Ingurune adimendunak gobernatzen dituen txipa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Adimen konputazionalean gehien erabiltzen diren tekniketako bat dira neurona-sareak. Hauek, gizakien garunetan oinarritzen dira, eta ikasteko eta inguruneko aldaketei egokitzeko gaitasuna dute, ikaskuntza-algoritmoak erabiliz. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko Raúl Finker ikertzaileak arestian aipatutako teknika oinarri bezala hartuta ingurune adimendunetan integratzeko, neurona-sare artifizial bat eta haren ikaskuntza-algoritmoak zirkuitu integratu txiki batean ezartzea lortu ditu.

txip
Irudia: Raúl Finker ikertzaileak zirkuitu logiko programagarriak erabili ditu, behar den sistema osoa txip bakarrean ezarri ahal izateko.

Adimen konputazionaleko sistema oso bat ingurune adimendunetan integratzeko txip bakar batean ezartzea lortu du Raúl Finkerrek. Sistema hau bi ingurunetan probatu dute: iDorm izeneko bizi-ingurunean eta automobil-ingurune batean, Uyanik izeneko autoan. iDorm Essexeko Unibertsitatearen Ingurune Adimendunen Taldeak garatutako logela bat da eta bertako altzariak gailu adimenduekin hornituta daude erabiltzailearen portaera eta erabilera ikasi eta haren beharrei erantzuteko. Izan ere, ingurune adimenduen helburua da erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea.

Zirkuitu logiko programagarriak erabili ditu Finkerrek, behar den sistema osoa txip bakarrean ezarri ahal izateko eta hardware/software arkitektura jakin bat erabili du: neurona-sarea hardwarean ezarri du eta ikaskuntza-algoritmoak softwarean. Horrela datuak ohi baino askoz azkarrago prozesatzea lortu dute, ez dute toki handirik behar eta azkar ezar daitezke ingurumen-adimeneko inguruneetan.

Ingurune adimendunetan emandako emaitzak

iDorm logela adimendunean probatu izan dute txipa eta ikertzaileek ondorioztatu dute beraiek garatutako sistema erabiliz neurona-sarea trebatu daitekeela, ingurunearen erabiltzailearen beharrei egokitzeko eta behar horietan oinarrituta erantzunak kontrolatzeko gai izateko. “Ikusi genuen sistema gai zela erabiltzaile baten jokabideari ezin hobeki egokitzeko, logelan zeuden elementuak kontrolatzeko, eta erabiltzailearen jokabideak urteko urtaroaren arabera izan zitzakeen aldaketetara egokitzen zela”, azaldu du Finkerrek.

Bigarren aplikazioari dagokionez, ingurumen-adimeneko gailu bat garatu zuten automobil baten ingurunerako, gidariak denbora errealean identifikatzeko. Aplikazioa garatzeko erabili dituzten datuak Drive-Safe Consortiumek eman dizkie, zehazkiago Istanbuleko Sabanci Unibertsitateak Uyanik izeneko sedan motako auto bat erabiliz lortutako datuak. Autoak berak ematen dituen datuak erabiliz, gidatzeko moduan oinarrituta gidaria identifikatzeko gai den sistema bat diseinatu dute. Beste identifikazio-sistema batzuekin alderatuta, honek duen alde nagusia da ez duela behar autoak ez duen bestelako elementurik, hala nola kamerarik edo hatz-aztarnen irakurgailurik. “Autoko azelerometroen datuak erabiliz edo gidariak azeleragailuaren edo balaztaren pedaletan egiten dituen presioen datuak erabiliz, gidariak identifikatzeko gai da sistema, eta oso emaitza onak lortu dira”, adierazi du ikertzaileak.

Bigarren aplikazio horrek bide berriak irekitzen ditu etorkizunerako eta, ikertzailearen arabera, “orain esku artean ditugun” proiektuetarako. Batetik, gidariaren segurtasun-sistema gisa erabil daiteke; izan ere, “sistemak detekta lezake gidaria ez dela ohi bezala gidatzen ari, arrazoi bat edo beste dela-eta”. Bestetik, autoaren beraren segurtasun-sistema gisa; izan ere, “detekta lezake gidatzen ari den pertsona ez dela normalean ibilgailua erabiltzen duen pertsonetako bat”, azaldu du. Ikertzaileak lortu duen sistemaren bi aplikazio dira horiek, baina “beste hainbat aplikaziotan ere ezar liteke, beharrezkoa litzatekeen sarearen tamainaren eta beharren arabera”, adierazi du Finkerrek.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Txip bakar bat ibilgailu-gidaria identifikatzeko eta gidatzeko modua kontrolatzeko.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.