Balearen olioa

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza


Euskal eta japoniar arrantzaleak, duela 1.000 urte aritzen ziren baleen ehizan. Euskal literaturan bada jarduera horren erreferentziarik, nahiz aipamenak ez diren hain urrun heltzen. Ioannes de Etcheverri-k (1627) (Etxeberri Ziburukoa) baleen ehiza gai duten hiru otoitz utzi zituen idatzita. Horra otoitz horietako bat, laburrena (“Balea Çaleentçat” du izenburua):

O Iaun Tobias gaztea ungui beguiratua,

Guardariçat bidalduric Archangelu Saindua,

Eta costara arraña erakharracia,

Haren hilltceco eguiten ciñoela gratia.

Guri ere ekharguçu hurbillera Balea,

Segurquiago armaren landatceco colpea.

Biciaren gatic dugu hirriscatcen bicia

Arren eguiguçu harenguelditceco gratia.

wal-1302757_640
Irudia: Bizkaiko golkoan harrapatu zen 1901. urteko maiatzaren 14an azken sardako balea, eta Orioko arrantzaleek arpoia erabili beharrean dinamita erabili zuten animalia hiltzeko.

Ikusten denez, baleak kostaldera hurbiltzea nahi zuten ehiztariek, kostaldean errazago egiten baitzuten lana eta seguruago sentitzen baitziren. Kostara hurbiltzea nahi zuten, bai, garai hartako arrantzaleek, nahiz kostaldea ozeanoko beste aldean egon. Izan ere, euskaldunak garai hartan Ternua eta Groenlandiara joanak ziren jada baleen bila. Arpoilari onenak omen ziren eta seguru asko horregatik, ehiztari euskaldunak izan dira baleen populazioek izan dituzten beherakaden eragile handienetakoak Ipar Atlantikoan. Hortaz, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar esku-arpoiak erabiltzen zituzten ehiztariek agortu zituzten Ipar Hemisferioko baleen populazio asko, eta arpoilari horietatik asko euskal kostaldeko jatorrikoak ziren.

Antza denez, hezurrak izan ezik, baleen ekoizkinak ez ziren Euskal Herrian kontsumitzen. Hezurrak, altzariak egiteko eta eraikuntzarako erabiltzen ziren; Wilhelm Von Humboldt-ek bere “Euskaldunen herriaren barrenean” (1801) idatzita utzi zuen Getariako ortuetan baleen masailezurrak mahatsondoei eusteko erabiltzen zirela. Haragia, gatzunetan jarrita, Frantziara bidaltzen zuten. Baina baleen ekoizkinik garrantzitsuena koipea edo gantza zen. Izan ere, olio-hobiak bezalakoak ziren baleak eta kandeletarako, kaleko argietarako eta makineriarako beharrezkoa zen olioa ateratzen zuten haiengandik. Baleen gizena urtu egiten zuten eta berriro gogortu ondoren, kupeletan sartu eta saldu.

Benito Lertxundik grabaturiko kantari esker ezagunak dira gure artean “Balearen bertsoak”. Bertso horietan euskal kostaldean izan den azken balearen ehizaren istorioa kontatzen da. Orioko barraren aurrean, 1901eko maiatzaren 14 zela, goizeko bederatzietan ikusi zuten balea. Ikusi eta berehala abiatu ziren bost traineru balea ehizatzera. Txalupa bakoitzeko patroia aipatzen du kantak, bai eta balearen neurri nagusiak ere: luzera, zabalera eta pisua. Hiru bertso ekarri ditugu hona, balearen olioaz mintzatzen direnak, hain zuzen ere:

Errematian gero jarri zan saltzeko

sei mila errialean almoneratzeko:

iñork ez zuan hartu balia ezertako

baina baliyo zuan koipe biurtzeko.

Koipe biurtu eta aren oliyua

irureun arrua zan klase onekoa:

zazpi mila errial aren baliyua

errematian baño protxu obekoa.

Gorputzez zan milla ta berreun arrua

beste berreun mingaiñ ta tripa barruak

gutxi janez etzegon batere galdua

tiñako sei pesetan izan zan salduba.

Bertsoek ederki adierazten dute zein zen balearen ekoizkinik preziatuena, olioa hain zuzen ere. Balea bakar batetik olio kantitate izugarria atera zitekeen. Baleak bezalako itsas ugaztunek gantz kantitate handiak pilatzen dituzte larruazalaren azpian. Energia-erreserba gisa jokatzen du pilaturiko gantz horrek, noski; ugaztunek era horretako energia-erreserbak kantitate handietan pilatzeko ahalmena dute; ahalmena eta, zenbait kasutan, beharra ere. Baina baleek eta beste itsas ugaztunek metatzen duten gantzak beste zeregin garrantzitsu bat betetzen du, isolamendu termikoarena alegia.

Bideoa: Benito Lertxundik musikatutako “Balearen bertsoak” abestiaren bertsioa Lain taldeak egina.

Behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, irradiazioa, eroapena eta lurrunketa dira beroa galtzeko dauden hiru bideak. Baina uretan bizi diren animalientzat, eroapena da jokatzen duen bide bakarra, hau da, beroaren transferentzia zuzena. Urak aireak baino erraztasun handiagoz eroaten du beroa, eta horren ondorioz, uretan bizi diren animaliek bero kantitate handiak gal ditzakete ura gorputza baino hotzago badago.

Naturan diren ur-masa gehienak animalia homeotermoak baino hotzago daude, eta diferentzia oso handia da Poloen inguruko itsasoetan. Izan ere, itsaso hotz horietan itsas ugaztunen zenbait espezieren populazio handiak daude. Horien artean baleak oso ugariak dira, eta hori ez da kasualitate bat; batetik oso ur emankorrak izaten dira, eta bestetik, oso ondo moldatuta daude itsas ugaztun horiek horrelako ur hotzetan bizi ahal izateko. Pilatutako gantz horri zor zaio, hain zuzen ere, hain ondo moldatuta egotea, hori baita beroaren eroapenaren kontrako babesik onena.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.