Cassiniren suizidioaren fruituak: uzta oparoa jasotzen hasia da

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Juanma Gallego

Cassini zundak haren misioaren amaieran egin zituen azken maniobra ausartei esker, Saturnoren biraketa zehatza, planetaren barne estruktura eta eraztunen adina ezagutu ahal izan dira.

2017ko irailean izan zen Cassini zundaren Amaiera Handia. Zunda zaharra azken unera arte lanean arituko zela esan zuten orduan NASAko arduradunek. Zundak bere buruaz beste egin izanagatik, ilargiak kutsatzeko arriskua desagerrarazteaz gain, Cassini datu baliotsuak eskuratzeko eta bidaltzeko moduan egongo zela ere esan zuten. Ez dute hutsik egin: argi dago ez zela marketin kontua izan, edo, behintzat, hori baino askoz gehiago bazen.

1. irudia: Saturnoko eraztunek duten masa badakigu orain, eta, datu horri esker, ikertzaileek ondorioztatu dute haien adina zein den. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech)

Orotara, Cassini 292 orbita egin zituen Saturnoren inguruan, eta horiei esker, eraztunen osaketari eta dinamikari buruzko datu andana eskuratu zituen. Bizitzaren amaierara hurbiltzen ari zela, misioaren kontrol gunetik gero eta maniobra ausartagoak egitera animatu ziren. Horietako maniobra bat izan zen planetaren eta haren eraztunen artean igarotzea: 2017ko apirilean Saturnoren eta haren eraztunen artean sartu zen Cassini. 22 aldiz egin zuen orbita hori, eta, horietatik, bostean posible izan zen doitasun handiarekin zundaren abiadura ezagutzea, irrati uhinen igorpenei esker.

Uneoro Cassiniren kokapen zehatza jakinda, planeta beraren eta eraztunen grabitazioa oso ondo neurtu ahal izan zen, bakoitza bere aldetik. Bestela, arras konplikatua lirateke bereiztea zein zen eraztunen grabitazio indarra eta zein planetarena, kontuan izanda pare-parean gasezko erraldoi baten grabitazio erraldoia dagoela.

Ohi bezala, kreatibitatea baliatu behar izan dute 1.400 milioi kilometrora dagoen mundu baten elementuak “pisatzeko” eta adina ezagutzeko. Gakoa partikuletan egon da (eraztunen %99 izotza da, eta silikatozko partikulak gainerako %1). Eraztunek sortzen duten grabitatea jakinda, 1,54 X 10^19 kg-ko masa ondorioztatu dute. Hori Mimas ilargiak duen masaren erdia baino txikiagoa da, gutxi gorabehera (%41). Masa jakinda, bertan dauden partikulen kopurua kalkulatu dute, eta horiek metatzeko beharrezkoa izan zen denbora kalkulatu dute ere. Eredu teorikoek aurreikusten dutenez, gero eta masiboagoak, orduan eta zaharragoak dira eraztunak. Horregatik, eraztunek 10-100 milioi urte bitarteko adina dutela uste dute, planetak 4.500 milioi urte dituen bitartean. Science aldizkarian jaso dituzte emaitzak.

Zientzialarientzat ez da erabateko ezustekoa izan. 1980ko hamarkadan Voyager zundei esker eskuratutako datuek norabide horretara jotzen zutelako ere. Baina orain datu berriek berretsi dute artean susmoa besterik ez zena.

2. irudia: 2017ko irailean gertatu zen Cassini zundaren Amaiera Handia, Saturnoren gainean amilduta. Bizitzaren azken hilabeteetan egin zituen orbitarik ausartenak. (Irudia: NASA/JPL-Caltech)

Ez dute argitu eraztunak nola sortu ziren, ezta bakoitzaren adina zein den. Eraztun horiek nola sortu ziren misterioa da oraindik. Zenbait proposamenaren arabera, planetarekin batera jaio ziren, baina, datu berrien argitara, aukera hori alboratutzat eman daiteke jada. Planetarekin batera sortu ez baziren, argi dago objektu batean edo objektu multzo batean izan behar dutela jatorria. Aukera bat da orain desagertu diren ilargi izoztu batzuk noizbait txikitu izana, talka baten ondorioz. Talka horren hondarrak lirateke egun ikusten diren eraztunak. Beste batzuek uste dute kanpotik etorritako kometa batean egon zitekeela jatorria: Saturnoren grabitazioak harrapatuta, kometa txikitu egin zen. Orain dakigunez, horixe izango da Marteko Phobos satelitearen patua: planetara gerturatzen ari denez, etorkizun urrun batean Marteren grabitateak, marea-indarren bitartez, satelitea birrinduko du, eraztun bihurtuta.

Biraketa eta barne estruktura

Eraztunei dagokien informazioa da, zalantza barik, publiko zabalari atentzio gehien ematen diguna, baina planeta-zientzialariek beste irakaspen garrantzitsuak lortu dituzte datu hauetatik. Atera duten ondoriotako bat da planetaren barruan oso biraketa diferentzial handia dagoela: sakontasunaren araberakoa da biraketa hori. Ekuadorrera hurbildu ahala, errotazio hori handiagoa da. Horri esker, kalkulatu dute atmosferak gutxienez 9.000 kilometroko sakontasuna duela. Bestetik, Saturnoren barne nukleoaren masa ondorioztatu dute: Lurrak duen masa halako 15-18 da. Nukleo hori, Jupiterrena ez bezala, oso ondo bereizita dagoela iradoki dute zientzialariek.

Biraketa beraren inguruan beste emaitza bat atera dute. Harrigarria dirudien arren, 2019an plazaratutako datu hauei esker zientzialariak gai izan dira planeta erraldoiaren biraketa-periodo zehatza behin-betiko finkatzeko. Gasezko planeten kasuan, azaleran erreferentziazko punturik ez dagoenez, astrofisikariek eremu magnetikoaren igorpenak hartzen dituzte abiapuntutzat. Baina bide horretatik Voyager eta Cassini zunden bidez eskuratutako datuak ez zetozen bat. Orain datu horiek modu finagoan zehaztu ahal izan dira, eremu magnetikoa ez baizik eraztunak abiapuntu hartuta. Izan ere, planetaren eremu magnetikoak sortzen dituen bibrazioak eraztunetan “islatu” egiten dira, uhin baten modura, eta mugimendu horietan jarri du arreta berezia Cassinik. Horri esker, baieztatu ahal izan da zen den Saturnoko egun baten iraupena: 10 ordu, 33 minutu eta 38 segundo. Hortaz, esan liteke, estruktura liluragarria izateaz gain, erloju erraldoia ere badirela Saturnoko eraztunak.

Erreferentzia bibliografikoa

Iess, L. et al., (2019). Measurement and implications of Saturn’s gravity field and ring mass. Science, 17, eaat2965. DOI: 10.1126/science.aat2965


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] eredu teorikoek aurreikusten dutenez, gero eta masiboagoak, orduan eta zaharragoak dira eraztunak. Eraztunek 10-100 milioi urte bitarteko adina dutela uste dute, planetak 4.500 milioi urte dituen bitartean. Baina badago misterioak argitzeko parada oraindik. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.