Giza faktoreari irtenbidea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Larrialdi egoeretan toki jendetsuak %25 azkarrago husten dituen ebakuazio sistema garatu dute Europako proiektu batean, Tekniker zentroa tartean dela. Besteak beste, pertsonen keinuak eta mugimenduak hartzen ditu aintzat, unean uneko histeria egoerak edo beste arazoak non gertatzen ari diren identifikatzeko. Anoeta estadioan eta Bilboko metroan egin dituzte proba pilotuak.

Nola hustu futbol estadio bat, metro geltoki bat edo aireportu bat ahalik eta azkarren, larrialdi egoera baten aurrean? Azken urteotan asko hobetu dira segurtasunaren alorreko diseinuak, besteak beste, teknologia berriei esker: larrialdi irteeren antolakuntza, suteetatik babesteko sistemak, ebakuazio planak… Baina bada punta-puntako gailuentzat ere aurreikusten zaila den aldagai bat: giza faktorea.

Izan ere, krisi egoeretan, askotan jendeak ez du arrazionalki jokatzen. Orduan, premiazko ebakuazio betean, nola jakin hustu behar den eraikineko zer puntutan piztu daitekeen liskarra, non zabalduko den histeria, edo zer irteera geratuko den blokeatuta, behar baino jende gehiagok hartu duelako bide horretatik ateratzeko hautu inkontzientea?

Giza faktore horixe eta beste aldagai ugari kontuan hartzen dituen sistema garatu dute, eVACUATE izeneko europar proiektuan. Aparteko egoerak detektatzen dituzten algoritmo adimendunetan dago oinarrituta, eta bukatu berri dituzten probetan egiaztatu dutenez, hari esker %25 arindu daiteke ekitaldi eta toki jendetsuak husteko prozesua. Grezia, Ingalaterra, Italia eta beste hainbat tokitako ikerketa erakundeek jardun dute elkarlanean ekimen honetan, bai eta Eibarko Tekniker zentroak ere. Besteak beste, Donostian eta Bilbon egin dituzte sistema eraginkorra dela egiaztatzeko probak.

Irudia: Bilboko metroan egin dute azken proba pilotua, aurtengo maiatzean.
(Argazkia: Mario Roberto Duran Ortiz / CC BY-SA 3.0)

Ebakuazio sistema berri honek lau helburu bete behar zituen: edozer egoitza edo azpiegituratan, huste konplexuen eraginkortasuna handitzea; ebakuazio planak unean uneko baldintzetara egokitzeko modukoak izatea; huste prozesua nola garatzen ari den dinamikoki ikuskatu ahal izatea; eta babes zibilaz arduratzen diren profesionalei laguntzea.

Hori guztia betetzeko, askotariko soluzioak konbinatzen ditu eVACUATE sistema adimendunak, uztartu egiten baititu datuen bilketarako punta-puntako teknikak eta analisiaz, kudeaketaz eta erabakiak hartzeaz arduratzen diren gailu berrienak. Gailu horien artean daude, esaterako, aparteko gertaerak detektatzen dituzten algoritmoak, kamera termiko eta hiperespektralak zein seinalizaziorako tresna dinamikoak. Horiei guztiei esker, plataformak badu egokitzeko ahalmena, larrialdi egoeretan gertatzen diren aldaketen aurrean; azkar hedatzen diren suteetan, kasu. Halakoetan, gertaerari buruzko informazioa eskaintzen du denbora errealean, eta une erabakigarrietan zirt edo zart egitea errazten du horrek.

Plataforma honek jendearen erreakzioak hartzen ditu kontuan, horixe da bere ekarpen handienetako bat. Bideozaintza kamerei esker, sistemak pertsonen mugimenduak zein keinuak identifikatu eta interpretatzen ditu. Hala, eraikina husten ari diren bitartean jendeak zer portaera duen aztertzen du, segimendua egiten die, eta informazio hori igorri egiten dio eraikinaren segurtasunaz arduratzen den lan taldeari. Hartara gida lanak egiten dizkie, jendea non eta nola mugitzen ari den erakutsiz, eta ebakuazioan egoera gatazkatsuak zehazki zer puntutan gertatzen ari diren edo gerta daitezkeen adieraziz.

Gainera, seinalizazio elementu dinamikoak ere baditu sistemak, ebakuazio prozesuan jendeari adierazteko non duen irteerarik egokiena. Komunikazio sare hori garatzea izan da, hain zuzen, Teknikerren egitekoa. Une bakoitzean seguruena den ebakuazio bidea erakusten diote jendeari seinale horiek, hiru koloredun (berdea, horia, gorria) argiztapenaren bidez. Huste prozesua azkartzen du horrek, bai eta jendea eraikineko puntu arriskutsuenetatik urrundu ere.

Bideoa: Anoetan egindako lehen probaren berri ematen duen bideoa ingelesez, gaztelaniaz azpititulatuta.

Iazko urrian egin zuten eVACUATE proiektuaren lehen proba pilotua Anoeta estadioan, eta maiatzean egin berri dute azkena, Bilboko metroan; tartean, Atenasko aireportuan eta itsas bidaietarako Frantziako ontzi handi batean ere aritu dira.

Anoetako aurreneko saio horretan, esaterako, lau ekintza egin behar izan zituzten boluntarioek. Lehenik, irteera arrunta egin zuten futbol-zelaitik. Bigarren ebakuazio saiakeran, ateetako bat blokeatu zieten, baina boluntarioek ez zuten amarruaren berri izan irteerara bertara iritsi arte, eta beraz, ondoren atzera egin behar izan zuten, beste aterabide baten bila. Hirugarren ekintzan, sistemak jendearen ezohiko jarrerak detektatzeko duen ahalmena neurtu zuten. Eta azkenik, larrialdi egoera batek eragindako ebakuazio baten simulakroa egin zuten, argiztatutako seinaleak jarraituz.

Hori horrela, eta lau proba piloturen ondoren, eVACUATE sistemak huste prozesua %25 bizkortu dezakeela kalkulatu dute ikerketa honetan.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.