Buruarekin dastatzen dugu

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Garuneko zonalde zehatzak aktibatuta edo indargabetuta, dastamena manipulatu daitekeela egiaztatu dute ikerketa batean. Zaporeak interpretatzeaz ez da mihia arduratzen, burmuina baizik, eta gauza gozoei eta mikatzei dagozkien neuronak kortexaren toki desberdinetan daude kokatuta.

buruarekin dastatzen dugu
1. irudia: Nola identifikatzen du gure mihiak gozoa, mingotsa, gazia edota garratza?

Ikusmena begietan, usaimena sudurrean… eta dastamena, mihian? Zentzumenak hala ikasten ditugu txikitan, baina errealitatea zertxobait konplexuagoa da. Berez, mihian errezeptore pertsonalizatuak ditugu: horietako batzuek jaki gozo bat dastatzen dugunean baino ez dute lan egiten, eta beste batzuek, berriz, ahoan dugun hori mikatza denean. Errezeptore pertsonalizatu bakoitzak bere seinalea du; horixe igortzen dio garunari, eta orduan antzematen dugu, benetan, zaporea. Hau da, “dastamenaren errezeptore berezituek detektatzen dituzte gozoak, mikatzak eta bestelakoak, baina burmuinak ematen die esanahia gai kimiko horiei”.

Hala dio Charles S. Zukerrek, Columbia Unibertsitateko Medikuntza Zentroko ikertzaileak. Izan ere, bere ikerketa taldeak azken hamarkadan egindako lanak berretsi du dastamena garunean dagoela, eta ez mingainean. Are gehiago, dastamenaz arduratzen diren garuneko zelulak ere, nor bere alorrean espezializatuta daude: batzuk zapore garratzez arduratzen dira, besteak mikatzez, besteak gozoez… Kortexaren toki desberdinetan daude kokatuta, gainera, eta beraz, garunak zaporeen mapa era baduela esan daiteke.

2. irudia: Sagu baten garunaren irudi bat. Gorriz margotuta dagoen zonaldea zapore mikatzari dagokio, eta berdez dagoena, gozoari. (Argazkia: Charles Zuker / Columbia University Medical Center)
2. irudia: Sagu baten garunaren irudi bat. Gorriz margotuta dagoen zonaldea zapore mikatzari dagokio, eta berdez dagoena, gozoari. (Argazkia: Charles Zuker / Columbia University Medical Center)

Orain, Zukerren taldeak erakutsi du burmuinaren mapa hori baliatu daitekeela, dastamena manipulatzeko. Hau da, subjektu bati gozoa edo mikatza den zerbait dastatzen ari dela sinetsarazi diezaiokegula, nahiz eta zerbait hori benetan ur soila izan. Saguekin egin dute esperimentua, eta Nature aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

Zehazki, zapore gozoa eta mikatza izan dituzte manipulagai, horiexek direlako adierazgarri eta muturrekoenak animalientzat. Optogenetika izeneko teknika biologikoa baliatu dute saguei ziria sartzeko; hau da, zapore batez edo besteaz arduratzen diren neuronak aktibatu dizkiete laser argiaren bidez, eta hala, haien dastamena nahi bezala kontrolatzen ahalegindu dira.

“Egiaztatu nahi genuen ea gozoak eta mikatzak, nork bere zonaldea duen garunean. Hala izatekotan, zonalde horiek indargabetuz gero, saguek ezingo lukete zerbait gozoa edo mikatza dela antzeman, asko irentsita ere. Kontra, dena delako zonaldea aktibatuz gero, ur soila ere gozoa edo mikatza balitz bezala dastatu beharko lukete”, azaldu du Yueqing Peng artikuluaren egile nagusiak. Bada, hipotesia berrestea lortu dute.

Zapore bat edo beste interpretatzean, badira animalien jokabidean gertatzen diren erreakzio zehatz batzuk. Adibidez, zerbait gozoa jatean, saguek ohi baino gehiago miazkatzen dute, eta oso mikatza denean, goragale zantzuak ere antzeman daitezke. Erreakzio horiek kontuan hartuta, ikertzaileok zapore gozoaren neuronak indargabetzeko substantzia bat eman zieten saguei, eta ondorioz, animalioi jaki gozo bat eman zitzaien arren, ez zuten gozoari dagokion erreakziorik izan; hau da, ez zuten zapore hori identifikatu.

Ikerketaren berri ematen duen bideo bat, ingelesez.

Gainera, aldi berean, zapore gozoa eta mikatza interpretatzeaz arduratzen diren neuronak desberdinak direla egiaztatu dute esperimentu honekin. Izan ere, zapore gozoaren neuronak indargabetu arren, horrek ez zion eragiten saguek zapore mikatza antzemateko zuten ahalmenari. Garuneko zonalde desberdinei buruz ari gara, beraz, eta zaporeen araberako burmuin mapa egin daiteke, horrenbestez.

Alderantziz ere egin dute saiakera: zapore bati dagozkion neuronak indargabetu beharrean, propio aktibatuz, eta kasu horretan ere, emaitza arrakastasua izan da. Saguei gozoaren neuronak aktibatu, edateko ur soila eman, eta haien erreakzioa gozoki bat jaten dutenean daukatenaren parekoa izan zen.

Zaporeekiko erreakzioak ez direla ikasten eta berezkoak direla, horixe da ikerketa honek frogatu duen beste alderdi bat. Izan ere, inoiz osagai gozo edo mikatzik dastatu ez duten saguen garunetan ere aplikatu dute optogenetika, eta erreakzioak berberak dira. “Dastamenak ez du zerikusirik esperientziarekin eta ikaskuntza prozesu batekin. Ez da usaimena bezalakoa. Usainek ez baitute berezko esanahirik, guk geuk esperientzia zehatzen batekin lotzen ditugun arte. Pertsona batentzat usain bat zoragarria izan daiteke, eta beste batentzat, nazkagarria”, gaineratu du Zukerrek.

Erreferentzia bibliografikoa:
Yueqing Peng et al. Sweet and bitter taste in the brain of awake behaving animals. Nature (2015). Published online: 18 November 2015. doi: 10.1038/nature15763


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.