Agur bero bat, Cassini

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ostiralean, hilak 15, Cassini espazio-ontzia (NASA) Saturnoren atmosferan murgildu eta betiko desagertu zen.

1. irudia: Cassini espazio-ontzia. (Argazkia: NASA)

1997ko urriaren 15ean jaurti zen Cassini-Huygens misioa Cabo Cañaveraletik (EEBB). Bi zatiz osatuta zegoen, Cassini Saturnoren inguruan biraka egongo zen orbitadorea eta Huygens ontzia (ESA) Titanen, Saturnoren ilargi nagusienean, lur hartu behar zuen zunda.

Bi ontziek elkarrekin akoplatuta Lurretik Saturnorako bidaia egin zuten, ia 7 urtean. Bidean, bizpahiru flyby egin behar izan zituzten. Flyby bat egiten denean, objektu batera hurbildu eta bere grabitatearen indarra erabiltzen da abiadura irabazteko. Normalean, planeta bat izaten da objektu hori.

Horixe da espazioan bidaiatzeko modu ohikoena gaur egun. Artizarraren inguruan bi flyby eta Lurraren inguruan bat egin ondoren, 2000. urtean Jupiterretik gertu igaro eta bere atmosferaren irudi paregabeak hartu zituen Cassini-Huygens misioak, bertan jardunean ari zen Galileo espazio-ontziaren (NASA) zientzia osatuz.

2004ko uztailaren 1ean kokatu zen Cassini Saturnoren inguruko orbitan eta abenduaren 23an Huygensek bere Titaneranzko bidaiari ekin zion. Hiru aste beranduago lur hartu zuen bertan. Bi gertakariak oso garrantzitsuak izan ziren teknologiaren aldetik. Cassini Saturno inguruan inoiz kokatu den lehen orbitadorea izan da eta Huygens Lurretik urrunen lur hartu duen zunda.

Huygensek 72 minutu besterik ez zituen iraun Titanen gainazalean bateriak xahutu aurretik. Titanen atmosfera zeharkatzen zuen bitartean, haizearen abiadura neurtu eta atmosferako gas eta partikulen konposizioa aztertu zituen. Gainazaletik irudi bat bidaltzeko gai ere izan zen, eta Titanen benetako kolorea erakutsi zuen (ikus 2. irudia). NASAk bideo paregabe bat du Huygensen jaitsierari buruzkoa, “Musical Descent to Titan” izenburupean.

2. irudia: Huygens zundak Titanen gainazaletik bidalitako irudia. (Argazkia: NASA/JPL/ESA/University of Arizona)

Bestalde, Cassini orbitadorea, ia 13 urtez egon da Saturnoren atmosfera ikertzen. Hasiera batean 4 urterako pentsatua zegoen misioa, baina instrumentuen egoera ona eta erregai kopurua kontuan harturik, misioa luzatu ahal izan zen. Birritan! Lehenengo luzapena 2008tik 2010era izan zen eta Saturnoren ekinozioa ikertzeko aukera bikaina eskaini zuen. Bigarren luzapena aurten amaitu da, 2017ko apirilean. Urte hauetan guztietan Cassinik Saturnori buruzko informazio berri eta interesgarri ugari pilatu du. Esaterako, 30 urtetik behin sortzen diren ekaitz erraldoietako bat ikertu ahal izan du, baita ipar poloko Hexagono ospetsua ere (ikus 3. irudia). Saturnoren inguruan ezagutzen ez ziren ilargi berriak ere topatu dira Cassini-Huygens misio honi esker, baita eraztun berriak behatu ere. Enzelado ilargiak, gainazal izoztuaren azpian, itsaso gazi bat izan dezakeela sostengatzen duten frogak bildu dira. Eta Titan zentzu askotan Lurraren antzekoa dela egiaztatu da; lakuak, ibaiak, hodeiak, euria eta abar ikus daitezke bertan. Hori bai, metanozko lakuak, ibaiak eta hodeiak lirateke eta ez Lurrean bezala urean oinarritutakoak.

3. irudia: Saturnoko ipar poloko Hexagonoa. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute)

Azken urteotako misiorik emankorrenetakoa izan da Cassini, zientziaren eta teknologiaren aldetik. Ez dezagun ahantz Saturno Lurretik mila milioi kilometrora dagoela. Hala ere, erregairik gabe geratu aurretik amaiera egoki bat eman zitzaion ostiralean. Saturnorantz zuzendu eta atmosferan murgilarazi zuten, bertako presio eta tenperatura altuek espazio-ontzia desegin zezaten. Sakrifizioa ez da alferrikakoa izan, planeta erraldoiaren atmosferan murgiltzen zen heinean Cassinik Saturnoren azken datuak jaso baitzituen hurbil-hurbiletik. Gainera, modu honetan, Saturnoren inguruan zabor espazialik ez da geratuko, eta Cassiniri agur bero bat eman diogu.


Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.