Dislexia jatorri neurologikoa duen ikasteko zailtasun espezifikoa da, irakurmenaren zehaztasun eta arintasunean eragin zuzena duena. Intzidentzia uste baino altuagoa da (%7tik %10era). Ume dislexikoek arazo handia dute idatzizko hizkiak barneratzeko eta hitzak automatikoki antzemateko, inteligentzia maila egokia eta eskolatze normala izan arren. Horregatik irakurtzen hasten direnean, zailtasun handiak dituzte deskodifikaziorako (hizkia eta soinuaren arteko lotura egin) eta letreiatzeko gaitasunak lortzeko.
Dislexia eta hizkuntzaren garapenaren lotura zuzena da, eta erlazio hau ulertzeak asko lagun dezake esanguratsu izan daitezken hainbat zeinu aztertu eta detektatzeko irakurmena hasi baino lehen. Hitzaldi honek dislexiaren berezitasunak eta jatorria azaltzea du helburu, eta horretarako zailtasun honi buruzko lan eta ebidentzia zientifiko berriak aztertuko ditugu. Ariketak eta alarma seinale bereizgarrienak aipatuko dira, eta hauen oinarri neurologikoa, gaitasun fonologikoen garrantzia azpimarratuz. Bestalde dislexia haur eta lehen hezkuntzan goiz detektatzeko irizpideak azalduko dira. Informazio hau oso lagungarria izan daiteke haurraren garapen kognitiboan eta ikaskuntza zailtasunetan interesa duten irakasle, ikertzaile, osasun arloko profesionalak eta batez ere, gurasoentzat.
Gaiaren interesa ikusita urriaren 25ean Ondarroako Beikozinin 18:30etan Zientziaren Giltzak Elkarteak “Dislexia Ebolutiboa: Ikerkuntzatik Esku-Hartzera” izenburua duen hitzaldia antolatu du. Gaiaz arituko da Joana Atxa, UPV / EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta hauen garapena Saileko kidea.
Fitxa biografikoa
Joana Atxa, Psikologian lizentziatu Deustuko Unibertsitatean eta ondoren, doktorego-tesia aurkeztu zuen 2009an Valentziako Unibertsitatean, “Antzekotasun ortografikoa eta hizkien kodeketa prozesuen azterketa esperimentala irakurketan” titulua duen lana. Joana Atxak, egun, Massachusetts Amherst Unibertsitatean, baita Basque Centre on Cognition Brain and Language, Donostiako zentroan hizkuntza eta irakurketaren garapenaren prozesu kognitiboak ikertzen ditu, eta Haurren Garapen Kognitiboa, eta Neurozientzia eta Ikaskuntza Zailtasunak ikasgaien irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Dislexia ebolutiboa: ikerkuntzatik esku-hartzera
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Beikozini, Iparragirre kalea 10
- Helbidea
- Ondarroa