IL-2ren eraginez T-zelulen nukleoko proteinen fosforilazio-maila aldatu egiten da

Argitalpenak · Dibulgazioa

Nerea Osinalde

Puri-purian dagoen immunoterapiaren helburua honakoa da: gaixoaren immunitate-sistema indartzea honek pairatzen duen gaitzari aurre egin diezaion. Estrategia iraultzaile hau duela hiru hamarkada jaio zen melanoma pairatzen zuen gaixo bati T-zelulen hazkuntza bultzatzen duen 2-interleukina (IL-2) ematearekin batera minbizia deuseztatu zitekeela frogatu zenean.

Irudia: Immunoterapiaren ikerketan aurrera egiten lagun dezake IL-2ak erregulatutako fosforilazioen funtzio biologikoa argitara ematea, zitokinak T-zelulen hazkuntza nola bultzatzen duen hobeto ulertzeko eta etorkizunean immunoterapia eraginkorragoak eta seguruagoak diseinatzeko.

Gaur egun immunoterapian oinarritzen diren hainbat saio kliniko daude abian, besteak beste hesteetako hantura, gaixotasun autoimmuneak edota minbizia menderatzea dutenak helburu. Hauetako saio askotan gaixoei IL-2 ematen zaie beraien immunitate-sistema indartzeko baina tamalez, T-zelulen hazkuntza bultzatzeaz gain IL-2ak maiz efektu desatseginak ere eragiten ditu gaixoetan. Ondorioz, IL-2ak T-zeluletan eragiten dituen molekula mailako aldaketak sakon aztertzea premiazkoa da etorkizunean terapia eraginkorragoak diseinatu ahal izateko.

Zelulen gainazalera heltzen diren seinaleak, hala nola hormonek, hazkuntza faktoreek edota interleukinek bideraturikoak, nagusiki proteinen behin-behineko fosforilazioen bidez transmititzen dira zelulan barrena. Nukleora heldutakoan, seinale horiek gene ezberdinen aktibazioa edo inaktibazioa eragiten dute, beti ere zelulak gainazalera heldutako seinaleari modu eraginkorrean erantzun diezaion. Hain zuzen ere hori izan da lan honen helburua; IL-2arekin kitzikatutako T-zeluletako nukleora heltzen diren seinaleak ikertzea zitokinak nukleoko proteinen fosforilazio-maila nola erregulatzen duen aztertuz.

IL-2arekin kitzikatutako eta kitzikatu gabeko T-zeluletako nukleoko proteinen fosforilazioak konparatu dira masa espektrometrian (MS) oinarritzen den SILAC delako kuantifikazioa metodoa erabiliz. T-zelulen populazio beraren bi lagin izanik, bakoitza aminoazidoen bertsio arin edo astunetan hazten dira; marka arinenarekin hazitako zelulak kitzikatu gabe utzi ziren kontrol gisa erabiltzeko, eta astunarekin hazitakoak aldiz, IL-2z kitzikatu ziren. Ondoren, nukleoak aberastu, proteinak erauzi, 1:1 proportzioan nahastu eta tripsinaz ebaki ziren. Lortutako proteina zatikiak, hots peptidoak, TiO2-dun esferatxoekin inkubatuz fosforilatutako peptidoak isolatu ziren eta azkenik hauek MS bidez analizatu ziren. IL-2arekin tratatutako zein tratatu gabeko laginen arteko masa diferentzia dela eta masa espektrometroan bereiztu egiten dira. Era berean, lagin bakoitzak MSan erakusten duen intentsitateak elkarren artean konparatuz bi egoeren arteko kuantifikazio erlatiboa egiten da.

Esperimentu bera 3 aldiz errepikatu ostean T-zelulen nukleoko proteinetan guztira fosforilatutako 8521 aminoazido identifikatu eta kuantifikatu dira lan honetan. Nabarmentzekoa da fosforilatutako aminoazido hauetako asko aurrez ezagutzen ez zirela eta ondorioz lehen aldiz identifikatu direla lan honetan. Bioinformatika analisiek erakusten dute identifikatu diren fosforilatutako proteina gehienak nukleoko eskualde ezberdinekoak direla, hala nola nukleolokoak edo nukleo mintzekoak. Honekin bat eginez, analisi gehigarriek erakusten dute gure datu sortako fosfoproteinek nukleoko prozesu garrantzitsuetan hartzen dutela parte, besteak beste geneen transkripzioan baita zelula zikloaren erregulazioan ere. IL-2ak proteina hauen fosforilazio-mailan eragiten duen erregulazioari dagokionez, orokorrean tratatu eta tratatu gabeko T-zeluletako fosforilazio-maila berdin antzera mantentzen dela ikusi da. Halere, azpimarragarria da IL-2ren ondorioz 391 aminoazidoren fosforilazio-maila nabarmen aldatzen dela T-zelulen nukleotan. Zehazki, 331 aminoazidoren fosforilazio-maila ugariagoa da, gutxienez bikoitza, IL-2arekin kitzikatutako T-zeluletan kontrol T-zeluletan baino. IL-2aren menpeko fosforilazio hauetako batzuk jada ezagunak ziren baina azpimarratu beharra dago gehienak ez zirela aurrez ezagutzen. Hortaz, lan honen ekarpena oso garrantzitsua da.

Ikerketa honetan lortutako emaitza oparoak makina bat ikerkuntza berrien abiapuntu izan daitezke. Izan ere, hori da hurrengo erronka nagusia; IL-2ak erregulatutako fosforilazioen funtzio biologikoa argitara ematea, zitokinak T-zelulen hazkuntza nola bultzatzen duen hobeto ulertzeko eta etorkizunean immunoterapia eraginkorragoak eta seguruagoak diseinatzeko.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Nola eragiten du 2-Interleukinak T-zelulen nukleoko proteinen fosforilazio mailan?
  • Laburpena: Immunoterapiaren helburua da gaixoen immunitate-sistema indartuz minbizia bezalako gaitz larriak menderatzea. Horretarako, gaixoak maiz 2-interleukina (IL-2) deitzen den konposatu batekin tratatzen dira, izan ere molekula honek berebiziko ahalmena baitauka T-zelulen edo T linfozitoen hazkuntza sustatzeko. Zoritxarrez, IL-2ren erabilerak albo kalte desatseginak eragiten ditu gaixoetan, eta hauek ekiditeko ezinbestekoa da IL-2k T-zeluletan eragiten dituen molekula mailako aldaketak sakon aztertu eta ulertzea. Zelulen gainazalera heltzen diren seinaleak zelulan barrena garraiatzen dira nagusiki proteinen behin behineko fosforilazioen bidez. Hori horrela, aurreko lan batean, IL-2k T linfozitoetan pizten dituen seinalizazio-bidezidorrak aztertu genituen zelulen zitoplasman fosforilatzen diren proteinak masa espektrometriaren bidez identifikatuz. Oraingo lan honetan berriz, masa espektrometriaren laguntzaz aztertu da IL-2k nola erregulatzen duen T-zelulen nukleoko proteinen fosforilazio maila, izan ere horrek zuzenean eragingo baitu geneen erregulazioan eta horrenbestez baita zelularen patuan ere. Esperimentu bera 3 aldiz errepikatu ostean, gutxienez behin identifikatu eta kuantifikatu dira lan honetan T-zelulen nukleoko proteinetan fosforilatutako 8.521 aminoazido, horietako haietako asko aurrez ezagutugabeak. Bestalde, ikusi da orkorrean berdinantzera mantentzen dela IL-2rekin tratatutako eta tratatu gabeko T-zeluletako fosforilazio maila. Halere, azpimarragarria da IL-2ren ondorioz 391 aminoazidoren fosforilazio maila nabarmen aldatzen dela T-zelulen nukleoetan. Etorkizunean egingo diren ikerkuntzek argituko dute zein den IL-2ren menpeko fosforilazio hauen esanahi biologikoa.
  • Egileak: Nerea Osinalde
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 23-33
  • DOI: 10.1387/ekaia.17655

Egileaz: Nerea Osinalde UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.