Emetutako arrain ar gehiago euskal kostan

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Emetze-fenomenoa euskal kostaldean zabalduta dagoela berretsi dute UPV/EHUko ikertzaileek

Gernikan, Arriluzen, Santurtzin, Plentzian, Ondarroan, Deban eta Pasaian, estuarioetako arrain arrek emetzearen zantzuak dituztela ikusi dute UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian taldeko kideek. Aurkikuntza Urdaibain egin zuten 2007/08 urteetan, eta orain berretsi dute beste hainbat estuariotan ere gertatzen dela. Emetzearen eragileak estrogenoaren antzera jokatzen duten kutsatzaileak dira, eta, besteak beste, arrain arrek obozitoak -heldu gabeko obuluak- garatzea eragiten dute.

Irudia: Lazuna (Mugil cephalus).
Irudia: Lazuna (Mugil cephalus).

Lazunak izan dituzte aztergai UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian taldeko ikertzaileek, eta, guztira, sei gunetako arrainak aztertu dituzte: Arriluze eta Gernika 2007-2008an, eta Santurtzi, Plentzia, Ondarroa, Deba eta Pasaia, harrezkero. Neurri handiagoan edo txikiagoan, estuario guztietan ikusi dute arrain arren emetzea, bai arrainen gonaden ezaugarrietan, bai eta zenbait markatzaile molekularren bidez ere. Ikerketa-taldearen zuzendari Miren P. Cajaravilleren esanean, emaitzek agerian uzten dute “disrupzio endokrinoa hedatuta dagoela gure estuarioetan, eta horrek esan nahi du arazo bat dugula hor kutsatzaileekin, beste herrialde batzuetan detektatu duten bezala”.

Hain zuzen ere, azaleratzen ari diren kutsatzaileen taldeko batzuk dira euskal kostaldeko arrain arren emetzearen eragileak. Disruptibo endokrinoen taldea osatzen dute. Kimikoki oso desberdinak dira, baina antzeko eragina dute denek: hormonekin interakzioan jarduten dute, hormonen oreka apurtzen dute organismoan, eta gai dira organismoak emetzeko edo artzeko. Kutsatzaile azaleratu berriak izaki, ezer gutxi dakigu oraindik ingurunean eta ekosistemetan duten eraginari buruz. Hori dela eta, Cajaravillek nabarmendu duenez, “guk lortutako emaitzak garrantzitsuak dira, ikusteko zein mailatan dauden kutsatzaile horiek gure estuarioetan eta ibaietan, eta zer efektu dituzten, eta, horren arabera, neurriak hartu ahal izateko, bai uretara iristea saihesteko, bai konposatu horiek arautzeko araudiak sortzeko”.

Izan ere, duten eraginaren ikuspegitik azaleratu berriak diren arren, erabilera arrunteko produktuak dira disruptibo endokrinoen iturria: plastifikatzaileak, pestizidak, pilula antisorgailuak, perfumeak eta detergenteak, nagusiki.

Batzuk hirietako hondakin-uretako araztegien garbiketa-sistemei iskin eginda iristen dira uretara, beste batzuk industria- edo nekazaritza-jardueraren ondorioz. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, esaterako, “gure hipotesi nagusia da ur-araztegitik datozela, -dio Cajaravillek-; aztertu genuen lehenengo lekua da, eta kutsatzaile azaleratu berrien maila altuena duen lekua izaten segitzen du, alde handiarekin”.

Edonola ere, aztertutako estuario guztietan aurkitu dituzte lazun arren emetzearen frogak UPV/EHUko ikertzaileek. Sei estuarioetatik hirutan (Gernikan, Pasaian eta Deban) arrain intersexualak aurkitu dituzte, hau da, testikuluetan heldu gabeko obuluak zituzten aleak,tokiaren arabera, jasotako lazunen % 12 eta % 64 artean. Horrez gain, estuario guztietan eman dute positibo emetzearen bi adierazle molekular nagusiek: ar gehienek (% 60 eta 91 artean) bitelogenina proteina zuten gibelean (berez emeek bakarrik adierazten duten proteina bat), eta, garunean, berriz, Cyp19a1baromatasa kodetzen duen genearen adierazpen-maila handia zuten; estrogenoen sintesian parte hartzen du proteina horrek, eta emetzearen adierazle ona da arren garunean adieraztea.

Arrain-populazioetan emetzearen adierazle biologikoak neurtzearekin batera, lagindutako guneen analisi kimikoa egin dute ikertzaileek: “kimikari analitikoekin batera egin dugu lan denbora osoan, eta leku bakoitza ikuspegi kimikotik eta ikuspegi biologikotik karakterizatu dugu” azpimarratu du Cajaravillek. 2007/08ko kanpainan, CSICen Ingurumen Diagnostikoko eta Uraren Ikerketa Institutuko kimikariekin, eta, ordutik aurrera, UPV/EHUko Kimika Analitikoaren Saileko lankideekin egin dute lan. “Hau oso garrantzitsua da -nabarmendu du-; izan ere, horri esker, frogatu dugu ez bakarrik arrainen emetzearen adierazle biologiko garbiak existitzen direla, baizik eta, aldi berean, neurtu dugu toki bakoitzean zein diren han dauden kutsatzaile azaleratu berriak eta zer kontzentraziotan dauden, eta egiaztatu ahal izan dugu korrelazioa dagoela haien presentziaren eta emetze-fenomenoaren artean”. Arrainen behazun-laginetan neurtu dituzte kutsatzaileak, eta, Cajaravilleren esanean, aurkitutako korrelazioak erakusten du kutsatzaileak direla arrain arren emetzearen eragileak.

Erreferentzia bibliografikoak:
Intersex condition and molecular markers of endocrine disruption in relation with burdens of emerging pollutants in thicklip grey mullets (Chelonlabrosus) from Basque estuaries (South-EastBayofBiscay). C. Bizarro, O. Ros, A. Vallejo, A. Prieto, N. Etxebarria, M.P. Cajaraville, M. Ortiz-Zarragoitia. MarineEnvironmentalResearch In Press, Availableonline 5 November 2013.

Endocrine disruption in thicklip grey mullet (Chelonlabrosus) from the Urdaibai BiosphereReserve (BayofBiscay, Southwestern Europe). Eunate Puy-Azurmendi, Maren Ortiz-Zarragoitia, Marta Villagrasa, Marina Kuster, Pilar Aragón, Julia Atienza, Rosa Puchades, Angel Maquieira, Carmen Domínguez , Miren López de Alda,DeniseFernandes, CintaPorte, Josep M. Bayona, DamiàBarceló, Miren P. Cajaraville. Science of the Total Environment 443 (2013) 233–244.

1 iruzkina

  • […] Katetik tiratzea edo harraskan behera produktuak botatzea keinu azkar eta eraginkorrak dira eta, modu horretan, sortzen ditugun hondakinak berehala paretik kentzen ditugu. Hala ere, noizbait pentsatu al duzu non bukatzen duten hondakin horiek? Inguruko itsasora eta ibaietara joaten dira […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.