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Candida-ren aurkako txertaketa estrategien erronkak eta aurrerapenak.
- Laburpena: Candida spp. onddoak legamia komentsalak dira normalean, eta kolonizazio endogenoek infekzioak eragin ditzakete, baina transmisio exogenoa ere gerta daiteke. Infekzioak forma azalekoetatik inbaditzaileetaraino alda daitezke. Kandidiasia, batez ere kandidiasi inbaditzailea, osasun publikoarentzako arrisku handia da, hilkortasun-tasa altuak eragiten baititu. Espainiako ospitaleetan, kandidiasiak infekzio nosokomialen % 8 inguru eragiten du, eta, mundu osoan, milioi erdi pertsonari eragiten dio kandidemiak (odol-infekzio larria) urtero. Tratamendua antifungikoetan oinarritzen da, baina onddoek garatutako erresistentziak eta toxikotasunak arazoak sortzen dituzte. Testuinguru honetan, immunizazioa alternatiba itxaropentsu gisa agertu da, eta txerto profilaktikoak eta antigorputzen bidezko immunizazioak aztertzen dira. Hala ere, txertoen garapena erronka handia da, kontuan hartu behar direlako C. albicans-en morfologia-plastikotasuna, tolerantzia immunologikoa eta espezieen aniztasuna. Txerto esperimentalak hainbat estrategiatan oinarritzen dira, hala nola ahuldutako zelula bizien txertoak, zelula hilen txertoak, proteina birkonbinatuen txertoak, peptido-txertoak eta nanopartikulak. Txertaketa-estrategia hauek kandidiasiaren kontrolerako ikuspegi berritzaileak eskaintzen dituzte; izan ere, saiakuntza klinikoen fasera iritsi dira bi txerto: NDV-3A eta PEV7. Hala ere, gaur egun ez dago merkatuan eskuragarri gizakietan erabiltzeko baimendutako Candida-ren aurkako txertorik.
- Egilea: Ander Díez Villalba
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 193-210
- DOI: 10.1387/ekaia.27449
Egileez:
Ander Díez Villalba EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko Infekzio Fungiko Inbaditzailearen Ikerketa Taldeko (GEIFI) ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
