Onddoei esker ere eratu zen gaurko atmosfera

Juanma Gallego

Lehen landareen bilakaeran gaur egungo atmosferaren eraketan onddoek izan zuten rola nabarmendu dute ikertzaileek. Onddoek egindako “sukalde lanari” esker garatu ahal izan ziren landareak.

Gainerako bizidunekin alderatuz, zeharo xumeak dira onddoak, baina biosferaren eboluzioan bete duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke. Hori aldarrikatu dute, bederen, Leedseko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek Royal Society elkarteko Philosophical Transactions aldizkarian kaleratutako ikerketa batean.

1. irudia: Onddoek eboluzioan izan duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke, zenbait ikerlariren ustetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Paleozoikoko ekosistemetan izan ziren baldintzak errepikatu dituzte hainbat esperimentutan. Horretako, garai horretan zegoen atmosfera mota batean hezi dituzte bai onddoak zein landareak. Ondoren, ordenagailu bidezko ereduak baliatu dituzte datuak prozesatzeko. Azterketa horien bitartez ondorioztatu dute oxigeno ugariko atmosfera sortzeko orduan onddoek funtsezko rola bete izan zutela. Oxigeno maila horiek behar-beharrezkoak izan ziren ugaztunen garapenerako, eta, finean, gaur egun Lurrean den biosferaren eraketarako.

Duela 500-400 milioi urte inguru handitu zen oxigenoaren kopurua Lurrean, batez ere, landareen garapenari esker. Alabaina, oxigeno hori askoz lehenago abiatu zen: duela 2.400 milioi urte inguru, oxidazio handia gisa ezagutzen den fenomenoa izan zen. Orduan, zianobakterioek garaiko atmosfera oxigenoarekin “pozoitu” zuten, ordura arte zeuden joko-arauak betiko aldatuz.

Halere, eta oxigenoa bazegoen arren, paleozoiko garaiko (duela 541-250 milioi urte) lehen landareak garatu zireneko atmosfera oso bestelakoa zen, gaur egungo atmosferarekin alderatuz. Garaiko karbono dioxidoko kontzentrazioa milioiko 1.000 parterena baino gehiagorena zen. Berotegi efektuaren inguruko albisteak direla eta, gaur egun aski ezaguna da atmosferan dagoen karbono dioxidoaren kontzentrazioa milioiko 400 parteren bueltan dagoela.

Fosforoa erauziz

Garai horretan, lehen landareek egindako fotosintesiak ahalbidetu zuen atmosferan zegoen karbono kopurua jaistea, eta, pixkanaka, oxigeno mailak handitzea. Orain arte egin diren ikerketa gehienek prozesu geologikoetan jarri dute arreta, baina ikerketa honen egileen irudikoz, onddoen eraginean ez da jarri behar bezalako arretarik.

Ikerketa berri honetan nabarmendu dutenez, onddoek ere zeregina izan zuten prozesuan. Izan ere, harkaitzetan txertatutako fosforoa erauzi eta landareen esku utzi zuten fotosintesirako ezinbestekoa den elementu hau. Landareek fosforoa behar dute hazteko: zehazki, fotosintesian eta energiaren transferentzian da garrantzitsua. Gaur egun nekazaritzan erabiltzen diren ongarriek, esaterako, fosforoa, potasioa eta nitrogenoa dituzte haien formulazioan.

2. irudia: Rhynia Gwynne-vaughanii landarearen zurtoinaren zeharkako ebaketa. Rhynie Chert, aztarnategian topatutako fosila. (Argazkia: Wikipedia CC BY-SA 2.0 uk)

Sustraiak erabilita, gaur egun landare gehienak gai dira lurretik zuzenean elikagaiak eskuratzeko, baina aztertutako garaian bizi ziren lehen landaren egoera oso bestelakoa zen. Sustrairik ez zuten, eta ez ziren baskularrak; hau da, ez zuten biderik ura gordetzeko, ezta euren organismoaren barruan ura mugiarazteko ere.

Garai horretan zegoen lurzorua minerala baino ez zen, eta materia organikoa falta zitzaion. Horregatik, onddoak funtsezkoak izan ziren landareen garapenerako. Eskoziako Rhynie Chert izeneko aztarnategian aurkitutako fosilek erakusten dutenez, Paleozoikoan garatu ziren hasierako landareek onddoak zituzten, sinbiosian.

Harkaitzetik mineralak erauzten dituzte onddoek, meteorizazio biologikoa deritzon prozesuan. Arrokak txikitzeko gai diren azido organikoak askatzen dituzte, eta azido horiek arrokaren disoluzioa ahalbidetzen dute. Sinbiosi harreman honetan landareei “laguntza” ematen dietenean, onddoek bueltan lortzen dute karbono dioxidoan abiatuta landareek ekoizten duten karbonoa.

Gaur egun, zenbait onddo bereziki trebeak dira horretan. Adibidez, Talaromyces flavos espeziea harkaitzetako burdinaz elikatzen da. Gainera, hifa izeneko harizpien bitartez (onddoen “sustraiak” dira hifak) arroka apurtzen du, burdin gehiago eskuratu aldera. Modu horretan ere, lurzoruaren meteorizazioa handiagotzen dute.

Laburbilduz, eta ordenagailu bidezko simulazioen ostean zientzialariek ondorioztatu dutenez, Paleozoikoko atmosferan onddoek fosforoaren eta karbonoaren zikloetan izan zuten eragina “potentzialki dramatikoa” izan zitekeen, Katie Field ikertzailearen hitzetan.

Benjamin Mills egile nagusiak azalpen horretan sakondu du: “Fotosintesiaren bidez, Lurreko landareek planetan dagoen oxigenoaren erdia ekoizten dute; prozesu horrek fosforoaren beharra du; baina, momentuz, ez dugu ondo ulertzen landareetara doan elikagaia honen hornidurak nola funtzionatzen duen”. Gaineratu duenez, aurkeztutako zientzia artikuluak “argi eta garbi erakusten du atmosferaren sorreran onddoek izaten duten garrantzia”.

Funtsean, artikuluan babestu dutenez, landareak karbonoaren, fosforoaren eta oxigenoaren ziklo geokimikoetan giltzarri dira, baina onddoekin izandako sinbiosiaren bitartez landaretako eragin hau are handiagoa izan da. Izan ere, mundu txikienetan arreta jartzen atera daitezke halako ondorioak. Sarah Batterman ikertzaileak laburbildu duenez, “onddoak bezalako organismo ñimiñoek eragin handiak izan ditzakete mundu mailako ingurumenean”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mills et al. Nutrient acquisition by symbiotic fungi governs Palaeozoic climate transition. Phil. Trans. R. Soc. B 2018 373 20160503; 18 December 2017. DOI: 10.1098/rstb.2016.0503

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #184 - Zientzia Kaiera

[…] bitxia Juanma Gallegok asteon Zientzia Kaiera blogean landu duen gaia. Kazetariak azaldu du onddoek egindako “sukalde lanari” esker garatu ahal izan zirela landareak. Hau da, oxigeno ugariko atmosfera sortzeko orduan onddoek funtsezko rola bete izan zutela. Izan […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>