Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Defentsak eta erasoak
«Hiru lagun hil ziren atzo, muskulu-paralisi orokorraren ondorioz. Etxean “fugu” plater bat jan ondoren gertatu zen ezbeharra».
Hori bezalako prentsa titularra askotan irakur daiteke Japoniako egunkarietan. Ez dira gutxi (100 eta 200 artean zenbait neurketa kontserbadoreren arabera) urtero elikatze-intoxikazio bitxi baten ondorioz hiltzen diren japoniarrak.
Intoxikazioa sortzen duen janaria ez dago egoera txarrean, eta ez dagokio marea gorrien moduko gertaera bati. Hau desberdina da; errua ez da janari ustelduarena ez eta mikroalga pozoitsu batena ere. Intoxikazioaren errua arrain bitxi bat da, Europan puxika-arraina izenaz ezagutzen dugun arraina, eta japoniarrek fugu deitzen dutena hain justu.
Puxika-arrainaren toxizitatea ekialdeko herrietan betidanik ezagutu badute ere, James Cook kapitain britainiarrak eman zuen lehen erreferentzietako bat Mendebaldeko jendearentzat, 1744an. Kaledonia Berrian ainguratua zegoelarik, puxika-arrain bat eraman zuten itsasontzira eta eskifaiako naturalistari eman zioten aztertu eta deskriba zezan. Hainbeste denbora eman zuen arraina aztertzen, ezin izan baitzuten arrain osoa afari baterako prestatu; baina gibelaren zati txiki bat geratu zitzaien. Cookek, gibela jateagatik gertatu zitzaiena idatzi zuen:
About three to four o’clock in the morning we were seized with most extraordinary weakness in all our limbs attended with numbness of sensation… We each took a vomit and after that a sweat gave great relief. In the morning one of the pigs which had eaten the entrails was found dead.
«Goizeko hirurak edo laurak aldera, ahulezia ikaragarri batek harrapatu gintuen, gorputz-adar guztiak ahuldu zizkiguna… Goitik botaka hasi ginen denak, eta horren ondoren, izerdi hotz batek arintze ederra eman zigun. Egunsentian, erraiak jan zituen txerrietako bat hilik aurkitu zuten.»
Egoera normalean, puxika-arrainak ez du itxura berezirik, baina mehatxupean dagoenean puztu egiten da eta itxura esferikoa hartzen. Handiagoa dela dirudi, eta horrela beldurtu nahi ditu hurbiltzen zaizkion harrapariak. Horregatik du izen hori, puxika baten antza hartzen duelako.
Baina hori ez da puxika-arrainak duen defentsarako jokabide edo modu bakarra. Izan ere, ezusteko galantarekin topa daitezke puxika-arrainaren itxuragatik beldurtu ez diren animaliak. Halaxe da, bai, zeren ehunetan daukan toxina batek muskulu-paralisia eragiten baitio zorigaiztoko harrapariari: hil egiten du, izan ere. Toxina hiltzaile horrek tetrodotoxina (TTX) izena du eta gizakietan heriotza dakar intoxikazio-sintomak agertzen diren kasu guztien %60an.
Baina, nola liteke horren arriskutsua den arraina jatea? Edonork egiten du galdera hori. Eta erantzuna bistakoa da: japoniarrentzat puxika-arraina oso gozoa da, dagoen janaririk preziatuena seguru asko ere. Urtero 10.000 tona saltzen dira Japonian, eta janaririk garestienetakoa da. Horren arriskutsua da puxika-arraina jatea, non Japoniako historiaren zenbait alditan debekaturik egon baita; halaxe gertatu zen Erdi Aroan, Tokugawa Shogun aldian, bai eta Meiji aldian (1868-1912) ere. Eta gaur hertsiki arautua dago puxika-arrainaren kontsumoa; baimen berezia duten 1.500 jatetxetan bakarrik jan daiteke, eta jatetxe horietan prestakuntza berezia duten sukaldari batzuek prestatu behar dute. Prestatu ahal izateko baimena lortzeko, proba bat gainditu behar dute sukaldariek, baina proba egitera aurkezten direnen % 25ek baino ez du gainditzen. Oso zaila da, beraz, puxika-arraina prestatu ahal izateko baimena lortzea.
Jatetxeetan sukaldari gaituek prestatzen dute, baina Japonian kontsumitzen den puxika-arrainaren zati handi bat herritarren etxeetan kontsumitzen da, eta herritarrak eurak dira arraina prestatzen dutenak. Gainera, hainbat jatetxetan bezero “bereziei” debekaturiko organoak ere prestatu eta zerbitzatzen dizkiete. “Japoniako Altxorra” izeneko tituluaren jabea zen Mitsugoro Bando VIII aktore ospetsua hil egin zen 1975ean puxika-arrainaren lau platerkada gibel jan ondoren. Zeresanik ez dago gibela zerbitzatzea guztiz galarazita dagoela, tetrodotoxinaren kontzentrazioa oso altua baita organo horretan. Izatez, gibela, emearen gonada eta larruazala dira toxinaren kontzentrazio altuenak dituzten organoak.
Tetrodotoxinak nerbio-sisteman du eragina, neuronak nerbio-bulkada hedatzeko ezgaitzen baititu. Zelulen mintza elektrikoki polarizatuta dago, karga elektrikoa duten ioi jakin batzuen kontzentrazioak desberdinak direlako kanpoko eta barneko aldeetan. Bada, neuronaren punta batetik bestera hedatzen den polaritate horren aldaketa da nerbio-bulkada, eta mintzean zehar gertatzen diren sodio- eta potasio-mugimenduek sortzen dute aldaketa hori. Sodio- eta potasio-ioiak kanalen bitartez igaro daitezke mintzaren alde batetik bestera. Eta hortxe du tetrodotoxinak eragina, sodio-kanala blokeatuz, ioi horren mugimendua ezintzen baitu. Ioi-mugimendurik gabe ezin daiteke mintzaren polaritate elektrikoa aldatu eta, beraz, nerbio-bulkada gelditu egiten da.
Dirudienez, arrainaren ehunetan bizi diren bakterio sinbiontikoek sortzen dute tetrodotoxina; hau da, ez dute arrainaren ehunek ekoizten. Eta, noski, toxinak ez du inolako eraginik puxika-arrainaren neuronetan, neurona horien sodio-kanalak ez baitira blokeatzen tetrodotoxinaren eraginez.
Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii «fugu jan nahi dut, baina ez dut hil nahi»: abesti japoniar zahar baten hitzak dira. Ondo dakite japoniarrek fugua jatea zein arriskutsua den, baina, seguru asko, japoniar gehienek ez dakite zein garrantzitsua izan den tetrodotoxina neurozientzien alorrean. Bestelako teknikekin batera, tetrodotoxinaren erabilerari esker dakigu nerbio-bulkadaren oinarriei buruz dakigunaren zati esanguratsu bat. Izan ere, kanal jakin batzuk blokeatzen dituzten toxinak erabiliz aztertu ahal izan dira mintzean zehar gertatzen diren ioi-mugimenduak eta ioi-mugimendu horien ondorioz gertatzen diren polaritate-aldaketak. Beraz, neurozientziek aurrera egin dute eragin hilgarria duen gai toxiko natural bati esker. Eta denok dakigu zein garrantzitsuak diren neurozientziei buruzko jakintzak giza osasun eta ongizaterako. Zelako paradoxa!
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
2 iruzkinak
[…] Puxika-arrainaren pozoia eta Taricha granulosarena berbera da: tetrodotoxina (TTX) neurotoxiko ezaguna da bi kasuetan. Hortaz, puxika-arraina ez da, ikus daitekeenez, salbuespen bat. Ekarpen honen protagonista, hala ere, ez da arrabioa izango, ez protagonista bakarra, behintzat. Izan ere, arrabioarekin batera […]
[…] batraziotoxina 20 bider toxikoagoa baita. Pertsona bat hiltzeko, nahikoak dira 100 μg; izan ere, puxika-arrainaren tetrodotoxina baino 10 aldiz toxikoagoa edo kurarea baino 15 aldiz toxikoagoa da batraziotoxina, baina ez da […]