2016ko urrian wolframezko bi pieza jaso genituen dohaintzan Laboratorium museoan. Museoko sarrera berrien politikan, elementu kimiko horren aplikazioek arreta berezia daukate, erraz ulertzen diren arrazoiengatik. Izan ere, jakina da wolframa Bergarako Errege Seminarioko laborategian aurkitu zutela Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, 1783 urtean.
Wolframa isolatzea Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 7 urte lehenago sortutako “Real Seminario Patriotico Bascongado”aren lorpen zientifiko ikusgarria izan zen, eta agian Euskal Herriak inoiz zientzia arloan egin duen eta egingo duen aurkikuntzarik handienetakoa. Baina proiektua bultzatu zutenek zientziaren oso ikuspegi utilitarista zeukaten eta beraien proiektuari ospe handia eman dion lorpena izan arren, badirudi metal berriari ez ziotela inongo aplikaziorik aurkitu. Aplikazioak oso poliki joan ziren iristen, hurrengo mendean hasita, baina iritsi dira. Eta wolframa elementu estrategikoa izatera iritsi da, gaurko gizartearen garapenerako funtsezko elementuetako bat dela esan dezakegu, bere aplikazioei erreparatzen badiogu.
Ezaugarri bereziak ditu, aplikagarritasunari begira eragin handia dutenak: metal oso gogorra da, xaflakorra eta fusio-punturik altuena duen metala da (3683ºk/3410ºC). Wolframaren aplikazio batzuk aski ezagunak dira. Beroaren aurrean duen erresistentzia ezinbestekoa izan da gaur egun arte etxeetan erabili ditugun bonbillen funtzionamendurako. XX. mendearen hasieran Coolidge jaunak wolframezko filamentu harikorra txertatu zuen lehen aldiz bonbilletan eta horrek argiztapen-sistema elektrikoaren historian aurrerapen nabarmena eragin zuen. Bigarren Mundu Gerran garrantzi handia izan zuen metal horrek, blindajeetan erabiltzen delako; eta ondoren soldatze lanetara, makina-erreminta arlora eta milaka aplikazio desberdinetara zabaldu da erabilera. Laboratorium museoak dohaintzan jasotako wolframezko lehen pieza, “hegazkin motor bateko pieza; CFM56 modelokoa (wolframezko aleazioa)”, aplikazio industrial anitzen adibidea da.
Baina aldi berean, esparru oso berrietan ere bere izaera estrategikoa ari da erakusten. Horren lekukoa da bigarren dohaintza, “Wolfram purua (barra)”, ESS Bilbaok dohaintzan emandakoa.
Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturria (European Spallation Source-ESS) Europako egitasmo zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Instalazio nagusia Suediako Lund hirian ari dira eraikitzen, baina proiektuak Zamudion ere badu bere bigarren egoitza (ESS Bilbao). ESS proiektuak oinarrizko zientziaren zein teknologiaren hainbat ikerketei bide berriak zabalduko dizkiola aurreikusten da.
Espalazioa neutroiak kopuru handian sortzeko aukera ematen duen teknika da, protoietatik abiatuta. Espalazioak egiten duena da atomo baten nukleoa ezpaldu, nukleoak neutroi-pultsuak emititu ditzan. Prozesu hori sortzeko, beharrezkoa da protoi multzo bat eremu elektromagnetikoen bidez azeleratzea, energia kantitate handia eskuratzen duten arte. Une horretan, material astun baten kontra zuzentzen dira, eta talkak abiatzen du neutroiak sortzen duen erreakzio nuklearra. Material astun hori, noski, wolframa da.
Espalazioa egiteko ingeniaritza-gailuak, wolframezko 36 sektore ditu (elementu horrekin egindako 7.000 pieza guztira), 2,5 metroko diametroa duen gurpil baten barruan kokatuta. Gurpilak 30 rpm-ko abiaduran biratuko du eta horrela protoi-sortak sektore bati eragingo dio aldiko, neutroiak lortuz. Zirkuitu osoa helio bidez hozten da. Guk dohaintzan jaso duguna 7.000 pieza horietako bat da.
Wolframa fusio nuklearretako instalakuntza esperimentaletan ere erabiltzen da, dibertoreetan hain zuzen ere, hau da, karga termiko handiena jasaten duten sistemetan. Aplikazio berri hau ezagutzera emateko, Erresuma Batuko Culham Centre for Fusion Energy (CCFE) erakundeak maileguan utzitako dibertoreko pieza bat izan genuen museoan ikusgai, aldi baterako.
Egileez: Bergarako Laboratorium Museoko talde teknikoa.
Errekalde Jauregia, Juan Irazabal pasealekua, 1. 20570 Bergara
Harremanetarako: 943 769 003 eta laboratorium@bergara.eus
1 iruzkina
[…] daude. Haietan, zundaketa hodiari koroa izeneko mutur bat jartzen zaio; koroak diamantezko edo wolframezko aho ebakitzaile bat dauka, eta abiadura handian biratu dezake kanpoko motor bati esker. Hala, lurra […]