Asteon zientzia begi-bistan #184

Uxune Martinez

Astronomia

Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa batek misterioa argitu du eta gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri du. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu dituzte Artizarraren gaueko aldea ikertzerakoan. Zientzia Kaieran hurbildu dizkigute xehetasun guztiak: Gaua Artizarrean.

Biologia

Benetan bitxia Juanma Gallegok asteon Zientzia Kaiera blogean landu duen gaia. Kazetariak azaldu du onddoek egindako “sukalde lanari” esker garatu ahal izan zirela landareak. Hau da, oxigeno ugariko atmosfera sortzeko orduan onddoek funtsezko rola bete izan zutela. Izan ere, onddoek eboluzioan izan duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daitekeela uste dute ikertzaileek.

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia biologoek Taricha generoko arrabioen larruazal pozoitsuari erreparatu diote. Taricha granulosa arrabioa da genero horren kide ezagunenetako bat. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean dauden estatuetan oso ezaguna da arrabio hori, eta mundu guztiak du haren pozoiaren berri, baita ere Thamnophis sirtalis izeneko sugeak, bera baita arrabioaren harrapari bakarra. Sugea eta arrabioaren inguruko istorio osoa Zientzia Kaieran ekarri digute: Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea.

Fisika

Mpemba efektua du izena eta fenomeno bitxi bat deskribatzen du. Izan ere, intuizioaren kontra doan fenomeno fisikoa bat du oinarrian: ur beroa ur hotza baino arinago izozten dela. Aristotelesen garaitik ezaguna da eta antza, filosofoak esaten omen zuen: “Jakina da aire zabalean jartzen badugu likido bat hau izozteko asmoz, arinago leituko da beroa bada”. Azalpen ezagunik ez duen efektu honen zergatira hurbildu berri du Madrilgo Carlos III, Extremadurako eta Sevillako Unibertsitateetako ikertzaileez osatutako talde batek. Efektu interesgarri honen nondik norakoak ederto bildu dituzte Sustatun: Ur beroa lehenago izozten da ur hotza baino (bai, ondo irakurri duzu).

Kultura Zientifikoa

Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu mitoak edo uste okerrak oso ohikoak direla egun eta zenbait kasutan, arriskutsuak ere izan daitezkeela. Izatez, egia da zenbaitetan mitoen atzean badela zentzuzko arrazoirik, baina, oro har, zientziak aurrera egin ahala, usteak besterik ez zirela frogatu da. Mito hauei buruzko informazioa: Usteak erdi ustel (I).

Neurozientzia

Glia nerbio-sistemako zelula ez-neuronalak dira eta Ben Barres neurozientzialariak frogatu zuen gliako zelulek ere funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela, eta aintzat hartu behar zirela garuna ezagutzeko eta harekin erlazionatutako gaitzak ulertzeko. Elhuyar aldizkarian jakinarazi dute Ben Barres ikertzailea 2017ko abenduren 27an hil zela, 63 urterekin, pankrea-minbiziak jota: Ben Barres neurozientzialari iraultzailea hil da.

Osasuna

Ganteko Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek doktoregaiak izan ditu ikerlerro. 3.600 doktoregairen buru-osasunaren 12 adierazle neurtu dituzte. Besteak beste, presiopean sentitzea etengabe, goibel eta deprimituta egotea, loa galtzea, zailtasunak gainditzeko ezintasuna, ez gozatzea eguneroko jarduerekin, konfiantza galtzea, kontzentratzeko arazoak izatea edota erabakiak hartzeko ezindura. Emaitzek erakutsi dutenez, doktoretza egiten ari direnen artean, hirutik batek gaixotasun psikiatriko bat pairatzeko arriskua du. Xehetasun guztiak eskaintzen dizkigu Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian: Zaintzaren beharra, ikerketa-munduan ere.

Robotika

Teknologiaren alorrean robotikak hainbat aurrerapauso eman ditu azken urteotan. Duela aste batzuk Juanma Gallego kazetariak Wyss Institutuak garatutako arraia-robotak aurkeztu zizkigun. Asteon, berriz, Sustatun manta-arraia bionikoa aurkeztu digute. EvoLogics enpresa Bionic Observation and Survey System proiektuan lanean ibili da azken 4 urteotan eta aurkeztu berri du lortutako emaitza: BOSS Manta-arraia, itsaspeko ibilgailu autonomoa eta bionikoa.

2017ko zientziaz mintzo

130 milioi argi urtera zeuden bi neutroi izarren arteko talka antzeman zuten 2017an. Unibertsoaren taupada hauek biziaren adreiluak izan zitezkeen, geneak editatzeko CRISPR-Cas9 teknikaren aldaera berriak bezala. Biziaren adreilu berri hauez gain energia iturriak berriak ere bideratu ziren iaz, izan ere, Txinatik jakinarazi zutenez, itsaspean gordeta dauden metano hidratoetatik gasa erauztea lortu dutela. Eta itsaspean sekretuak badaude ere, Eguzki Sistematik kanpo ere hamaika gordeleku ditugu, bai, 3.500 exoplaneta inguru ezagutzen diren arren askoz gehiago daude esperoan. Eta Cassini zundak ez ditu antzemango mundu berri hauek, erretiroa hartu baitzuen joan zaigun 2017an. Istorio osoa Berrian Juanma Gallegoren eskutik: Dragoietan emandako urtea eta Sustatun ere zientziak iaz eman ziguna laburtua: 2017ko aurkikuntza zientifiko handienak, 4 minutuko bideoan laburbilduta.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>