Jonathan, lehorreko animaliarik urtetsuena

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Jonathan, lehorreko animaliarik urtetsuena

2026ko urrian Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa baten emaitzen arabera, Atlantikoko uharte batean bizi den dortoka batek gizakion bizitza-luzera ulertzeko gakoak izan ditzake. Dortoka Jonathan da, eta 194 urte dituela kalkulatzen da. Ez da gutxi.

Bizitza-luzeraren inguruko ikerketek analisi genomiko konparatzailea erabiltzen dute informazio-iturri interesgarri gisa. Horretarako, bizitza luzea duten espezieak aztertu dituzte, besteak beste, sator-arratoi biluzia, groenlandiar balea, Brandt-en saguzarra edo marmoka hilezkorra. Espezie horiek, antzekoak direnek baino bizitza luzeagoa dute: sator-arratoiak 30 urte, aipatutako baleak 200 urtera irits daitezke, saguzarrak 40 urte, edo marmoka hilezkorraren kasu berezia ─marmokaren kasuak bakarrik artikulu oso bat mereziko luke─. Nolanahi ere, aipatutako ikerketek analisi genetikoa izaten dute helburu, eta bilatzen dute zein genek mantsotzen duten zahartze-prozesua, edota zein genek inhibitzen duten minbizia agertzea. Horietako batzuk jada identifikatuta daude, baina lan handia dago oraindik egiteko.

lehorreko animaliarik
Irudia: ezagutzen den Jonathanen (ezkerrean) argazkirik zaharrena, 1886an egina. (Argazkia: argazkilari ezezaguna – domeinu publikoko argazkia. Iturria: bbc.co.uk).

Artikulu honetan, Vaisvil-ek eta haren lankideek 2026an Science Advances aldizkarian argitaratu berri dituzten emaitzen berri eman nahi dizuet. Ikertzaileek Aldabrako edo Seychelleetako dortoka erraldoia ─Aldabrachelys gigantea─ ikertu dute, Aldabra atoloian bizi dena. Atoloia Seychelleetako atoloietako bat da, Indiako Ozeanoaren mendebaldean kokatua. Metroen zehaztasunean sartu gabe, gutxi gorabehera, Olibesario saroietik ─Euskal Herriko ustezko erdigunetik─ 7.600 km-ra dagoen uhartea da. Aipatutako dortoka bere generoko animalia bakarra da, eta narrastien Testudinidae familiaren parte da. Aldabrako dortokak ezagunagoak diren Galapagoetako dortoken antzekoak dira itxuraz, eta, oro har, 100 urte inguru bizitzen dira. Gehien bizitzen diren lehorreko animaliak dira, hortaz ─gizakiak eta Asiako elefanteak izango lirateke hurrengoak─. Batezbesteko orokorrez aparte, dortoka horietako bat, Jonathan izenekoa, da gaur egun ezagutzen den lehorreko animaliarik zaharrena ─edo urtetsuena, hitz politagoa erabili nahi badugu─.

Jonathan dortoka Santa Elena uhartean bizi da, Atlantikoan; hain zuzen ere, bertako gobernadorearen etxean, Plantation House izenekoan. Hobeto esanda, etxe horren lorategietan bizi da. Santa Elena uhartea ─bide batez, Napoleon Bonaparte bertan erbesteratu zutelako ezaguna─ urruti dago Aldabratik, eta horixe da egin beharreko lehen oharra. Jonathan ez zen Santa Elenan jaio, 1882an eraman zuten bertara, beste bi dortokekin batera, 50 urte inguru zituenean. Hortaz, bere adina ez da ziurtzat jotzen, baina 1900. urtearen bueltan ateratako argazki batetik kalkulatu ahal izan zen Jonathanen adina. Badirudi, hortaz, nahiko probablea dela gaur egun Jonathanek 194 urte inguru izatea. Antza denez, Adwaita izeneko Aldabrako dortoka bat 255 urterekin hil zen Indiako zoo batean, baina datu hori ez dago egiaztatuta. Nolanahi ere, ezagutzen dugun guztiaren arabera, Jonathan da gaur egun bizirik dagoen lehorreko animaliarik urtetsuena. Hemen dago Jonathan ikusgai, Santa Elenako Gobernuak argitaratutako bideoan.

Horrexegatik, Jonathan ikergai interesgarria izan da Benjamin Vaisvilentzat eta haren lankideentzat. Science Advances aldizkariko lanean irakur daitekeenez, dortoka erraldoiak ezagunak dira urte asko bizitzeko gai direlako, eta litekeena da horren gakoa geneetan egotea. Aurrez Aldabrako zein Galapagoetako dortoketan egindako analisi genomikoei esker, bizitza-luzerarekin lotutako zenbait gene identifikatu dira: IGF1R, DCLRE1B eta XRCC6, besteak beste. Ikertzaileek ikusi dutenez, Aldabrako dortoken batez besteko bizitza 100 urte ingurukoa da; beraz, Jonathanek horren adin bikoitza du, gutxi gorabehera. Gazteagoa den beste Aldabrako dortoka baten geneekin alderatuta, Jonathanen berezitasunak ikertzea izan dute helburu. Jonathan Santa Elenako altxorra denez, arduradunek ez zuten baimendu odol-laginak hartzea; beraz, ikertzaileek ahoko laginak eta listua bakarrik ikertu ahal izan zituzten.

Ikerketan, DNAren konponketarekin, mitokondrien funtzionamenduarekin eta zahartzearen aurkako babesarekin lotura duten ezaugarri genetikoak identifikatu dira. Jonathanek beste dortoka erraldoietan ez dauden 287 aldaera genetiko esklusibo ditu, ikertzaileek topatu dutenaren arabera. Ikertzaileek proposatzen duten hipotesiaren arabera, Jonathanek konponketa genetiko eraginkorra du, eta zenbait generen erregulazio egonkorra. Horrek azaldu dezake zergatik duen hain bizitza luzea. Jonathanek epigenoma nahiko gaztea duela ikusi dute ikertzaileek. Epigenoma da DNAn txertatzen diren aldaketen multzoa, sekuentzia genetikoa aldatzen ez dutenak; baina zein gene aktibatzen diren eta zein ez zehazten du. Jonathanen kasuan, DNAren konponketa erregulatzen duten geneak erregulatzeko mekanismoak ondo mantentzen direla ikusi dute ikertzaileek.

Hipotesiak dira, baina Vaisvilek eta haren lankideek uste dutenaren arabera, horretan egon daiteke bizitza luze baten gakoa. Ikerketa hori da dortoka erraldoi baten epigenoma aztertzen duen lehen lana, eta Jonathan dortokaren kasu bereziaz baliatu nahi izan dira. Helburua dortoken bizitza-luzera ulertzea den arren, modu batera edo bestera, baliteke horrek informazio osagarria ematea gizakion bizitzari eta bizitza-kalitateari buruz. Ikusiko dugu, bada.

Erreferentzia bibliografikoa:

Vaisvil, Benjamin; Schmitt, Daniel P.; Jones, Angela; Kapatral, Vinayak; Ford, James M.; Taylor, Madison L.; Colwell, Mathia; Hollins, Jonathan; Pascucci, Sam; Weissenow, Konstantin; Rost, Burkhard; Notin, Pascal; Gerlach, Justin; Terwilliger, Thomas C.; Hung, Li-Wei; Jensen, Lars Juhl; Reed, Kathalyn; Robeck, Todd R.; Horvath, Steve; Faulk, Christopher; Ma, Yanjun eta Clark, Stephen W. (2026). Epigenetic insights into extreme longevity in the world’s oldest terrestrial animal, Jonathan, Science Advances, 12(41). DOI: 10.1126/sciadv.adw8887


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.