Erreginatxo marraduna

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Jakin-min handia sortu dute, betidanik, hegazti migratzaileek. Bizi-baldintzak oso gogorrak diren tokietan ugaltzen diren espezie askok latitude bigunagoetara migratzen dute negua igarotzera. Latitude altuetan janari ugari dago udan eta uda inguruko hilabeteetan, eta, gainera, ingurune-tenperatura egokia da. Negua eta neguaren inguruko hilabeteak, berriz, oso gogorrak: janari gutxi dago, edo ezer ere ez, eta bizirik irautea bera ere ezinezkoa izan daiteke muturreko tenperatura hotzetan.

1. irudia: Hegazti-saldo migratzailea.

Txori txikientzat bereziki gogorrak dira latitude altuetako bizi-baldintzak. Txori txikiek handiek baino bero gehiago galtzen dute masa-unitateko, eta horregatik janari gehiago behar dute. Ez da harritzekoa, beraz, latitude altuetako txoriak migratzaileak izatea. Baina migratzea oso gogorra da. Scott McWilliams ikertzaile estatubatuarrak ikerketa interesgarriak egin ditu txori migratzaileei buruz, eta hemen laburbilduko ditugu berak lorturiko emaitzak.

Txoriek gantza eta proteinak pilatzen dituzte migrazioa prestatzeko. Migratzen hasi baino lehen gehiago jaten dute eta, gainera, proteina eta gantzetan aberatsak diren jakiak aukeratzen dituzte. Lau bider gehiago jan dezakete migratu aurreko egunetan, eta horretarako, handitu egiten dute digestio-sistemaren edukiera, handitu barik ezingo lukete-eta horrenbeste jan. Ingurune-seinale batek, fotoperiodoak, abiarazten du digestio-sistemaren edukiera handitzeko prozesua. Izan ere, egunaren argi-ordu kopuruaren aldaketa esperimentalen bidez piztu ahal izan dira laborategian gatibu mantenduriko txorien digestio-sistemaren handitzea eta ingestio-tasaren igoera. Hortaz, egun-argiaren iraupenaren sasoi-aldaketek sorturiko aldaketa endokrinoak dira gehiago jatearen, loditzearen eta gauaz hegan egiteko joeraren bitartekoak.

Beharrezkoak izango zaizkien proteinak eta gantzak metatu ondoren, txoriek migratze-bidaiari ekiten diote ugaltze-aldeetatik negua igarotzeko aldeetara joateko. Migrazioan zehar, hegaldi eta geldialdi zenbait txandakatzen dituzte latitude epeletako txori migratzaile gehienek. Beraz, energia eta elikagai erreserbak berreraikitzeko aukera dute geldialdietan, baina zenbait kasutan malgutu egin behar dute elikatze-portaera. Izan ere, txori intsektujale batzuk fruta jatera aldatzen dira geldialdietan, intsektu gutxi dauden tokietan fruta janez arinago lor baitezakete behar duten energia.

Hego Amerikan reinita rayada edo chipe gorranegra izenez ezaguna den Dendroica striata dugu aipatzeko moduko txoria. Txikia da: 14 cm-ko luzera du eta 12 g-ko pisua Ipar Amerikatik Erdialdeko Amerikara edo Hego Amerikako iparraldera migratzen du, eta bidaiaren zati handi bat Atlantikoaren gainetik egiten du. Bataz beste, 3.000 km-ko distantzia egiten du itsasoaren gainetik, eta horrek esan nahi du 88 orduko hegaldi etengabea egin behar duela. Bidaiaren eskakizun-maila, beraz, oso altua da, eta horren araberakoak dira txori horrek erakusten dituen moldaera fisiologikoak: batetik, migratzen hasi baino lehen, bere masa bikoiztu egiten du oso denbora laburrean (aste batean egin dezake), gantz- eta proteina-erreserbak metatuz. Bestetik, digestio-sistema atrofiatu egiten zaio hegaz egiten hasten denean. Digestio-aparatua oso aktiboa da, metabolismoa oso altua, eta, beraz, energia asko kontsumitzen du. Hori dela eta, eta 88 ordutan ezertarako ere erabili behar ez duenez, hobe du ahalik eta gutxien gastatzea aldi horretan. Horregatik atrofiatzen du digestio-sistema, atrofiaturik askoz gutxiago gastatzen duelako eta horrela aurrezten duen energia hegaz egiteko erabil dezakeelako.

2. irudia: Dendroica striata txoria. (Cephasen argazkia).

Aurkako bakarra du horrela jokatzeak. Izan ere, hegaldia bukatu eta berehala ezin du galdutako energia berreskuratu, digestio-sistemak egun bat edo bi baino gehiago behar baitu janaria berriro digeritu eta xurgatu ahal izateko. Hala ere, Dendroicak etekin argia ateratzen dio jokabide horri, migrazioa bukatu ostean galdutakoa berreskuratzeko denbora sobera baitu.

Izugarria da, bai, txori txiki horren digestio-sistemaren malgutasuna: migratu aurretik handitu egiten du, haren edukiera fisiko eta funtzionala nabarmenki emendatuz; migratzen hasterakoan, atrofiatu egiten du, baliabiderik xahutu ez dezan; eta migratu ostean funtzional bihurtzen du berriro ere.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

3 iruzkinak

  • […] «Erreginatxo marraduna» izenburuko atalean ikusi dugun bezala, Dendroica striata hegaztiak digestio-sisteman erregresio-prozesua gertatzen da migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz, funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina, horrela, energia asko aurreztu dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe […]

  • […] luzeak egiten dituen hegazti batez aritu gara beste atal batean, erreginatxo marradunaren digestio-sistemari buruzko atalean, hain zuzen ere. Bada, Dendroica striata migratzaile handia bada ere, migratzaile are handiagoa da […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.