Analisi farmakozinetiko/ farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan

Argitalpenak · Dibulgazioa

Infekzioak mundu mailako osasun publikoko arazo bilakatu dira. Alde batetik, erresistentzien garapenaren ondorioz, bakterio multirresistenteen agerpena izugarri igo delako eta honek tratamendu eraginkorrak ezartzea zaildu duelako. Bestetik, infekzio bat pairatzeko arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin duelako, gaixo immunokonprometituena edo pertsona nagusiena, esaterako.

Irudia: Antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain, dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko.

Infekzioek mundu osoko zainketa intentsiboko unitateetan (ZIU) zehar presentzia nabarmena dute. Horrela, bestelako pazienteekin konparatuz, gaixo kritikoei hamar bat aldiz antibiotiko kopuru handiagoa administratzen zaie. Medikamentu hauek maizago erabiltzeak erresistentziak sortzeko aukera handitzen du.

Antimikrobianoen erabilera egokirako, agente infekziosoek farmakoari dioten sentikortasunaz gain, medikamentuaren, pazientearen eta mikroorganismoaren artean gertatzen diren elkarrekintza konplexuak ere kontuan hartu behar dira. Horregatik, antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain (bakterioaren aurkako aktibitatea daukana), dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Hala ere, posologia egokiena ezartzea bereziki zaila suerta daiteke gaixo larrietan, haien egoera fisiopatologikoa dela eta, botiken farmakozinetikan eta farmakodinamikan aldaketa nabariak ematen baitira.

Farmakozinetikak farmakoen kontzentrazioen eboluzioa aztertzen du denboran zehar. Hori dela eta, “gorputzak medikamentuari egiten diona” aztertzen duela esaten da. Dosifikazio egokiena aukeratzeko, farmakoaren portaera farmakozinetikoari erreparatzea ezinbestekoa izan arren, egunerokotasun klinikoan ez da medikamentu hauen monitorizazioa egiten; hau da, ez dira farmakoen kontzentrazio plasmatikoak neurtzen. Honek paziente bakoitzean farmakoaren farmakozinetika zehazki ezagutzea eragozten du. Ondorioz, erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazioa aurretik burututako populazio ikerketetatik lortu behar izaten da. Populazio eredu farmakozinetikoek, bataz besteko parametro farmakozinetikoak kontuan hartzeaz gain, pazienteen arteko aldakortasuna ere kuantifikatzen dute. Gainera, aldagai desberdinak (kreatinina argitzapena edota pisua, esaterako) aintzat izaten dituzte, pazienteen ezaugarri desberdinek farmakozinetikan duten eragina zehazteko.

Posologia optimizatzeko, farmakozinetikaz gain, farmakodinamia ere kontuan hartu behar da. Honek medikamentu batek organismoan eragiten dituen efektuak aztertzen ditu eta, “farmakoak gorputzari egiten diona” bezala definitu izan da. Terapia antimikrobianoan, antibiotikoari bakterioaren esposizioa eta efektu mikrobiologiko edo klinikoa erlazionatzen duen disziplina da.

Farmakodinamia medikamentuaren kontzentrazioaren menpe dagoenez, eta azken hau farmakoaren farmakozinetikak baldintzatzen duela kontuan hartuz, farmakozinetika eta farmakodinamika estuki erlazionatuta daude. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak indibiduo desberdinentzat eta infekzio mota bakoitzarentzat antibiotikoen dosi egokiena aukeratzea ahalbidetzen du. Modu honetan, efektu desiragaitzak edota erresistentziak agertzea saihesten da.

Hala ere, gaixo larrietan pertsona arteko aldakortasuna nabaria izan ohi da eta ZIUetan burututako ikerketan parte hartzen duen gaixo kopurua, berriz, mugatua. Informazio murritz honek dosifikazioen doikuntza ezegokia edota helburu terapeutikoak lortzeari dagokionez iragarpen okerrak egitera eraman gaitzake. Hau gerta ez dadin, indibiduoen arteko aldakortasuna aintzat hartu eta laginaren tamaina maximizatu egiten duten estrategiak burutu daitezke, Monte Carlo simulazioa (MCS) erabiliaz. Honek aurretik eraikitako eredu farmakozinetikoaren ekuazioak aintzat hartzen ditu eta indibiduo desberdinen artean lortutako parametroen distribuzioa kontuan hartuz, milaka subjektu desberdin simulatzen ditu. Simulazio hauek, baliagarriak dira terapia enpirikoan zein populazio berezietan dosifikazio optimoak aurreikusteko.

Laburbilduz, analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoek, populazio modelizazio farmakozinetikoarekin eta MCSekin batera, antibiotikoen dosifikazio erregimenen optimizazioa egitea ahalbidetzen dute. Analisi hauek bereziki erabilgarriak izango dira gaixo kritikoetan. Alde batetik, farmakoen farmakozinetika modu nabarian eraldatuta izan ohi dutelako, eta bestetik, antibiotikoekiko erresistenteagoak diren mikroorganismoek eragiten dizkietelako infekzioak.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan.
  • Laburpena: Azken urteotan infekzioen tratamendua mundu mailako osasun publikoko arazo bilakatu da, erresistentzien garapenaren ondorioz, bakterio multirresistenteen agerpena izugarri igo baita. Antibiotiko berrien gabeziak merkatuan daudenen dosifikazioen optimizazioaren premia areagotzen du. Zenbait pazientetan, gaixo larrietan esaterako, aipatutakoa egitea bereziki zaila suerta daiteke. Izan ere, beraien egoera fisiopatologikoa dela eta, medikamentuen farmakozinetika eta farmakodinamia eraldatuta daukate. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak, Monte Carlo simulazioekin batera, dosifikazio-erregimenen optimizazioa ahalbidetzen du. Horrela, tratamenduaren arrakasta bermatu eta erresistentzien agerpena ekiditen da.
  • Egileak: Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 19-33
  • DOI: 10.1387/ekaia.17849

Egileez

Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz UPV/EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNanoGene, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldean dabiltza.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.