Erakargarritasunaren gene-osagaiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Metroan edo autobusean zoaz, idazki hau irakurtzen. Geltoki berri bat. Burua altxatzen duzu eta sartzen den jenderi erreparatzen diozu. Aurpegi bat ikusten duzu eta zure barnean zerbaitek esaten dizu aurpegi hori erakargarria dela. Ez dakizu zergatik baina hala da. Aurpegi hori burutik ezin duzu kendu, aurpegi horrek sorgindu zaitu. Hau eleberri baten hasiera izan liteke baina, hein batean, genetika da.

1. irudia: Metroan aurpegi erakargarriak aurki daitezke. (Argazkia: Engin Akyurt / pixabay.com – Pixabay lizentziapean)

Edertasunaren inguruan asko idatzi da historian zehar eta arte-lanak saiatu dira edertasuna irudikatzen. Gizakia edertasunarekin tematuta bizi da eta, gaur egun, industria erraldoi baten oinarria da edertasuna. Modu inkontzientean bada ere, hainbat ezaugarrietan arreta jartzen dugu edertasuna neurtzeko. Sakonean aztertu direnen artean daude gaztetasuna, osasun-egoera, gantz-kopurua, gorpuzkera, kolorazioa, ohikotasuna, simetria eta izaera. Erakargarria zer den indibiduoen eta kulturaren arabera aldatzen bada ere, gizaki ezberdinei erakusten bazaie aurpegi sorta berdina, erakargarritasunaren inguruan adostasunak agertzen dira bai kultura baten barruan, bai kultura ezberdinen artean. Horrek iradoki dezake oinarri biologiko bat egon daitekeela ederra zer den erabakitzerako orduan.

Zeresan asko eman du, eta ematen jarraituko du, erakargarritasunaren inguruan egon daitekeen eboluzio-oinarria. Gai konplexua da aztertzea ea bikotea hautatzerako garaian, erakargarritasunak eta bere osagaiek balio ote duten balizko bikotearen “kalitatea” neurtzeko. Adibidez, emakumeek aurpegi gaztea izatea lotu daiteke erreprodukzio gaitasunarekin; gantz-kopuruak eta gorpuzkera izan daitezke osasun-egoeraren ispilu; edota beste ezaugarri batzuek adieraz dezakete biziraupena berma dezaketen geneen eramailea izatea. Baina ezaugarrien eta gene “desiragarrien” arteko lotura ez da horren argia: lotura horien adibide bezala jarri badira ere simetria, maskulinitatea, pisua edota ohikotasuna, ezbaian daude balizko lotura horiek. Bikote “egokia” aurkitzeko erakargarriak diren ezaugarriak eboluzioak hautatu dituela iradoki bada ere, hori espekulazio bat besterik ez da. Aurpegi batek zer egiten duen erakargarri soziologian edota psikologian aztertu bada ere, bere gene-oinarria, egotekotan, ez da oso ezaguna.

2. irudia: Aurpegien erakargarritasunean geneek eragin dezakete? (Argazkia: Grae Dickason / pixabay.com – Pixabay lizentziapean)

Berriki egindako ikerketa batek aztertu ditu aurpegi-erakargarritasunean eragin dezaketen gene-osagaiak. Kontuan izan behar da ez dela erraza gene-datuak eta erakargarritasunari buruzko informazioa duten datu-sortak lortzea, denbora asko behar baita. Lan horretan erabili dira jada informazio horiek biltzen dituen Wisconsin Longitudinal Study izena duen ikerketaren datuak. Wisconsin Longitudinal Studyko parte-hartzaileak dira 1957an Winconsineko (EEBB) institutuetan graduatutako ikasleen heren bat. Beren gene-datuak 2006. eta 2007. urteetan jaso ziren beren listua erabilita. Beren erakargarritasuna hamabi parte-hartzailek (sei emakumek eta sei gizonek) neurtu zuten 2004. eta 2008. urteetan 1957. urteko argazkietan oinarrituta, institutuko urtekariko argazkiak erabilita hain zuzen ere. Esan behar da kide bakoitzaren argazkia hamabi parte-hartzailek baloratu bazuten ere, argazki guztiak ez zituztela hamabi parte-hartzaile berberek aztertu, balorazio-lanetan laurogei pertsona inguru aritu baitziren. Datuak jaso eta egokitu ostean, ia lau mila pertsonen erakargarritasunean eragin zezaketen zazpi milioitik gorako gene-markatzaile aztertu ziren genoma osoko asoziazio-analisiaren bidez.

Erakargarritasuna ezaugarri konplexua izanda, egokia izan daiteke galdetzea zein heinetan eragiten duten ezaugarri horretan geneek. Lan berri honetan ikusi dute geneen eragina aurretik kalkulatu zena baino baxuagoa dela. Hala ere, aukera izan dute genomako hainbat eskualde erakargarritasunarekin lotzeko: horietako eskualde bik lotura argia izan zuten eta beste hamar eskualdek lotura nahiko sendoa. Esan behar da eskualde horietako batzuen lotura izan zela sexuaren araberakoa: bai behatzailearen sexuaren araberakoa, baita neurtutako pertsonen sexuaren araberakoa. Hortaz, egileek iradokitzen dute aurpegi-erakargarritasunaren gene-oinarria sexuarekiko espezifikoa izan daitekeela.

Genomako eskualde horietan kokatzen ziren gene-osagaiak aztertuta ikusi zuten aurretik gene-osagai horiek lotu zirela azalaren kolorearekin, gorputz-masaren indizearekin, altuerarekin, gerri/aldaka ratioarekin eta aurpegiaren morfologiarekin. Gainera ikusi zuten erakargarritasunaren gene-oinarriak korrelazioa zuela beste ezaugarri batzuen gene-oinarriarekin: emakumeetan gorputz-masaren indizearekin eta gizonetan gantz-ezaugarriekin. Hau da, erakargarritasunaren genetikak lotura zuela erakargarritasuna baldintza dezaketen faktoreen genetikarekin.

3. irudia: Eragina mugatua izan badaiteke ere, badirudi aurpegiak sailkatzerakoan eragina dutela geneek. (Argazkia: Efraimstochter / pixabay.com – Pixabay lizentziapean)

Lan horrek datu berriak eskaini ditu erakargarritasunaren gene-oinarrian sakontzeko. Baina lan honek bere mugak ere baditu. Alde batetik, behatzaileek aldakortasun handia izan zuten pertsona bakoitzaren erakargarritasuna neurtzerakoan. Hau da, iritzi-ezberdintasuna egon zen erakargarria zein den erabakitzerakoan. Honek agerian uzten du behatzailearen eragina eta, ez da ahaztu behar, pertsona bakoitzaren erakargarritasuna ez duela behatzaile talde berberak baloratu. Bestetik, lan hau bakarrik egin zen europar jatorriko populazioarekin. Hortaz, beste populazio batzuetan antzekoak al dira gene-osagaiak edo beste ezaugarri batzuk al dira desiragarriagoak? Muga hauek gainditzea aldiz, ez da erraza izango. Lehenago esan dugun bezala, zaila da horrelako datu-sortak lortzea eta korapilatsua da zehaztea erakargarritasuna baldintza dezaketen faktore guztiak.

Laburbilduz, badirudi gene-oinarri bat egon daitekeela erakargarriak egiten zaizkigun ezaugarrietan. Eta mugak baditu ere, lan hau urrats berri bat da ulertzeko zergatik ezin duzun burutik kendu metroan edo autobusean ikusi berri duzun aurpegi hori: bere geneak dira.

Erreferentzia bibliografikoak

White et al. (2019). Genes influence facial attractiveness through intricate biological relationships. PLoS Genet 15(4): e1008030. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pgen.1008030


Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

7 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.