Artizarreko atmosferak eguneko eta gaueko aldean jokabide ezberdina duela aurkitu du UPV/EHUren partaidetza duen nazioarteko ikerketa batek.
Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa lan honi esker gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri da. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu dituzte planetako gaueko aldea ikertzean.
Lurrean atmosferak planetaren beraren antzeko erritmoan biratzen du. Artizarrean, aldiz, atmosferak lau egunetan ematen dio bira planetari eta planetak 243 egun behar ditu bere ardatzari bira emateko. Atmosferaren errotazio azkar horri “superrotazio” deritzo. Fenomeno hau eragiten duten mekanismo fisikoak ezezagunak dira oraindik. Artizarreko atmosferak superrotazio hori izateko energia nondik ateratzen duen misterioa da eta eredu numerikoek ez dute planetaren simulazio errealistarik lortu.
Global Circulation Modelsen, Artizarraren atmosferaren jokaera eta zirkulazio ereduen, arabera superrotazioa antzeko moduan gertatzen da planetaren eguneko aldean zein gaueko aldean. Ikerketa honek, baina, ezeztatu egiten du aurreikuspen hori: superrotazioa irregularragoa eta kaotikoa dirudi gaueko aldean.
Artizarreko eguneko aldeko zirkulazio atmosferikoa ikertu izan da orain arte, argi ultramorean egindako irudien behaketei esker zehaztasunez neurtu ahal izan baitira lainoen mugimenduak. Datu horietan oinarritutako ereduek ez dira gai izan superrotazioa erreproduzitzeko, baina. Hartara, datu gehiagoren bila aztertu dute gaueko aldea.
Behaketa berriak
70 kilometroko altueran daude Artizarreko lainorik altuenak eta bertan gertatzen da, hain justu, superrotaziorik indartsuena. Haien emisio termikoari esker ikus daitezke laino horiek gaueko aldean, baina behar bezalako behaketak egitea zaila izan da orain arte, irudi infragorrien kontrastea nahikoa ez zelako xehetasunak ikusteko.
ESA Europako Agentzia Espazialak Artizarrera egindako lehen misio espaziala, Venus Express, 2005etik 2014ra arte orbitatu zuen planeta. Espazio-ontzian, beste tresnen artean, VIRTIS espektrometroa zegoen eta tresnak egindako behaketen analisia izan da ikerketaren oinarria. Hawaiin dagoen NASAren IRTF teleskopioa erabilita beste ikertzaile talde batek egindako behaketa independenteak gehitu zitzaizkien.
Irudiak prozesatzeko teknika berriak ere baliatu dituzte Japonia, Espainia, Alemania eta Italiako ikerlariek osatutako ikerketa taldeak Artizarreko gaueko aldea aztertzeko.
Iturria
UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Gaua Artizarrean: haize-boladak ezin dira aurreikusi, uhin mugiezinak ditu eta laino aldakorrak
Erreferentzia bibliografikoa
Nature Astronomy, 1, 0187 DOI: http://dx.doi.org/10.1038/s41550-017-0187
1 iruzkina
[…] Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa batek misterioa argitu du eta gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri du. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu […]