Belizen aurkitutako harri tresnen analisian abiatuta, arkeologoek ondorioztatu dute maiek gatza baliatzen zutela elikagaiak kontserbatzeko eta merkataritza-trukaketetan erabiltzeko.
Aspaldi ezagutzen da maien kulturak gatza erabiltzen zuela, batez ere Belizen dauden gatzagak direla eta. Baina pixkanaka, ikertzaileak datu berriak eskuratzen ari dira, eta, horietan oinarrituta, Erdialdeko Amerikako kultura horretan gatzaren garrantzia uste baino handiagoa zela ezagutu da orain.
PNAS aldizkarian eman dituzte gaiaren harira egindako azken aurkikuntzen berri. Heather McKillop Louisianako Estatuko Unibertsitateko (AEB) arkeologoa eta Kazuo Aoyama Ibarakiko Unibertsitateko (Japonia) antropologoa izan dira ikerketa burutu dutenak. Gatzaga horietan aditua da estatubatuarra, eta harrizko tresnetan agertzen diren markak dira japoniarraren jakintza eremua. Bada, ondorioztatu daiteke zertan oinarritu duten ikerketa: aztarnategietan aurkitutako tresnak aztertu dituzte duela 1000 urte baino gehiago bertan gertatu zenaz jabetzeko.
Aztergai duten eremuak gaur egun dituen baldintzak ez dira hoberenak arkeologia egiteko, ur azpian dagoelako. Paynes Creek natur parkean dauden aztarnategian egin dute ikerketa. Bertan, maiek gatza ekoizteko gune bat zeukaten, aintzira baten alboan. Guztira, zeregin horretara bideratutako 110 tokiren aztarnak daude, bost kilometro koadro inguruko eremu batean.
Aztarna horiei esker badakigu maien zibilizazioaren loraldiaren azken hiru mendeetan (600 eta 900 urteen bitartean), kostaldean zeuden maiek gesala irakitan jartzen zutela gatza lortzeko. Gatz hori opiletan biltzen zuten, eta ondoren opil horiek kanoen bitartez eramaten zituzten ondoko hirietara, bertan trukean erabiltzeko.
Orain, itsasoaren mailak gora egin du, eta garai batean gatzaga zena aintzira bat da egun, mangladiez inguratuta. Mangladietako zoruak zohikatzez osatuta daude, eta azidotasun handia duen material horrek hezurrak, oskolak eta bestelako aztarnak suntsitzen ditu. Horregatik, bertan ez dute animalien arrastorik aurkitu, baina animalia horien kontsumoaren zantzuak harrietan bertan eskuratu dituzte. Erdialdeko Amerikan gertatu ohi denaren kontra, aztarnategi honetan egurra ondo kontserbatu da, mangladietako zohikatzak ez baitio material horri erasotzen.
Bertan aurkitutako harrizko tresnak mikroskopio bidez aztertu dituzte. Zehazki ur azpitik ateratako chertezko (kuartzo mota bat) 20 tresna miatu dituzte, eta bertan marraztutako patroietan jarri dute arreta. Ikusi dute patroi edo aztarna horiek arrainak lantzean sortzen direnekin bat datozela, eta ez soilik, esperokoa zen moduan, egurra lantzean sortzen diren patroiekin.
Ikusitakoaz ondorioztatu dute elikagaiak kontserbatzeko gatza erabiltzen zutela, eta maiek elikagai gazitu horiek zein opiletan bildutako gatza bera “merkaturatzen” zuteneko hipotesia azaldu dute. “Gatz opilak eta arrain gazitua kontserbatu zitezkeen ondasunak ziren, eta bazegoen aukera horiek gordetzeko eta merkatuan trukatzeko”, idatzi dute zientzia artikuluan.
Kostaldean ekoiztutako ondasun hauek txalupen bitartez barruko hirietara eramaten zituztela uste dute, 24 kilometro arteko bidaietan. Zentzu horretan, zientzia artikuluan gogorarazi dute aurreko ikerketa batean beste zientzialari batzuek azaldu dutela kostaldetik Tikal hirira gatzari lotutako jarduerei loturiko giza mugimenduen aztarna bazegoela, hezurretako estrontzioaren isotopoen analisian oinarrituta. Era berean, Asiako zenbait kulturatan eta Inperio Erromatarrean ere arrain gazituaren inguruko jarduera ekonomiko garrantzitsua bazegoela oroitarazi dute.
Tresnetako batzuk soilik haragia edo haragia mozteko erabiltzen ziren, eta beste batzuk egurra zeregin anitzetarako erabiliak izan ziren. Mahai gainean jarri dituzten datuen arabera, espezializazio handiko gunea zen. Adibidez, gatza ekoizteko 72. gunean haragia edo arrainak mozteko bost tresna aurkitu dituzten bitartean, 70. gunean egurra baino ez zuten mozten, ondoren gatza lortzeko suteetan erabiltzeko. Hau da, nolabaiteko lan banaketa zegoen berez espezializatua zen jarduera ekonomiko baten barruan.
Egin dituzten kalkuluen arabera, gatza ekoizteko gune bakoitza 3.444 lagunen gatz beharrak asetzeko ekoizpena egiteko moduan zegoen: 37,7 tona gatz asteko, edo 600 tona 4 hilabetean. Datu hori kalkulatzeko, gaur egun Guatemalako Sacapulas eskualdean dagoen antzeko gune tradizional batean egiten den ekoizpena izan dute kontuan.
Erreferentzia bibliografikoa
McKillop, Heather and Aoyama, Kazuo., (2018). Salt and marine products in the Classic Maya economy from use-wear study of stone tools. Proceedings of the National Academy of Sciences, 201803639. DOI: 10.1073/pnas.180363911
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] zurrunak bihurtzen dira, hidrogeno loturei esker. Horrela sortzen dira elurra edo izotza. Baina gatza botatzean, sodioa (ioi positiboa) eta kloroa (ioi negatiboa) uretan aske geratzen dira, eta […]