Distantzia errekor berria ezarri dute inoiz ikusi den banakako izarrik urrunenaren aurkikuntzaz eta, gainera, bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat.
Hubble teleskopioa erabilita, nazioarteko lantalde batek inoiz ikusi den banakako izarrik urrunena identifikatu du: izar urdin erraldoia. “Ikaro” izena eman diote izarrari, Eguzkitik gertuen hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez. Izarraren izen ofiziala MACS J1149+2223 Lensed Star1 da.
Egoera normalean, teleskopiorik handienak erabilita ere, ezinezkoa litzateke fenomeno hau hautematea, baina izarraren distira ahula izugarri biderkatzea ahalbidetu duen naturaren fenomeno bati esker, NASAren Hubble teleskopio espaziala erabiltzen duten astronomoek izarra aurkitu eta distantzia errekor berri bat ezartzea lortu dute. Era berean, Ikaroren identifikazioarekin bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat.
Ikerketa honen emaitzek bazterrean utzi dute materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, izan ere, 13 urtez Hubble-ren laguntzaz monitorizatu diren hondoko izarren fluktuazio arinak beste era batera ikusiko ziratekeen tarteko hainbat zulo beltz baleude.
“Lente grabitazionala” deritzon fenomeno kosmikoa izan da izar hau bistaratzea ahalbidetu duena. Galaxia-kluster masibo baten grabitateak espazioan dagoen lente natural baten antzera funtzionatzen du, argia bikoiztuz eta areagotuz. Batzuetan, hondoko objektu bakar baten argia hainbat iruditan islatuta ager daiteke. Argia asko magnifika daiteke, distira arin-arina duten urruneko objektuei bistaratzeko moduko distira emanez.
Kasu honetan, Lurraren eta Ikaro finkatuta dagoen galaxiaren artean kokatutako MACS J1149 + 2223 izeneko galaxia-klusterrak “lupa” naturala sortu du. Lente grabitazional honen indarraren eta Hubble teleskopioaren bereizmen eta sentiberatasun apartaren kobinazioari esker, astronomoek Ikaro ikusi eta aztertzeko aukera izan dute, Lurretik ikusita, egiazko distira 2.000 aldiz biderkatu zaionean.
UPV/EHUri atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen taldea Hubble teleskopioa erabiltzen ari zen urruneko galaxia espiral bateko supernoba bat monitorizatzeko eta 2016an, ustekabean, argi puntu berri bat aurkitu zuten magnifikatutako supernobatik hurbil. Berotu edo lehertzen ez zenez gero, berehala konturatu ziren ez zela beste supernoba bat.
Objektu horretatik iritsitako argiaren koloreak aztertzean, izar urdin superrerraldoia dela konturatu dira. Honelako izarrak Eguzkia baino askoz handiagoak, askoz ere masa handiagokoak, beroagoak eta, seguruenik, ehunka mila aldiz distiratsuagoak dira, baina distantzia horretan urrunegi daude lente grabitazionalen laguntzarik gabe behatu ahal izateko.
Izarra galaxia espiral urrun-urrun batean kokatuta dago, eta horren argiak 9 mila milioi urte behar izan ditu Lurrera iristeko. Hortaz, galaxia hori unibertsoak oraingo adinaren %30 inguru zuenean sortu zela ondorioztatu dute.
Ikaro lente grabitazionalen bitartez aurkitu izanak bide berri bat ireki du astronomoek urruneko galaxietan dauden banakako izarrak iker ditzaten. Metodo honek egundo ez bezalako ikupegi zehatza eskaintzen du izarren bilakaera eta bereziki izarrik distiratsuenen bilakaera ulertzeko.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Hubble-k inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du
Erreferentzia bibliografikoa
Kelly, Patrick L. et al., (2018). Extreme magnification of an individual star at redshift 1.5 by a galaxy-cluster lens. Nature Astronomy, 2(4), 334–342. DOI: 10.1038/s41550-018-0430-3