Kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdia antolatu? Bertsolaritza eta zientzia uztartu? Bai, “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian. Zelan, baina? Lau zientzialarik gai baten inguruko azalpen laburrak emanda, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jartzen dutelarik eta guztia Kike Amonarrizen gidaritzapean.
Inkesta elektoralen eta gerora izaten diren emaitzen arteko ezberdintasunaz aritu da Patxi Juaristi soziologoa. 2016ko hauteskunde orokorretan protagonismo handia izan zuten inkesta elektoralek, Unidos-Podemosen sorpassoa aurreikusten zutelako. Errealitatean, ez zen halakorik izan, baina. Inkestek ez zuten asmatu.
Ez asmatzeko arrazoiak hainbat dira, haien artean hauteskunde inkestek dituzten zailtasunak:
- Telefonoz egindako inkestak dira normalean. Murrizketa batzuk dakartza honek, adibidez, telefonorik ez duen jendea inkestetatik kanpo geratzea edo telefono bat baino gehiago dituztenek gainordezkaturik egotea. Laginak, beraz, ez dira %100 adierazgarriak.
- Inkestak egiteko denbora gutxi izaten da. Hedabideak izaten dira inkestak eskatzen dituztenak eta hauteskunde egunetik ahalik eta hurbilen datuak ematea nahi dute. Inkestak, beraz, hauteskundeak baino 15-20 lehenago egin behar izaten dira. Ausaz aukeratutako indibiduoak etxean topatu eta inkesta telefonikoa egiteko denbora, beraz, murriztua da. Inkestatzaileek hautatutako pertsona topatzen ez badute, beste pertsona batekin saiatzen dira, esan bezala denbora mugatua baita. Modu honetan, etxean denbora gehiago ematen duten pertsonek (jubilatuak, etxekoandreak) errepresentazio handiagoa izaten dute inkestetan.
- Laginak txikiegiak izaten dira. Denbora eta errekurtso mugatuak izateak lagina txikia izatea dakar eta, ondorioz, laginketa errorea handia izatea. Zenbat eta lagin txikiagoa, orduan eta laginketa errore handiagoa eta datuak errealitatetik aldenduago. Oro har, %3ko errorea baino altuagoa duten datuak ez dira fidagarriak.
- Boto-emaileen %20-25ak kanpainaren azken egunetan erabakitzen du bozka. Legez kontrakoa da hauteskunde eguna baino 5 egun lehenago datuak argitaratzea, hortaz, inkesta egiten denetik hauteskunde egunera denbora asko pasatzen da. Denbora horretan iritzi aldaketa gerta daiteke eta, horretaz gain, kontuan izan behar da inkestatutako hainbatek ez dutela egia esaten.
Azken puntu honetan nabarmentzekoa da Elizabeth Noelle Newmanek egindako isiltasunaren espiralaren teoria. Horrela, alderdi batek lortuko duen emaitzaren pertzepzioaren araberakoa da inkestatuak alderdi horren aldeko bozka emateko intentzioa agertzea.
Denbora eta dirua behar dira inkesta onak egiteko, baina ezin da ahaztu jendea iritziz aldatzen duela eta, horretaz gain, intentzio erreala ezkutatzen duela. Esaerak dioen bezala, bat esan eta bestea egin, zelan asmatu horiekin?
Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik Patxi Juaristi soziologoak “Gauza bat esan eta bestea egin: nola asmatuko dute hauteskunde-inkestek” hitzaldian dago oinarrituta artikulua.
Hitzaldi osoa:
Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.