Javier San Martín
Demagun 1942.ean gaudela eta eta zu sonar bat erabiltzen ari zarela, urpeko batean. Gauzak horrela, itsasoan zeharreko bidaian ari zara eta horrelako batean zure lokalizagailuaren oihartzunak ezezaguna den zerbaiten aurka talka egin eta zuregana itzuli da. Gauza ziurra da ez litzaizukeela horrelakorik gustatuko. Are gutxiago gustatuko litzaizuke oihartzun horrek iluntzean gora egingo balu eta gaua ur azaletik gertu eman ostean, ur sakonetara itzuliko balitz, bertan argia dagoen orduetan geratzeko. Ez zen ordea lurpeko etsairik, baina bai milioika tona arrain mesopelagiko, elikatzeko egin ohi duten migrazio bertikalean buru-belarri.
Hainbeste animalia zirelarik, oihartzun bat itzultzen zioten sonarrari, eta izen bat eman behar izan zioten andana hari: barreiadura sakoneko geruza, edo baita sasihondoa, zeren eta pentsatzera iritsi baitziren ozeanoaren hondoak sortzen zuela soinu hura.
Nature Communications aldizkarian plazaratutako ikasketa batek agerian utzi du oso gaizki ezagutzen ditugula ozeanoak eta bertako bizidunen jokamoldeak. Ozeanografian doktorea den Xabier Irigoienek zuzendu du lan hau eta bertan estimatzen da gutxienez uste zena baino 10 aldiz handiagoa zela arrain mesopelagikoen biomasa. Hain zuzen ere, hauek dira munduan dauden arrain ugarienak eta lan horretan bertan parte hartu duten Carlos Duarte bezalako beste aditu batzuek %30eraino ere igotzen dute kantitatea, lan honetan lortutako datuak ozeanoetako besta zonalde batzuetara estrapola bailitezke.
Barreiadura sakoneko geruza, 200-1000 metroko tartean dago. Zonalde mesopelagikoa edo zonalde grisa esaten zaio tarte horri, baina askoz ere argigarriagoa da ingelesezko izena, “dimentsio ezezaguna” modua itzul litekeena.
Oso argi kantitate gutxi iristen da bertara eta hori dela eta, hango bizidun guztiak gure iluntzearen antzeko argitasun leunean bizi dira. Horren eraginez, espezieek ohi baino zentzumen zorrotzagoak garatu dituzte: besteak beste, badituzte begi handiak gorputz tamainarekiko, bioluminiszentzia bezalako moldapenak, ehiztatzeko edo espezie beraren barruan elkarrekin komunikatzeko.
Agian harrigarriagoak dira inguruko presio-aldaketak sumatzeko moldapenak, eta beraiekin batera batez ere atuna eta ezpata-arraina bezalako harrapari ustezkoen mugikortasuna. Ahalmen horiek guztiak direla eta, ez zen oso erraza animalia hauek ohiko metodoen bidez harrapatzea, ez eta ondorioz estimazio zehatzak egitea. Arrain hauek 100 metrora antzematen zituztelarik sarak, ihes egiten zuten eta ez ziren bertara itzultzen bi ordu iragan arte. Stein Kaartvedtek aditzera eman zuen estimazioak magnitude gradu bat behera egon litezkeela, bakar-bakarrik harrapatzen zituztelako arrain zaharrak, hildakoak edo gaixorik zeudenak, hau da, alde egiterik ez zutenak. Gainera, egun espezie harrapari nagusien gainean egiten den gainustiaketa dela eta, espero izatekoa zen harrapakinen gorakada bat.
Gauzak horrela, zehaztapen garrantzitsua ekarri zuen Malaspina izeneko ustiaketak. Mundu mailako bioaniztasuna aztertzen ari ziren eta akustika-teknologia oso aurreratuaren bidez, ikusi zuten 2010.eko uztailaren eta 2011.eko abenduaren artean arrain mesopelagikoen biomasa 11000-15000 milioien tartean aldatu zela 40º Ipar eta 40º Hegoaldeko latitudeetan. Azpimarratzekoa da ordura arte, 1000 milioi estimatzen zirela.
Oraingo ikerketa honetan, zientzialariek uztartu egin dituzte Malaspina bidaldiak lortutako akustika zehaztapenak eta eredu trofiko bat, eta horrela ondorioztatu dute arrain hauen biomasak gutxienez aurretik estimatutakoa baino 10 aldiz handiagoa izan behar duela.
Xabier Irigoien ikerketaren emaitzek, beraz, bat egin dute hango datuekin eta agerian utzi dute zalantzarik gabe arrain mesopelagikoen erreserba 1000-10000 milioi tartean dagoela gutxienez. Izan ere, aipatutako latitude horiei egokitu zaizkie estimazioak . 70º Iparreko latituderaino arrain hauen kopuruak behera egiten du, baina edonola estimazioak %30 egin lezake gora.
Gainera, estimazioek azaleratu egin dituzte ziur aski sakonera horretan bizi diren espezie guztiei dagozkien ezaugarri batzuk, karbonoaren zikloarekin zerikusia dutenak.
Ur azalean elikatu eta egunero 500 metrotik behera migratzen dutelarik, arrain mesopelagikoek azkartu egiten dute ozeanoren hondorako C02-ren garraioa, eta igoarazi egiten dute era berean ur sakonetako oxigeno-kontsumoa ere. Biomasen estimazio berriek, aditzera ematen dute berriz ebaluatu behar dela ziklo biogeokimikoetan kontu honek duen eragina.
Javier San Martínek (@SanMartinFJ) idatzi du artikulu hau(Activa tu Neurona blogaren kolaborazioa).
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
2 iruzkinak
[…] Javier San Martín Ozeano Bare Azpitropikaleko arrain linterna. Argazkia: Joan Costa/CSIC Demagun 1942.ean gaudela eta eta zu sonar bat erabiltzen ari zarela, urpeko batean. Gauzak horrela, itsasoan zeharreko bidaian ari zara eta […]
[…] Javier San Martín ikertzailea Malaspina, ozeano sakonera espedizioari buruz aritu zen Zientzia Kaiera blogean. Malaspina espedizioan aditu euskaldunak ere parte hartzen dute. Esaterako, Xabier Irigoyen ozeanografoak. Honako espedizioek ozeanoak eta bertako bizidunen jokamoldeak hobeto ezagutzen laguntzen digute: Bidaia bat […]