Antzinako zortzi himalaiarren genomak sekuentziatu ditu AEBtako eta Suediako ikerketa talde batek. Haien DNAk lotura estua du gaur egungo sherpa eta tibetarrenarekin. Horrek erakusten duenez, kulturari dagokionez bilakaera izan bada ere, genetikoki, gaur egungo himalaiarrak garai batekoen ondorengo zuzenak dira.
Himalaian bizitzeko kasta onekoa izan beharra dago: edonor ez da altuera, klima eta bizi kondizio horiei egunerokoan eusteko gai. Gainera, halako ingurune gogorrek erabat baldintzatzen dute biztanleriaren bilakaera, geologiak herrien arteko harremanak mugatu edo erraztu egin baititzake. Hori gutxi ez, eta klima ezin hotzagoak bikain gorde ditu bertako populazioaren DNAren sekretuak. Izan ere, duela hiru mila urteko giza arrastoetan ere, ikertzeko moduko material genetikoa topatu dute. Horrek guztiak genetikoki oso erakargarri egiten ditu himalaiarrak.
Hori horrela, Chicago, Oklahoma (AEB) eta Uppsalako (Suedia) unibertsitateetako zenbait ikertzailek Himalaian bizi izan ziren zortzi lagunen genomak sekuentziatu dituzte. Duela 3.150 urtetik duela 1.250 urte arte, eta hiru garai desberdinetan, bizi izan ziren zortzi lagunen arrastoak dira. Hain zuzen ere, Asia ekialdeko antzinako giza genoma berreskuratu duen lehen ikerketa da.
Ondorioek erakusten dutenez, himalaiarren genetika egonkorra da, ingurune horretako herritarren DNAn ez baita aldaketa handirik izan milaka urtetan. Beste herri batzuk igaro ziren bertatik, eta utzi zuten arrastorik kultura eta ohiturei dagokienez, baina ez ziren bizitzen geratu, eta ez zituzten antzinako himalaiarrak ordezkatu. Hau da, gaur han bizi direnak garai batean bizi zirenen ondorengo zuzenak dira. Hala azaldu dute ikertzaileok, PNAS aldizkarian argitaratutako lanean.
“Ikerketa honetan, erakutsi dugu jatorriz Asia ekialdeko lurralde garaietatik zetorren jendeak kolonizatu zuela Himalaiako mendialdea, eta ondoren, egonkortasun genetikoa izan dela milaka urtez, kultura materialean eta heriotza errituetan aldaketa nabarmenak izan diren arren”, adierazi du Christina Warinner ikerketa buruak.
Horixe egiaztatu dute, aipaturiko zortzi giza genomen sekuentziazioari esker. Zehazki, Annapurna mendiaren bueltan dagoen natura erreserban aurkitutako zortzi lagunen arrastoak dira, eta hiru aro kultural desberdinetan bizi izan ziren; zaharrena duela 3.150 urte, eta gazteena, duela 1.250 urte. Genomak xehatzeko, Beagle izeneko superkonputagailua baliatu dute. Gainera, antzinako DNA sekuentzia horiek gaur egungo populazioarenarekin ere alderatu dituzte; sherpa etniako lau lagunekin eta Nepalgo bi tibetarrekin, esaterako.
Sekuentziazio horiek erakutsi dutenez, antzinako zortzi himalaiar horiek guztiek lotura genetiko estua dute Asia ekialdeko lurralde garaietan bizi den gaur egungo populazioarekin; hau da, sherpa eta tibetarrekin. Izan ere, Tibeteko goi lautadatik igo zen jendetik eratorriak dira himalaiarrak. Baina bitxiena zera da, milaka urteotan ez dela populazio ordezkapenik izan inguruotan: kulturan bilakaera izan bada, eta jatorriz bertakoak ez diren elementuak aurkitu baldin badira, himalaiarrek akulturazio prozesuak bizi izan dituztelako izan da. Hau da, besteen kulturak bere egin dituztelako, eta ez besteek haien tokia hartu dutelako.
Gainera, antzinako himalaiarrek eta gaur egungo tibetarrek mutazio bereizgarri berberak dituzte EGLN1 eta EPAS1 geneetan. Oxigeno gutxiko eta garaiera handiko tokietara egokitzeko ahalmena ematen diete mutazio horiek. Beste gauza askoren artean, horiei esker dira hain kasta onekoak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Choongwon Jeong et al. Long-term genetic stability and a high-altitude East Asian origin for the peoples of the high valleys of the Himalayan arc. Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS). June 20, 2016. doi: 10.1073/pnas.1520844113
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.