Bederatzi metalen biometaketa-maila zehaztu dute meatze inguruetako uretako ornogabeetan eta datuokin atalasea ezarri Nalón ibaiko puntu garbietako hamar makroornogabe taxonetarako.
Europar Batasunak 2021. urtera arteko epea ezarri du Ingurumenaren Kalitate Arauak sortzeko eta, zehazki, uretako bizidunek ehunetan jasan ditzaketen substantzia kimiko arriskutsuen kontzentrazio-atalaseak ezartzeko, populazioen kontserbazioa arrisku txikian dagoen egoeretan.
Lan horretan aurrera egin dute Asturiasko meatze-arroetan lankidetzan egindako ikerketa bati esker eta kontzentrazio-atalase ekologikoa proposatu dute 7 metalentzat (kadmioa, kromoa, kobrea, merkurioa, nikela, beruna eta zinka) eta bi metaloiderentzat (artsenikoa eta selenioa).
Kutsatu gabeko zenbait leku hartu dituzte kontuan ikerketan, Nalón ibaiaren arroko erreferentziazko sarekoak, eta baita kutsadura maila handiko beste batzuk ere. Meatze-ustiaketa handia izan du historian arro horrek, bertako arrokek berez baitute metal-kontzentrazio handia. Eskualde kantauriar osoan, inguru horretan dute uretako komunitateek metalekiko esposizioarekin lotutako arazo handienetakoa.
Zehazki, kutsatzaileek inpaktu minimoa edo batere inpakturik ez duten puntuetan eta egoera ekologiko on edo oso on gisa sailkatutako erreferentziazko puntuetako hamar ornogabe taxonen ehunetan egin dituzte neurketak eta, haietatik abiatuz, zehaztu dituzte bederatzi elementu kimikoetarako kontzentrazio-atalase ekologikoak.
Ingurumenaren Kalitate Arauen arazoari heltzeko modu berritzaile bat izan da: batetik, erreferentziazko puntuak aukeratu dira eta, bestetik, metalen biometaketa zehazteko erabili diren hamar taxon biomonitoreak eremu garbietan zein kutsatuetan ageri dira.
Animalia talde ugari aintzat hartu dira ikerketan. Elikadura-ohitura desberdinak (harrapakariak, fitofagoak, sedimentiboroak, iragazleak eta jeneralistak) eta portaera desberdinak dituzten ornogabe taxon adierazgarrietan aztertu dute metalen biometaketa.
Izan ere, elikaduraz gain, portaeraren arabera ere aldatzen da bizidun bakoitzak toxikoekiko duen esposizioa: ur-oligoketoak sedimentuei lotutako kutsatzaileen eraginpean daude erabat, sedimentu barruko galeriatan bizi baitira; intsektuen larbak, berriz, algetako kutsatzaileak barnera ditzakete algak jaten dituztenek edo uretako partikuletako kutsatzaileak, iragazle diren larbek.
Erreferentziazko lekuetan biomonitore gisa hautatutako taxonen metal maila aztertuta, kontzentrazio-atalase ekologikoa ezarri dute taxon eta metal bakoitzerako, hau da, zer kontzentrazio izan dezaketen gehienez makroornogabe komunitateen kontserbazio egoera maila hobeezinetan iraupena bermatzeko.
Metal bakoitzarentzat taxon bakoitzean bildutako datu-multzoaren 90. pertzentilean ezarri dute kontzentrazio-atalase ekologikoa. Horrenbestez, neurtutako bizidun guztien %10 baino ez litzateke geldituko ezarritako atalase horren gainetik. Kontzentrazio maila horretatik aurrera lehen mailako alarma aktibatzea da proposamena, ibaietako ornogabeak arriskuan egon baitaitezke.
Lortutako datuak eta informazioa zuzenean erabil daitezke Nalón ibaiaren kudeaketan. Kantauriko isurialdeko beste arro batzuetan —baita EAEkoetan ere— erabili ahal izatea da hurrengo urratsa eta, horretarako, beste arro batzuetako erreferentziazko kokapenak eta leku kutsatuak ere beharko dira, hango metalen biometaketako datuekin baliozkotzeko.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Bederatzi metalen biometaketa-maila zehaztu dute meatze-inguruetako uretako ornogabeetan.
Erreferentzia bibliografikoa
Baseline tissue levels of trace metals and metalloids to approach ecological threshold concentrations in aquatic macroinvertebrates. Ecological Indicators, 91, 395-409. DOI: 10.1016/j.ecolind.2018.04.004