Jo eta ke minbiziaren aurka

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Guztiok ezagutzen dugu Steve Jobs enpresari aberats amerikarra, pankreako minbiziak jota hil zen, ebakuntza garaiz ez egiteagatik. Gaixotasuna aurkitu ziotenean egin izan baliote ebakuntza, oso desberdin bukatuko zen kontua agian. Hala ere, Jobsek erabaki zuen terapia alternatiboetara jotzea, eta oso berandu egingo zuen bizitza salba ziezaiokeen ebakuntza. Hau ez da zoritxarrez kasu bakarra, bukaera izugarrietara iristen dira gaixoak, terapia eraginkorrei uko egiten dietenean.

Osatzeko ez ezik, gaixotasunak saihesteko ere jotzen dute zenbaitek horrelako baliabideetara. Dieta batzuk, tumoreak ekiditen dituztelakoan iragartzen dira ageri-agerian.

Azkenean, oso lotsagabeak eta gaiztoak dira batzuk, aldarrikatzen baitute gaixoak beraiek baitira beren gaixotasunaren eragile: ozen esaten dute arazo psikologikoren bat dutela gaixoek, eta ez direla behar bezala bizi.

minbiziaren aurka
Irudia: Minbizia gaixotasun hedatuenetariko bat da herrialde garatuetan. Denboraren poderioz, gure gorputzeko zelulak zahartuz joaten dira eta, halako batean, akatsen batengatik edo zahartu direlako, gaixotasunak ager daitezke. Beraz, minbizia, nolabait esateko, norberaren zelulak gaiztotzen direnean ager daiteke.

Gero eta ugariagoak dira “minbiziaren aurkako” dietak. Dieta alkalinoa da ezagunenetakoa. Adibide gisa erabiliko dut hemen dieta hau, agerian utzi nahi dudalako jokabide hauen guztien zentzugabekeria. Gauza ondo ulertzeko, kontuan hartu behar da minbizi-zelulen ingurunea azidoa izaten dela, eta dieta hau bultzatu nahi dutenek aldarrikatzen dutela azidotasun hori dela minbiziaren eragile. Horrela ba, pentsatzen dute ezabatu egin behar dela azidotasun hori, dieta alkalino bat hartuta.

Izan ere, zelula osasuntsuek baino glukosa gehiago erabiltzen dute minbizi-zelulek, energia lortzeko. Glukolisi izeneko metabolismo-bidezidor bat erabiltzen dute horretarako. Berez, zelula hauetan ez dira gertatzen beste animali ehun batzuetan oxigenoaz baliatuta gauzatzen diren prozesuak, eta produktu azidoak ematen dituzte glukolisiaren ondorio modura; horretxegatik da azidoa zelula hauen ingurunea. Antzera gertatzen da gure muskuluetako zeluletan, ahalegin fisiko handia egiten dugunean: baldintzapen horietan ere glukosak hainbat aldaketa pairatzen ditu, eta azkenean azido laktiko bihurtzen da.

Warburg efektua” deritzo minbizi-zelulek lehentasunez glukosa erabiltzeari, Otto Warburgek deskribatu zuelako prozesua 1924.ean. Berak proposatu zuen azidotasunaren ondorio izan litekeela minbizia, baina ikusia dugu ordea alderantziz gertatzen dela eta minbizia dela azidotasuna eragiten duena. Edonola ere, argi esan behar da ingurunearen azidotasun maila ezin dela dietaren bidez aldatu. Fisiologikoki zorrotz erregulatua dagoelarik, dietak ez dio inola ere eragiten azidotasun mailari.

Egia da izugarri kostatzen zaiola jendeari minbizia duela onartzea, eta are gehiago kostatzen zaio kimioterapia bezalako tratamendu agresiboak eman behar direnean. Hori dela eta, ez da hain bitxia gaixoak terapia alternatiboetara jotzea, baldin eta ohiko medikuntzak ezarriko badio tratamendu gogorra, albo efektu oso ezatseginekoa eta zenbaitetan jarduteko ezintasuna. Gainera, gaixoen sufrimenduez baliatuz, batzuek tratamendu leunak eskaintzen dituzte, ohiko bide onkologikoetatik kanpo. Argi esan behar da ordea gure osasun-sistemako medikuak direla terapia eraginkorrena agintzeko gai diren bakarrak. Bidea gogorra denean, ulergarria da bide errazetara jotzeko gogoa, baina minbiziaren aurka bide errazik ez dago.

Gehigarria:

Testu hau Deia aldizkariaren Con ciencia atalean argitaratu zen urtarrilaren 29an. Aurkako kritikak gertatu ziren, argudiatu izan zutelako Jobsen pankrea-minbizia ohikoa baino arinagoa zela eta horretxegatik onartu behar zitzaiola bide alternatiboak hartu izana. Hau idazten ari dena ez da ez onkologoa, ez eta medikua ere. Horrela ba, ingelesetik itzuliko dut Wikipediak dioskuna, norberak bere ondorioak har ditzan:

“2003ko urrian, minbizia antzeman zitzaion Jobsi. 2004.aren erdialdean, bere langileei esan zien minbizi-tumorea zuela pankrean. Oro har, oso pronostiko txarra izaten dute tankera honetako minbiziek, baina Jobsek argitu zuen berak tumore bitxia zuela, arinagoa, pankreako uhartexketako karzinoma modura ezagutzen dena.

Jobsek ez zien jaramonik egin medikuei bederatzi hilabetean zehar eta ez zuen ebakuntza onartu nahi izan. Horren ordez, gezurrezko mediku-dieta batez fidatu zen, eta gaixotasunaren aurkako tratamendu natural bat hartu zuen. Harvard ikerlari den Ranzi Amrik uste du alferrik laburtu ziola bizitza tratamendu horrek. Minbizia ikertzen duen David Gorski ere, medikuntza alternatiboaren aurkakoa da baina berak pentsatzen du bakar-bakarrik apur bat laburtu zitzaiola bizitza. Barri R.Cassileth, bestalde, buru da Memorial Sloan Kettering Cancer Center izenekoaren Medikuntza Integratiboaren Sailean eta bere ustez, Jobsi bizitza kendu zion medikuntza alternatiboan zuen sinesmenak. Funtsean, bere buruaz beste egin zuen. Jobsen biografo den Walter Isaacsonen hitzetan “bederatzi hilabetean zehar uko egin zion pankrea-minbiziaren aurkako kirurgiari, eta gero damutu egin zen bere erabaki horretaz, bere osasunak txarrera egin zuenean. Kirurgiaren ordez, dieta beganoa hartu zuen, eta akupuntura eta belar batzuk erabili zituen, Interneten aurkituta. Igarle bati ere galde egin zion. Berak fede handia izan zuen klinika baten zuzendari zen batengan, eta hor enemak eta ganorarik gabeko zenbait kontu erabiltzen zituzten. Azkenean, 2004.ean egin zioten ebakuntza tumorea kentzeko. Jobsek ez zuen hartu ez erradioterapiarik, ez kimioterapiarik”.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) Fisiologiako katedraduna da UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.