Stendhal idazleak, Florentzian zegoela, hauxe idatzi zuen: “Santa Croce basilikatik ateratzen ari nintzela, bihotzak taupadak ematen zizkidan, bizia nigan agortua zegoen, erortzeko beldurrez nenbilen”. Ordutik hona, artelan batek gure baitan horrelako efektuak pizteari Stendhal sindromea deritzo. Gehiegizkoa irudi dakizuke, baina ziur zeu ere hiri edo museo batera iritsi eta artelan baten aurrean arnasa ezin harturik gelditu zarela inoiz edota koadroren batek bere baitan harrapatu zaituela, denbora aurrera zihoala ohartu gabe.
Izan ere, guztiok izan dugu neurri handiago edo txikiagoan horrelako sentipena. Zentzuzkoa da beraz artelanaren balio artistikoari berari egoztea sentipena. Baina pentsatu duzu inoiz obra hori sortzeko erabili diren materialen garrantziari buruz? Artelan batek zerbait adierazi nahi digu, eta argi dago horretarako, euskarri bat behar duela. Batzuetan, artelana egiteko erabiltzen diren materialak obra bezain garrantzitsuak izaten dira, eta betiere, uste baino konplexuagoak.
Hurrengo artikuluetan, eta kimikaren ikuspegitik, koadro baten osagaiak ezagutzera gonbidatu nahi zaituztet. Horretarako, irudika ezazu behinola harrapatu zintuen koadro hori. Ken ezazu burutik aurrezarritako bi dimentsioko irudia, eta geruzaz geruza haren sekretuak biluziko ditugu. Kanpotik hasita, berniza izango dugu lehenengo helburua.
Berniza, babesa eskaintzen duen mintza
Koadroak luze irauteko sortzen dira; hori da, behintzat, artistaren helburua (arte iraungikorra salbu). Ondorioz, kanpo faktoreekiko babesa behar dute artelanek, eta horixe da, hain zuzen ere, bernizak eskaintzen duena. Horrez gain, obraren distira homogeneizatu eta koloreak liraintzen laguntzen du.
Dendetan eros dezakegun berniza erretxinaz eta disolbatzailez egina dago. Disolbatzailea hegazkorra denez, produktua erraz aplika daiteke. Disolbatzaile hori lurruntzen denean, koadro gainean gelditu den erretxinak mintz babesgarria sortzen du. Koadroaren larruazala den hori gardena izan beharko litzateke; era horretan, margolanaren edertasuna ere indartu beharko luke. Hori, ordea, ez da beti hala gertatzen. Erabilitako berniz motaren arabera, denborak aurrera egin ahala, kanpoko geruza horitu daiteke eta azpiko irudia itsustu. Zorionez, zaharberritze-prozesuei esker, berniz horituak kendu eta artelanari bere jatorrizko distira itzul diezaiokegu. Horitzea oraindik guztiz ondo ulertzen ez diren erreakzio kimikoen bidez sortutako molekulen ondorioa da. Molekula horiek agertu ahala, berniza fluoreszente bilakatuko da. Horri esker, argi ultramorea erabiliz erraz azter daiteke zaharkitutako berniza.
Hala, bernizak ezabatzeko prozedura argi ultramorea erabilita ikus daiteke (1. Irudia), bernizik gabeko zonaldeak fluoreszenteak ez direlako. Gainera, teknika hau margolanen gainean egindako esku-hartze prozesuak eta ukituak detektatzeko erabil daiteke. Adibidez, norbaitek bernizaren gainean margotzen badu, orban ilunak antzemango ditugu azpian gelditu den bernizaren fluoreszentzia estalita egongo delako.
Baina zer dira, kimikaren ikuspuntutik, bernizaren konposizioan hain garrantzitsuak diren erretxina horiek? Ohiko bernizetan, erretxinak terpeno deritzen konposatu organikoz egindako nahasteak dira. Terpenoen familia oso konplexua da, baina azalpena errazte aldera, esan dezakegu konposatu hauek bost karbono-atomoko molekula (isoprenoa) dutela oinarrizko unitate bezala. Adibidez, guztiok ezagutzen dugun A bitamina terpenoide bat da.
Historian zehar, erretxina hauek arbolen jariakinetatik lortu izan dira, enborretan egindako ebaketen bidez. Hortaz, hainbat erretxina mota aurki ditzakegu arbolaren arabera: mastika, damarra, edo sandaraka, besteak beste. Mastik-berniza zen antzina ospetsuena edo, behintzat, preziatuena. Kios uhartean landatzen ziren legeltxorren jariakinetatik lortzen denez, Kioseko malkoak ere esaten zaie (3. irudia). Bitxikeria modura esan dezagun txikle gisa erabiltzen zelako deitzen dela mastik. Aipatutako erretxinen konposizio kimikoak ezberdinak direnez, propietateak batetik bestera aldatzen dira, eta biskositatea edo horitzeko joera ere ezberdina da. Edonola ere, erretxinak ez dira ondo disolbatzen uretan, polaritate baxuko molekulak baitira. Hori dela eta, beste disolbatzaile mota batzuk erabili behar dira bernizak prestatzeko: besteak beste, agoarrasa edo trementina.
Erretxinen artean, bat berezia da oso: goma-laka. Aurrekoak bezala, zuhaitzetatik lortzen da, baina kasu honetan bitartekari jakin batzuei esker erauzten da: intsektuak. Kerria lacca espezieko zomorroak, arbola jakin batzuk parasitatu eta beraien izerdiaz elikatzen dira. Prozesu horretan erretxina mota bat sortzen dute; egunak iragan ahala, sortu duten produktu horretan harrapatuta bukatuko dute. Arbola bakoitzean milaka intsektu egon daitezke (laka, sanskritoz, ehun mila adierazteko hitza da), eta zuhaitzetatik jaso ondoren goma-laka ekoitz daiteke. Horrela lortutako erretxina koloratzaile bezala ez ezik, berniz moduan ere erabiltzen da, batez ere, biolinak bezalako zurezko objektuak babesteko.
Gaur egun, erretxina natural hauek guztiak erabiltzen dira oraindik ere, baina garrantzia galdu dute erretxina sintetikoen alde. Konposatu berriago horiek polimeroz osatuta daude, hots, molekula txikien elkarketaz osatutako egitura molekular erraldoiez. Polimero horiek sintesi kimikoaren bidez lortzen dira, eta egitura kimikoaren arabera, hainbat familiatan banatu daitezke: binilikoak, akrilikoak, zetonikoak, etab. Hala, bernizaren erabileren arabera bat ala beste bat hobetsiko da. Egia da izenak eta jatorria ez direla haien aitzindarien izenak bezain poetikoak, baina artelanak babesten dituzte eta orokorrean hobeto egiten diote aurre denboraren erasoari.
Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.
Margolanen kimikari buruzko artikulu-sorta
- Margolanen kimika (I): Berniza, babes-mintza
- Margolanen kimika (II): Margo-geruza, artelanaren kolorea eta nortasuna
- Margolanen kimika (III): euskarria, artelanaren euste-puntua
3 iruzkinak
[…] Testu honetan azaltzen diguten moduan, batzuetan artelana egiteko erabiltzen diren materialak obra bezain garrantzitsuak izaten dira. Zeintzuk dira koadro baten osagaiak? Barniza, adibidez; koadroak luze irauteko sortzen direnez, kanpo faktoreengandik babesteko erabiltzen da. Era berean, distira homogeneizatu eta koloreak […]
[…] Margolanen kimika (I): Berniza, babes-mintza […]
[…] Margolanen kimika (I): Berniza, babes-mintza […]