Txoriak eta saguak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Oxigenoa


Duela ia mende erdia, Ameriketako Estatu Batuetako Duke Unibertsitateko ikertzaile batek etxetxori batzuk eraman zituen 6.100 metroko altueran zegoen toki batera. Itsasoaren mailan dagoen oxigenoaren erdia baino gutxiago dago altuera horretan. Jokabide normala erakutsi zuten txoriek; ez zirudien altuerak inolako eragin berezirik zuenik haiengan. Horrek esan nahi zuen beharrezkoa zuten oxigenoa lortzeko gai zirela txoriak, nahiz atmosferan oxigeno gutxi egon. Txoriekin batera, tamaina bereko saguak ere eraman zituen. Saguek, berriz, oso portaera desberdina erakutsi zuten. Etzanda geratu ziren, koman ia-ia.

1. irudia: Txoriak leku altuetan bizi ahal izateko moldatuak daude.

Txoriek oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina edukiko zutela pentsatu zuen ikertzaileak hasieran; azken batean, horixe da goialdeetan bizi diren ugaztunek erakusten duten ezaugarrietako bat (ikus Andeetako kamelidoa atala). Neurtu zuenean, baina, ez zuen aurkitu saguen eta txorien odolen hemoglobinen arteko desberdintasun esanguratsurik. Beraz, sistema kardiobaskularraren edo arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduan egon behar zuen gakoak.

Sistema kardiobaskularraz dihardugula, esan beharra dago hegaztien bihotza oso handia dela; izan ere, tamaina bereko saguena baino ia 3 bider handiagoa da etxetxorien bihotza. Bihotz handia izanik, odol-bolumen handia bultza dezake taupada bakoitzeko. Horrez gainera, hegaztien birikak oso eraginkorrak dira, ugaztunenak baino askoz ere eraginkorragoak. Ikus dezagun lehenengo nolakoa den ugaztunen arnasketa, hegaztiena gero hobeto balioetsi ahal izateko.

Arnasa hartzean eta botatzean bide beretik joaten eta etortzen da arnasturiko airea ugaztunen biriketan. Hori dela eta, hartzen den aire berria nahastu egiten da biriketan zegoen airearekin, eta nahaste horren ondorioz, odolari oxigenoa eman behar dion aireak ez dauka aire freskoak bezainbeste oxigeno, nabarmen gutxiago baizik. Izatez, arnasturiko aireko O2aren presio partzialaren eta odoleko O2aren presio partzialaren arteko aldea da odolerako transferentziaren intentsitatea baldintzatzen duen eragilea. Beraz, alde hori txikia da birikan dagoen airearen oxigeno-presioa baxua bada edo odolarena altua bada, eta ugaztunen kasuan lehen baldintza hori betetzen da. Beraz, zorro modukoak diren birikak dauzkagun bitartean, ugaztunok ez dugu arnasa eraginkortasunez hartuko.

Beraz, badakigu zein diren goialdeetan egon ahal izateko txoriek erakusten dituzten ezaugarriak. Zentzu batean toki altuetan bizi ahal izateko aurremoldatuta daudela oso esan genezake.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.