Margaret Sibella Brown (1866-1961) eta mundu begetal ñimiñoa
Eskozia Berriko (Kanada) Zientzia Institutuaren (The Nova Scotian Institute of Science) web orrian jasota dago, emakumezko zientzialariak oso gutxi ziren garai batean, Margaret Sibella Brown botanikari kanadarrak ospe handia lortu zuela nazioartean landare ñimiño batzuen taxonomiari eta ekologiari buruz eginiko lan interesgarriengatik: goroldioak eta gibel-belarrak, teknikoki briofita izenekoak.
Unibertsitateko ateak emakumeentzat itxita bazeuden ere, jakingura handia zuenez, Margaret S. Brownek bere ezagutzak zabaltzea lortu zuen botanikari ospetsu nazional eta nazioarteko ugarirekin harremana ezartzeari esker. Bokazio bide horretatik, bere jarduerekin aurrera egin zuen Kanadako mugetatik harago ere. Bere aurkikuntzen eragina garrantzi handikoa izan zen; izan ere, orduan oso ezagunak ez ziren briofiten bilduma zabala identifikatu, gorde eta katalogatzea lortu zuen.

Bizitza luze eta emankorra
Margaret S. Brown 1866ko martxoaren 2an jaio zen Eskozia Berrian. Henry Brown (1837-1920) ikatz meatzeen administrariaren eta Barbara Davidsonen (1842-1898) alaba zen. Ahizpa biki bat eta txikiagoak ziren hiru neba izan zituen. Eskola adinera iritsi zenean, Lehen eta Bigarren Hezkuntza ikasi zituen institutu anglo-alemaniar batean, Halifaxen.
1883an eta 1884an, Margaret Brownek Stuttgarten eta Londresen ikasi zuen, eta Europan egonaldia amaitu ondoren, bere herrialdera itzuli zen. Proceedings of the Nova Scotian Institute of Science argitalpeneko deskribapenaren arabera, Kanadara itzuli zenean, arte eta diseinu zentro batean sartu zen (Victoria School of Art and Design), eta, gerora, hezkuntza batzordeko kide nabarmena eta zuzendaria izan zen.
Lehen Mundu Gerran, Brown boluntario gisa gauzatu zituen Kanadako Gurutze Gorriko Halifaxeko ataleko ohorezko idazkariaren lanak (Halifax Branch of the Canadian Red Cross Society). Gerra amaitu zenean, gaztea briofitak aztertzera dedikatu zen ahalegin handiz, eta emaitza bikainak lortu zituen. Lan gehiena Ipar Amerikako kostalde atlantikoko uharte batean egin zituen, Cape Bretonen (Eskozia Berria). Leku babesgabe horretan batu eta bildu zituen, entusiasmo handiz, goroldioak eta gibel-belar endemikoak; gogoratu gibel-belarrak landare txikiak direla, eta izen hori hartzen dutela gibelaren antzeko forma dutelako.
Bere karreraren lehen urteetan, zohikaztegietako goroldioak bildu zituen, Sphagnum generokoak; Lehen Mundu Gerran apositu kirurgiko gisa erabiltzen ziren, garai hartan kotoia eskasa baitzen.
Aipatu behar da Brownek XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako botanikari estatubatuar nabarmenenetako batekin lan egin zuela: Elizabeth G. Knight Britton. Briofitetan aditua, New Yorkeko Lorategi Botaniko famatuko fundazioaren sustatzaile nagusia, eta hainbat ekosistemetako briofiten aniztasunari buruzko inbentario garrantzitsuen sortzailea izan zen.

Knight Brittonen kolaboratzaile gisa, Margaret Brownek aleak biltzeko zenbait bidaiatan parte hartu zuen, hala nola Puerto Ricon eta Trinidaden 1922an eginiko gira batean. Emaitza onak lortu zituzten, Proceedings of The Nova Scotian irakurri dezakegunaren arabera. Bere aldetik, modu independentean, Brownek ale baliotsuak aztertu eta bildu zituen Eskozia Berrian, bai eta Kanadako beste leku batzuetan ere, British Columbiara arte iritsita, probintzia mendebaldarrena dena.
Garai hartan, emakumeek ez zuten bidaiarik egiten haiek bakarrik, eta are gutxiago lan zientifikoa egiteko. Hala ere, Brown hainbat herrialdetan egon zen hainbat aldiz. Espedizio zientifikoak egin zituen Espainiara, Frantziar Rivierara eta Jamaikara, non negu ugari igaro baitzituen. Aleen bilketak eta trukeak egiten zituen, eta, horri esker, korrespondentzia ugari izan zuen mundu osoko aditu ospetsuekin, eta unean uneko eztabaidetan aktiboki parte hartu ahal izan zuen.
1932an, Margaret Brownek bere lehen artikulua argitaratu zuen The Bryologist aldizkari akreditatuan; goroldio berri bat deskribatu zuen zientziarako. 1936an, bere lanik luzeena argitaratu zen: Eskozia Berriko gibel-belar eta goroldioei buruzko katalogo zabala (Liverworts and Mosses of Nova Scotia). Lan horretan 127 gibel-belar eta 367 goroldio deskribatu zituen. Artikulua hemen argitaratu zen: Proceedings of the Nova Scotian Institute of Science. 1937an, beste lan goresgarri bat idatzi zuen, zeinean zenbait botanikarik Sirian bildutako goroldioen bilduma baliotsu bat sailkatu zuen. Gerora beste artikulu batzuk argitaratu zituen, guzti-guztiak horrenbeste interesatzen zitzaizkion landare txiki horiei buruz.
Aintzatespenak
1950ean, John Erskine izeneko bere ikasleetako batek sustatuta, Margaret Brownek bere briofiten bildumaren zati bat eman zion Acadia Universityri, Eskozia Berriko erakunde pribatu bati. Opari handia izan zen; izan ere, bildumak 1779 goroldio, 858 gibel-belar eta 53 liken biltzen zituen. Hori dela eta, urte hartako maiatzaren 16an, unibertsitateak ohorezko masterra eman zion garai hartan 84 urte zituen zientzialariari. Erakundeak ohorezko doktoregoa eman nahi zion, baina Brownek ez zuen unibertsitate gradurik nahi eta lehen eskaintza ukatu zuen. Azkenean, masterra ematea adostu zuten, Proceedings of The Nova Scotian jasota dagoen moduan.
Merezimendu garrantzitsuak izan zituenez, hainbat sozietate zientifikoren parte izateko gonbidapenak jaso zituen. Adibidez, Moss Exchange Clubekoa; elkarte hori 1896an sortu zen, eta munduko lehen sozietate briologikoa izan zen. 1923an, Mark Lawley aipatuz, elkartearen izena aldatu eta British Bryological Society jarri zioten, eta elkarte horrena da Journal of Bryology aldizkari akreditatua, parekoen berrikuspen-lanak argitaratzen dituena. Horrez gain, Sullivant Moss Societyko kide ere izan zen, egun American Bryological and Lichenological Society izena hartzen duena.
1961eko azaroan, Margaret Brown Halifaxeko bere etxean zendu zen, 95 urte zituela. Eskozia Berriko komunitatean izan zuen eragina adeitasunez gogorarazi zuen bere ikasleohi John Erskinek, gorago aipatutakoak; izan ere, An Introduction to the Moss Flora of Nova Scotia (1968) bere lan ospetsuan hau jaso zuen: «hogeita bost urtez, Margaret S. Brown andreak bere lana gauzatu zuen udak probintziako hainbat lekutan igarota, eta mende laurden honetan [1922-1931] goroldioei buruz ezer ikasi duen orok asko zor die andre horren ezagutzei eta adeitasunari» (Proceedings of The Nova Scotia).
American Society of Bryology and Lichenologyren 1976ko urteko bileran, Brown «Ipar Amerikako goroldioei buruzko aditu eta biltzaile (emakumeak eta gizonak) handienetako» bat zela jaso zuten, eta azpimarratu zuten botanikaria «bere espezialitatean eraginik iraunkorrenetako bat» izan zutenen artean egon zela.
Margaret Brownek bere bizitzan zehar bildutako aleetako batzuk munduko museo edo erakunde garrantzitsuetako herbarioetan daude, hala nola hauetan: British Museum, New York Botanical Garden, Yale University Herbarium, Harvard University Herbaria, New Brunswick Museum (Kanadako zaharrena) eta Nova Scotia Museum of Natural History, besteak beste, Wikipedian zehazten den moduan.
Gogorarazi behar dugu botanikariek, beren bilketetan, espezie bereko ale bat baino gehiago biltzen dutela, beste erakunde batzuekin kopiak trukatzeko. Brownek bildutako aleak dituzten zentroen kopuru handiak erakusten du zientzialari berezi horrek bere bizitza emankorrean izan zuen jarduera handia. Era berean, aipatu behar da material hori kontu handiz kontserbatu dela egun arte, eta horrek agerian jartzen du bere garaiko oztopoak gainditu zituen emakume horren legatua, bere erabakitasunaren eta jardun onaren isla gisa.
Iturriak:
- «Brown, Margaret Sibella (1866-1961) on JSTOR». Institute of Science, Vol. 19, pt. 2, 161-198. 2018ko urriak 13a
- Lawley, Mark (2021). «Members of the Moss Exchange Club (1896–1923) and British Bryological Society (1923–1945)». The British Bryological Society
- Martínez Pulido, Carolina. Elisabeth Knight Britton: botánica extraordinaria. Mujeres con ciencia, Vidas científicas, 2022ko maiatzak 17a
- Margaret Sibella Brown, Wikipédia
Egileaz:
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Mujeres con Ciencia blogean 2026ko apirilaren 22an argitaratu zen artikulua: “Margaret Sibella Brown (1866-1961), dedicada a un mundo vegetal diminuto“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.