
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta ZarautzOn elkarteak “Jakinduriek mundue erreko dau” bertsozientzia ikuskizunaren saio bat antolatuko dute datorren astean. Bertan, ezagutza zientifikoa eta bertsoak uztartuko dira oholtzean. Hitzordua azaroaren 3an izango da, 19:00etan Zarauzko Modelo Aretoan. Sarrera doakoa izango da, eserlekuak bete arte.
Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristak aurkeztuko du ikuskizuna, eta bertan Andoni Egaña eta Eli Pagolak bertsolariek inprobisatuko dute Arantzazu Luzarraga arkitektoak, Jon Gardoki geologoak eta Xabier Arregi informatikariak labur azalduko dituzten gaien inguruan.
Hiri-oasiak, Gipuzkoako itsas hondoa eta adimen artifiziala bertsolaritzan
Arantzazu Luzarraga arkitektoa eta paisajista, Arkitekturan doktorea (ETSAM-UPM) eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Arkitektura Saileko ikertzailea, oholtzara igoko da egungo gizarte- eta ingurumen-beharrei erantzuteko hiri-oasiak sortzeak duen garrantziaz hitz egiteko. Zehazki, Urban Oasis proiektua aurkeztuko du. Naturaren funtzionamenduan inspiratutako ekimen horrek hiri-altzariak eta euri-lorategien diseinua uztartzen ditu, hirietan espazio atseginagoak eta freskoagoak sortzeko.
Bestalde, Jon Gardoki geologoak, Geologian doktorea (EHU) eta EHUko Harea-Itsas Bazterreko Geologia ikerketa-taldeko kideak, Gipuzkoako itsas hondoak kontatzen duena azalduko dio Modelo Aretoko publikoari. Izan ere, Zarauzko eta Donostiako kostaldetik gertu, 680 km2ko lohi-eremu bat dago. Lehen begiratuan interesik gabekoa dirudien arren, haren sedimentuek eta fosilek azken 30.000 urteetako erregistro geologiko zehatza gordetzen dute.
Halaber, Xabier Arregi informatikariak, Informatikan doktorea (EHU) eta EHUko Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko irakasleak, adimen artifizialak (AA) bertsolaritzan dituen aukerak eta mugak aztertuko ditu. Bere hitzaldian, azalduko du gaur egungo tresnek oraindik ez dutela bertso egokiak eta taxuzkoak sortzea. Horrez gain, teknologia horrek bertsolaritzaren munduan dituen beste erronka batzuk ere jorratuko ditu, hala nola emozioak transmititzeko gaitasuna, eszenatokiaren erabilera edo publikoarekin lortzen den konexioa.
Bertsozientzia saioa Zarautzen
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:00etara
- Tokia
- Modelo Aretoa.
- Helbidea
- Zigordia kalea, 1. , Zarautz.