Zimitzaren musua

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Europako zenbait zootan Triatoma generoko intsektuak erabiltzen ari dira animaliei odol-laginak hartzeko.

1. irudia: Triatoma espezieko intsektua. (Bernard Duponten argazkia).

Dirudienez, ez da erraza zooetako zenbait animaliari odola erauztea, osasun-azterketak egiteko hartu behar diren odol-laginak txikiak badira ere. Anestesiatu egin behar dira animaliak. Baina zenbait espezietan ―jirafetan, esaterako― oso arriskutsua da anestesia, eta, beraz, odola maiz erauzi behar bazaie, jirafa hiltzeko arriskua handiegia izaten da.

Triatoma generoko intsektuak ugaztunen odola xurgatuz elikatzen dira. Espezie asko dira genero horretakoak eta batzuk oso ugariak Ameriketan. Hego Amerikan chinche besucona, vinchuca, chipo edo barbeiro izenez deitzen dituzte, eta kissing bug izenaz ingelesez. Horregatik, euskaraz, “zimitz musukatzailea” izena eman diogu guk.

Odola erauzteko metodo hori arrakastatsua izan da hipopotamo, gepardo, jirafa, elefante eta errinozero zurietan. Zimitz musukatzaile izena intsektuaren elikatze-portaerari dagokio. Izan ere, ezpainen alboetatik edo betazaletatik xurgatzen du gizakien odola lotan daudenean. Horretarako, hozkaren mina gutxitzeko entzima bat erabiltzen du, eta horixe da animalien odola erauzterakoan estresik sortzen ez duen metodo hau erabiltzeko arrazoia.

Prozedura bitxi hau garatu dutenen arabera, erabilitako zimitz musukatzaileak gizatasunez hiltzen dituzte, baina, egia esan, ez dute azaldu xurgaturiko odola eskuratzeko zer egiten duten.

Kontu bitxia da hau, zeren zooetako animalien osasuna zaintzeko erabiltzen den Triatomak osasun-arazo larriak sorraraz baititzake Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikako zenbait herritan. Izan ere, Trypanosoma cruzi protozooak eragiten duen Chagas gaitza kutsa dezake, eta, gainera, bere listu-proteinek alergia-erreakzio gogorrak eragiten dituzte. Zimitzaren musuaren paradoxak!


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.