Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Mikrobiologia
Donostia-OSI Donostialdea Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko ikerketa-taldeak, CIBERES taldeak eta EHUko ikertzaile batzuek bakterio espezie berria aurkitu dute: Nocardia donostiensis. Nocardia espezie berria da. “CIBERES taldeko Maria Ercibengoa ikertzaileak izan zuen espezie berria izan zitekeenaren lehen susmoa”, dio Emilio Pérez-Trallero irakasleak. “Aldez aurretik ere antzemanda genituen ingurumenean baino aurkitzen ez ziren Nocardia espezieren bat gaixoen arnasketa laginetan. Oraingoan ez da hori bakarrik egin, aurrez beste inon karakterizatu gabeko espezie baten deskribapena ere egin da“.
Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, bakterio horiek aurrez arnas-aparatuko gaixotasunak, neoplasiak eta antzeko gaixotasunak izandako pertsonei eragiten diete. Oraingoan, baina, arnasketa-laginetan deskribatu gabeko espezie berria aurkitu eta karakterizatu dute. Prozesuak luze jo du baina azkenean lortu dute espezie berritzat onartzea.
Berriak beste bakterio bati buruz hitz egin digu, PET plastikoa degradatzeko ahalmena daukan bakterioaz, hain zuzen: Ideonella sakaiensis. Japoniako ikertzaile batzuek egin dituzten kalkuluen arabera, material horrekin osatutako xafla mehe bat txikitzeko gaitasuna dauka bakterioak; sei astean. Zientzialariek uste dute plastikozko hondakina kudeatzeko baliagarria izan daitekeela. Juanma Gallego kazetariak azaltzen digu Osakan (Japonian) dagoen Sakai hiriko birziklatze gunean zegoen PET botila batean aurkitu dutela bakterioa.
Medikuntza eta osasuna
Jaiotzetik katarata zuten hamabi umek ikusmena berreskuratu dute baina ez ohiko ebakuntza konplexu bati esker. Kasu honetan, prozedura berritzailea aplikatu dute Amaia Portugalek argi azaltzen digunez: kristalino berria eta garbia birsortu dute, begiaren barruan eta beren kabuz, organo horretan dauzkagun zelula ama zehatz batzuei lan egiten utzita. Kristalinoa lausotuta izaten dute haur batzuek jaiotzen direnetik. Horrek argia erretinara iristea galarazten du eta baita garunak informazio bisuala jasotzea ere. Txinako eta AEBtako ikertzaile batzuek prozedura berri honekin lortu dute hamabi haurren ikusmen arazoak konpontzea.
Biologia
Txerrikia jateak ekar ditzakeen kalteak izan dira debekuaren zergatia azaltzeko aldarrikatu diren arrazoi nagusiak Lebitarren liburuan eta Koranean. Baina Marvin Harris antropologoak beste ikuspuntu bat eman du bere Good to eat liburuan (1985ean publikatu zen). Bertan azaltzen da jakiren bat galarazi baldin bada, debekuaren onurak kalteak baino handiagoak zirelako egin dela. Harrisen iritziz, horren atzean arrazoi ekologikoak eta ekonomikoak daude eta tenperatura eraentzeko txerriak dituen ur-behar handiekin erlazionatuta daude. Izan ere, artikuluan azaltzen digutenez, ibaien bazterretako baso hezea da txerriaren ingurumen egokiena. Hor aurkitzen ditu elikagai dituen sustraiak, boilurrak, eta ezkurrak, eta garrantzi handiagokoa dena, baita urez eta lokatzez blaitzeko gune egokiak ere. Txerriek ez dute izerdirik botatzen, eta bero daudenean hatsankatu egiten dira. Baina hori ez da nahikoa. Horregatik, uraz eta lokatzaz baliatzen dira freskatzeko. Horregatik da garestia Ekialde hurbileko eremuetan zerriak haztea.
Genetika eta paleontologia
Hezurren Osineko homininoak neandertalen lerrokoak zirela erakutsi du DNA nuklearrak. Max Planck Institutuko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta CENIEH Espaniako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzaileak aritu dira elkarlanean. Hezurren Osineko bi banakoren hezurretatik erauzitako DNA nuklearra eta haietako baten DNA mitokondriala aztertu dituzte. Ez da lan erraza izan DNA hori oso degradatuta dagoelako. Gainera, gaur egungo gizakiok eragiten dugun kutsadura ere kontuan hartu behar izan dute. Neandertalen lerrokoak direla ondorioztatzeaz gain, denisovarrak eta neandertalak duela 430.000 urte baino lehenago banatu zirela ere frogatu du ikerketak.
Geologia
Agustin Larrea geologoari egin dio elkarrizketa Berriak. Euskal Herriko orografiak sortzen dituen gorabeherei buruz mintzatu da. Sortzen diren malkarrak eta ezpondak izan ditu hizpide. %15 baino gehiagoko makurtzea duten eremuak arriskutsuak izan daitezkeela dio Larreak eta horren aurrean : “Lurra, esaterako, buztintsua den ikusi behar da, hareatsua den, edo ura daukan… Arrokek, berriz, zain antzeko batzuk izaten dituzte, eta horiei erreparatu behar izaten diegu. Zer motatako harriak diren ere aztertu behar izaten dugu; harri batzuk gogorragoak dira, beste batzuk bigunagoak”. Hori aztertzeko ikerketa geoteknikoak egiten dituzte eta horietan, adibidez, zehazten dute zer okerdura ematen ahal zaion ezponda bati. Batzuetan, baina, ezin da lortu ezponda naturalki egonkorra izatea. Horren aurrean, beste neurri batzuk proposatzen dituzte: murruak, uharriak, finkatzeak edo bestelako euspen neurri mota batzuk.
Astronomia
New Horizons zundak Plutoni buruzko datu batzuk bildu ditu eta horiek argitara eman dituzte Science aldizkarian. Horietako artikulu batean, Plutonen eta Karonen ezaugarri geologiko ugari deskribatu dituzte. Bi astroek antzekotasunak baino desberdintasun gehiago dituztela ikusi dute. Beste artikulu batean, Plutonen eta Karonen izoztutako gainazalen kolorea eta konposaketa aztertu dituzte. Horretaz gain, Plutonen atmosfera ikertu dute eta geruza asko dituela ikusteaz gain, uste baino hotzagoa eta trinkoagoa dela ondorioztatu dute. Halaber, Estix, Nix, Zerbero eta Hidra ilargi txikiak aztertu dituzte. Hauek forma irregularra dute, gainazal distiratsua, eta azkar biratzen dute. Artikulu horretan azaldu dute ere Plutonek inguruko espazioan duen eragina nolakoa den, eguzki-haizeari, partikula energetikoei eta hautsari dagokionez.
Emakumeak zientzian
Zer daukate komunean Ramses V.ak eta Mary Wortley Montaguk? Biek ala biek sufritu zutela baztangaren hira. Ramses V.a hil egin zen gaitz infekzioso horren ondorioz, baina Montagu bizirik atera zen, aurpegian orbanak gelditu zitzaizkion arren. XVIII. mendean, gaixotasun epidemikoak beldurtu zuen biztanleria. Horren aurrean eta tragediaz markatuta (baztangak bere nebari heriotza eragin zion), gaixotasun horren kontrako inokulazioaren metodoa Europara ekarri zuen Montaguk. Teknika hori Ingalaterran gizarteratu zuen lehen emakumea izan zen. Berak emandako aurrerapausoa oso garrantzitsua izan zen gerora baztangaren kontrako txertoaren metodoa sortzeko.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
1 iruzkina
Bellísimo