Tigre bat denda batean. Historia naturaleko bildumen nondik norakoak

Bergarako Laboratorium Museoa

1970eko hamarkadan bergarar asko harrituta gelditu ziren herriko denda bateko erakusleihoan tigre bat ikusi zutenean. Taxidermia bat zen, animalia ez zegoen bizirik. Baina egia esan, oso ondo konbinatzen zuen bertako arropekin. Eta harrigarria zen tigre bat han ikustea. Dena den, herritarrek orduan jakin ez arren, ale hori ez zen ehizatu Asian, Bergarako arropa denda bat apaintzeko. Ale hori, bilduma zientifiko bat osatzeko ehizatu zen, ehun urte lehenago gainera.

Urte askotako ikerketari esker orain badakigu tigre hori zoologia bilduma bateko ale bat izan zela, Bergarako Errege Seminarioko historia naturaleko kabinetekoa, hain zuzen ere. Gaur egun, Laboratorium museoko bildumako ale bat da, Z-0358 inbentario zenbakia duena, eta 6/6.02/FELIDAE/006 katalogo zenbakiduna. Badakigu XIX. mendekoa dela, azken laurdenekoa.

Garai hartan tigrea ugaria zen oraindik, eta zoologia bildumetarako lor zitekeen. Asiako hego ekialdeko oihan tropikaletatik eta ipar ekialdeko konifera basoetatik Anatoliaraino eta Ukrainaraino aurkitzen zen (bai, Europako ekialdeko mugetaraino!). Ugaztun handien harraparia da tigrea. Gizakiarentzat arriskutsua izan daitekeelako, harrapari handia eta ederra delako ere, ehizatu izan da; eta espeziearen populazioak eusteko egokiak diren kalitatezko habitatak ere asko murriztu dira. Ondorioz, espeziea arriskuan dago. Gure alera itzulita, ongi ikertu eta dokumentatu ondoren, 1997 urtean zaharberritu genuen eta gaur egun kontu handiz kontserbatzen dugu museoan, oraindik ere funtzio garrantzitsuak betetzen dituelako.

1. irudia: Tigrearen irudia aurrez aurre. Seminarioko argazki zaharra. (Argazkia: Bergarako Laboratorium Museoa)

Zeintzuk dira ba horrelako ale baten funtzioak? Bilduma zientifikoek funtzio desberdinak betetzen dituzte, eta sarritan funtzioa beraien “adinarekin” aldatzen joaten da. Hori gertatu zaio gure tigreari ere. Bilduma zientifikoak objektuen multzo sistematikoak izaten dira, helburu zientifikoak lortzeko biltzen direnak hasieran, natura edota gizakia bera ikertzeko erabiliak. Gure kasuan, XIX. mende amaieran bilduma zoologiko handia sortu zen Errege Mintegian, munduko naturaren aniztasuna eta eboluzioaren teoria hobeto ulertzeko (eta, posible izango balitz, ezeztatzeko). Helburu horrekin, ale asko erosi ziren Parisen, tartean Z-0358 tigrea.

Natura ulertzeko saiakera hura amaitu zen aspaldi, baina gaur egun funtzio historiko garrantzitsua betetzen du. Gure iragana nolakoa izan zen eta gaur egunera nola iritsi garen erakusten laguntzen digu, Darwinismoaren inguruan izan genituen zalantzen lekukoa da. Kultur ondarearen osagaia bihurtu da.

Ez da hor amaitzen ale honen balioa. Museoko ale original guztiak bezala, errealitate zati bat da, errealitate ukaezina, eta horrek jarduera didaktikoetarako balio izugarria ematen dio. Laboratorium museoan zientzia zaletasuna sortzeko (harrobia egiteko) erabiltzen ditugu honelako aleak alde batetik; eta bestetik, zientziak eta berrikuntzak iraganean, gaur egun eta etorkizunean izan duen / izango duen garrantziaren inguruko hausnarketa sustatzeko ere erabiltzen ditugu. Objektu originalek historia eta istorio asko kontatzeko aukera ematen dute, izan ere, oso sinesgarriak dira.

2. irudia: Z-0358 Panthera tigris, Laboratorium museoa, zoologia bilduma. (Argazkia: Bergarako Laboratorium Museoa)

Zientziaz ari garenez, ez dugu inoiz ahaztu behar ale zaharrek aukera berriak gordetzen dituztela ziur. Zoologia eta botanika bildumen kasuan, esate baterako, gero eta nabariagoa da zein garrantzia duen iraganeko eta gaurko materiala gordetzea, kontserbazioaren biologian erabili ahal izateko: kutsaduraren metaketaren erregistro bihurtzen dira; informazio genetikoa eskuratzeko balio dute…

Erakusleihoko tigrearekin hasitako historia honekin amaitzeko, gaurko objektu zientifikoen inguruko azken hausnarketa bat planteatuko dugu. Esan dugu objektu hauek ikerketarako tresna izaten direla hasieran. Ondoren froga izatera pasatzen dira, ikertzaileak berak edo beste batek momenturen batean ideia zientifiko bat egiaztatzeko edota berraztertzeko dauzkagun frogak (hori oso garrantzitsua da zientzian). Denborarekin kultur ondarearen osagai bihurtu daitezke. Eta hori dena horrela izanda, gaur egun zientzia egiten duten erakundeek zer gordetzen dute? Ba al dago eguneroko ikerketen ondorioz sortutako material zientifikoen inguruko bilduma politikarik? XXI. mende amaieran izango al dugu mende hasierako alerik, gaurko zientzialarien ahaleginen eta gaurko errealitatearen lekukorik?

—————————————————–

Egileez: Bergarako Laboratorium Museoko talde teknikoa.

Errekalde Jauregia, Juan Irazabal pasealekua, 1. 20570 Bergara

Harremanetarako: 943 769 003 eta laboratorium@bergara.eus

—————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>