Margolanen kimika (II): Margo-geruza, artelanaren kolorea eta nortasuna

Oskar Gonzalez

Margo hitza entzun bezain laster, ziur aski koloreak etorriko zaizkizu burura berehala. Baina, zerez dago eginda pintura? Zerk ematen dio kolorea? Galdera horiek erantzuteko, beharrezkoa da bi osagaiok ezagutzea: pigmentuak eta aglutinatzaileak. Pigmentuak kolorea duten partikula solidoak dira; aglutinatzaileak, berriz, partikula horiek elkarri loturik mantentzen dituzten substantziak dira, normalean likidoak.

Azpimarratu behar da pigmentua ez dela aglutinatzailean disolbatzen; aitzitik, egoera solidoan mantentzen da, suspentsio izenaz ezagutzen den nahaste mota sortuta (ura eta area elkartzen direnean sortzen den nahastearen antzerakoa). Hori bai, partikulak hain txikiak direlarik, mikroskopio batez bakarrik bereiz daitezke askotan. Pigmentuak eta aglutinatzaileak sortzen duten nahastea likidoa denez, posible da pintura moduan erabiltzea, eta hainbat margo-geruza bata bestearen gainean ipintzea. Denbora igaro ahala, aglutinatzailea lurrundu edo gogortu, eta geruza piktoriko solidoa sortuko da. Hortaz, esan dezakegu pigmentuak kolorea ematen diola margoari, eta azken horren propietate fisikoak ezartzen dituela aglutinatzaileak.

Egun, aglutinatzaile sintetikoak dira ohikoenak, baina historian zehar gizakiak jatorri naturaleko baliabide ugari erabili izan ditu margoak egiteko: olioa, arrautza edo argizaria, gutxi batzuk aipatzearren. Baliteke, horien guztien artean, olioa izatea garrantzitsuena, edo behintzat, ezagunena. Nork ez du museoan “olio-pintura mihise gainean” adierazten duen karteltxoa irakurri?

1. irudia: Gau izartsua (74×92 cm), Vincent van Gogh (1889). (Iturria: MoMA)

Olio-pintura Europan zehar zabaldu zen XV. mendean, van Eyck artista flandestarrari esker zabaldu ere. Izenak dioen bezala, teknika piktoriko honetan olioa erabiltzen da aglutinatzaile bezala. Pigmentu ehoa olioarekin elkartuta sortutako nahasteaz marrazten da, eta denboraren poderioz olioa gogortu egingo da, margo-geruza solidoa sortu arte. Sinplea dirudien arren, lehortze-prozesu horren atzean prozesu kimiko konplexua ezkutatzen da. Olioak triglizeridoz osatuta daude, alegia, analitiketan hainbeste beldurtzen gaituzten gantz horiez. Triglizeridoak, beren jatorriaren arabera, asegabetasun kopuru gehiago edo gutxiago izango dituzte. Asegabetasun bat molekulen barneko atomoen lotura kimiko berezia baino ez da; hain zuzen ere, bi karbonoen arteko lotura bikoitza. Txikikeria irudi lezake, baina asegabetasunek izugarri baldintzatzen dituzte gantzen propietateak. Adibidez, animalia-gantzek asegabetasun gutxi dituzte (aseak dira), eta, ondorioz, solidoak dira giro-tenperaturan; landare-gantzek, ordea, asegabetasun gehiago dituzte, eta likidoak dira. Lotura bikoitz horiek atmosferako oxigenoarekin erreakzionatuta olioaren gogortzea eragiten dute. Horrelaxe sortzen da olio-pintura, eta horrexegatik dira hain garrantzitsuak lotura bikoitz horiek artearen munduan. Beraz, zenbat eta asegabetasun gehiago egon, orduan eta hobeto lehortuko da olioa. Erraz lehortzen diren olioen artean linazi-olioa da garrantzitsuena, baina badaude beste batzuk, intxaur eta lo-belar olioa, adibidez. Ez, etxean duzun oliba-olioa ez da batere egokia koadro bat margotzeko!

Ez pentsa aglutinatzaile guztiek lehortze-mekanismo konplexuak dituztenik. Adibidez, argizaria erabiltzen denean egoera-aldaketa baino ez da gertatzen: solidotik likidora edo likidotik solidora. Argizariaren erabilerak badu eragozpen bat, likido egoeran jarrai dezan bero mantendu behar delako, artelana egiten ari den bitartean. Horretarako, argizaria lapiko batean urtzen da, eta pigmentuarekin nahastu ondoren, margo moduan erabil daiteke. Gezurra badirudi ere, lehenengo eguneko distira gordetzen dute teknika horri esker orain dela 2.000 urte margotutako Al-Fayumgo (Egipto) erretratuek (2. irudia).

2. irudia: Fayumgo erretratuetariko bat (48×36 cm), Isidora maisua (ca. 100). (Iturria: Getty Museum)

Erleak ez dira aglutinatzaileak eskaintzen dizkiguten animalia bakarrak; izan ere, arrautzak izan ziren aglutinatzaile-iturri garrantzitsuena olio-pintura agertu arte. Arrautzaren gorringoan dauden gantzei eta proteinei esker emultsioak egin daitezke. Horrela, pigmentuak, ura eta gorringoa elkartuz margoa sor daiteke, tenpera izenez ezagutzen duguna. Gutxi gorabehera, maionesa bat prestatzean gertatzen den prozesu fisiko berbera da. Pintura erabili ondoren, ura lehortzen den heinean, arrautzak kohesio-propietate bikainak dituen geruza sortuko du. Boticelliren Venusen jaiotza da horren lekuko (3.irudia). Arrautza-tenperaz gain, badaude beste tenpera mota batzuk; adibidez, kaseina-tenpera (esnetik erauzten den proteinaz osatua).

3. irudia: Venusen jaiotza (172x278cm), Sandro Boticcelli (1485). (Iturria: Uffizi)

Aglutinatzaileak bezala, pigmentuak ere edonon bilatu izan ditu gizakiak. Labar-artea egiten hasi ziren arbasoak inguruan zituzten materialez baliatu ziren: errautsak (karbonoa), beltzak margotzeko eta okreak (burdin oxidoa), berriz, gorriak margotzeko. Deigarria da bi kolore horiek hain ugariak izatea, eta ez, ordea, naturan edonon aurki dezakegun berdea. Bi aukera daude: edo ez zuten erabiltzen, edo ez da gure egunetara iritsi. Izan ere, kolore batzuk lortzea ez da lan erraza, eta horren adibide da urdina. Antzinatik gizakiak izugarrizko ahaleginak egin izan ditu kolore hori pigmentuen bidez irudikatzeko. Egiptoarrek goiz lortu zuten pigmentu urdin bat sintetizatzea (Egiptoko urdina), baina Europan prozesua askoz luzeagoa izan zen. Erdi Aroan, itsasoaz haraindiko urdina (ultramar urdina) zen pigmentu urdin preziatuena. Itsasoan zehar iritsi zen, eta horregatik jarri zioten izen hori. Kokcha haraneko (Afganistan) meatzetan lortzen zen lapis lazuli erdi-harribitxitik lortzen zen pigmentua (4. irudia); ondorioz, prezioa izugarri altua zen, urrearena baino are altuagoa. Horrek argi adierazten du nolako garrantzia duten pigmentuek gure gizartean.

4. irudia: itsasoaz haraindiko urdina lortzeko erabiltzen zen lapis lazuli erdi-harribitxia. (Iturria: Wikimedia Commons)

Zorionez, errazagoa da beste pigmentu batzuk eskuratzea. Izan ere, hainbat modu eta iturri egon daitezke kolore berbera lortzeko; gorria da horren paradigma. Sintesi kimikoaren bidez lortzeaz gain, posible da mineraletatik, animalietatik zein landareetatik lortzea. Natura beti eskuzabal. Txinan orain dela milaka urte zinabrioa (HgS) ezagutzen zuten, merkurioz eta sufrez osatutako minerala. Harri hori birrinduz, bermiloi pigmentua lor daiteke, artearen historian oso erabilia. Tamalez, eta artista askoren kalterako, merkurioa pozoitsua da; natura eskuzabal bai, baina baita arriskutsua ere. Dena den, ez da zinabrioa gorria lortzeko birrindu daitekeen gauza bakarra. Kotxinila intsektuetatik karmin-tindagaia erauz daiteke; artelanetan ez ezik, jogurtei kolorea emateko ere erabiltzen da (E-120 gehigarria). Gorriaren kontuari bukaera emateko, esango dugu landare-erreinuan kolore hori eskuratzeko gehien erabili den espeziea Rubia tinctorum izan dela (otxar espezie bat). Landare horrek lore horiak eta hosto berdeak ditu; sustraietan, berriz, kolore gorriko koloregaiak ditu: alizarina eta purpurina.

5. irudia: Margo gorriak lortzeko lehengaiak: zinabrio minerala (James St. John), Rubia tinctorum landarearen ilustrazioa eta Dactylopius confusus intsektua birrinduta (Whitney Cranshaw).

Une honetara helduta, oso estuki lotuta dauden bi termino argituko ditugu: pigmentuak eta koloregaiak (edo tindagaiak). Hitz hauek askotan sinonimoak izango balira bezala erabiltzen dira. Egia da biak ala biak koloreekin harremanetan daudela, baina zeharo ezberdinak dira, batez ere kimikaren ikuspuntutik. Arestian esan dugun bezala, pigmentuak disolbagaitzak dira, eta aglutinatzailearekin elkartuta egoera solidoan gelditzen dira. Koloregaiak, berriz, disolbagarriak dira, eta aglutinatzailearekin elkartuta ez dira egoera solidoan geldituko; aitzitik, disolbatu egingo dira. Ondorioz, ezin ditugu pintura egiteko erabili. Bai, ordea, ehunak tindatzeko. Esan nahi al du horrek koloregaiak ezin direla koadroetan erabili? Ezta gutxiago ere. Zorionez, gizakiak orain dela mende asko aurkitu zuen konponbidea. Arazoa koloregaiek aglutinatzailean duten disolbagarritasuna denez, nolabaiteko solidotasuna ematea besterik ez dago. Horretarako, zuria edo gardena den solido inerte bat (adibidez alunbrea) koloregaiarekin elkartzen da. Koloregaia solidoan finkatuko da, eta posible izango da pigmentu moduan erabiltzea. Laka-pigmentuak edo, besterik gabe, lakak deritze horrela lortutako pigmentuei. Horixe da, adibidez, aipatu berri dugun alizarina eta karmin koloregaiak margoetan erabiltzeko jarraitzen den prozedura.

6. irudia: alizarina laka (ezkerra) eta karmin laka (eskuina) erabiliz egindako akuarelen degradazioa. (Iturria: Kristi Dahm, The Art Institute of Chicago)

Laka gehienak bizidunengandik lortzen dira; beraz, jatorri organikoa dutela esaten dugu (jatorri mineral dutenak ezorganikoak dira). Egiari zor, sailkapena apurtxo bat konplexuagoa da: konposatu organikoak karbonoa dutenak dira, salbuespen batzuk izan ezik.

Talde horretan petrolioaren eratorriak eta laborategian sintetizatutako molekula asko sartzen dira. Nahiz eta zuzenean izaki bizidunetatik ez lortu, konposatu organikoak dira.

Askotan pigmentuak beste bi taldetan sailkatzen dira: naturalak edo sintetikoak. XIX. mendean, kimikan gertatutako aurrerapenei esker, naturan ez zeuden pigmentu eta koloregai ugari sortu ziren, artistei aukera berriak eskaini zizkietenak. Beste kasu batzuetan, sintesia erabili zen jada bazeuden konposatuak modu errazago eta merkeagoan ekoizteko. Horixe da indigoaren kasuarekin gertatu zena. 1870. urtea baino lehen landareetatik lortzen zen, baina ordutik hona, sintesi bidez ekoizten da, nola-eta hiru erreaktibo kimiko erreakzionaraziz. Pentsa ezazu tindagai hau bakeroak koloreztatzeko erabiltzen dela, eta urtero 20 miloi tona behar direla bakarrik helburu horretarako. Nekez lor daiteke kantitate hori landareetatik!

—————————————————–

Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.

—————————————————–

Margolanen kimikari buruzko artikulu-sorta:

  1. Margolanen kimika (I): Berniza, babes-mintza
  2. Margolanen kimika (II): Margo-geruza, artelanaren kolorea eta nortasuna

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #257 - Zientzia Kaiera

[…] baliabideak erabili izan ohi dira: olioa, arrautza edo argizaria, esaterako. Bi osagai hauen xehetasun gehiago artikulu honetan aurkituko dituzu, ez […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>