Arrainak, ezohiko egoeren salatari

UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan egindako ikerketa batean, lupia-multzoak monitorizatu dituzte estres-eragileen mende jartzean nola jokatzen duten aztertzeko. Arrain-multzoak sentsore biologiko gisa erabil daitezkeela frogatu dute irudi-analisi bidezko metodologia ez-inbaditzaile bat erabiliz. Akuikultura adimenduna lortzeko bidean urrats garrantzitsutzat jotzen du Harkaitz Eguiraun ikertzaileak.

Arrain-haztegietako arrain-multzoen jokabide-aldaketak on line monitorizatzeko metodologia bat ikertu du Harkaitz Eguiraun ingeniariak, UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan egin duen doktoretza-tesian. Lupia-multzoen (Dicentrarchus labrax) bideo-grabazioan, irudien prozesamenduan eta seinale ez-linealen analisi eta prozesamenduan oinarritzen da metodologia. Eguiraunek ikerketan frogatu duenez, “arrainak sentsore biologiko gisa erabil daitezke, kanpo-perturbazioen eraginez euren portaeran gertatzen diren aldaketak modu ez-inbaditzailean neurtu daitezkeelako”.

Lupiak

Irudia: Lupia (Dicentrarchus labrax) moronidae familiako arraina da, Mediterraneo itsasoan eta iparraldeko Ozeano Atlantikoan bizi dena.

Ikerketak hiru fase izan ditu. Lehenbiziko fasean, tresna bera garatu zuten (irudiak ateratzeko prozedura, irudiak aztertzeko modua eta abar). Horretarako, hiru lupia-multzo aztertu zituzten: kontrolak (edo batere perturbaziorik ez zutenak), elastomero batekin markatutakoak (aurrekoen oso antzekoak) eta ur metilmerkuriodunetan murgildutakoak (metilmerkurioa konposatu neurotoxikoa da).

Bigarren fasean, operazio-puntua zehaztu zuten: arrain-kopurua aldatuz joan ziren, arrainen portaera nola aldatzen zen ikusteko. Hala, kanpo-perturbaziorik eragin gabe arrain-multzoek zer egoera dinamiko duten ikusi zuten. “Ezinbestekoa da operazio-puntua zehaztea, monitorizazio-tresna doitzeko eta perturbazioak eta egoera ‘normala’ bereizi ahal izateko”, azaldu du Eguiraunek. Izan ere, “operazio-puntutik ateratzen denean sistema, badakizu zerbait gertatzen ari dela, eta normaltasun horretatik kanpo gertatzen dena detekta dezakezu”, dio.

Alerta-sistema biologikoa

Animaliek, estres-eragile baten mende daudenean, modu jakin batean erreakzionatzen dute. Guk ez dugu aztertzen estresa zerk eragiten duen, animaliek nola erreakzionatzen duten baizik, horren arabera jakingo baitugu estresa eragiten dien zerbait badagoela”, argitu du Eguiraunek. Hain zuzen, horixe egin dute ikerketaren hirugarren fasean. Behin tresna garatu eta operazio-puntua zehaztuta, bi tangatako lupiei sodio selenitoa (elikadura-osagarria) bota diete uretara zazpi egunez, eta, gero, tanga horietako batera metilmerkurioa bota dute hamalau egunez. Ikusi dute selenitoak ez diola sistemari eragiten, ez baitu operazio-puntutik ateratzen; metilmerkurioari dagokionez, bestalde, ikusi dute eragina baduela arrain-sisteman. “Garrantzitsua da egunean eguneko bilakaera aztertzea —dio ikertzaileak—, arrainak, bizidun oro bezala, estres-egoerara egokitu egiten baitira”.

Ikertzailearen iritziz, “horrelako monitorizazio-teknika batekin, egoera normal baten eta egoera ez-normal baten arteko aldeak hauteman daitezke”. Teknika hau oso baliagarria izan liteke kutsatzaile berriak edota kutsatzaile-nahasteak detektatzeko, animalien portaerak ohartaraziz edo arrainak sentsore biologiko gisa erabilita. Ikertzaileak adierazi du teknologia hau gehiago garatzeko europar-proiektu bat sortzeko lanean ari direla.

Erreferentzia bibliografikoa:
H. Eguiraun, K. Lopez de Ipiña, I. Martinez. “Effect of a short-term exposure to sodium selenite on the Shannon entropy of a European seabass (Dicentrarchus labrax) system”.. Entropy. May 2016, 18, 209. DOI: 10.3390/e18060209.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Arrain-multzoak sentsore biologiko gisa.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>