Juanma Gallego
Sekuentziazio genomikoa erabilita, munduko ozeanoetako birusen katalogoa berritu dute Tara espedizio ozeanografikoko zientzialariek, eta birus andana dagoela aurkitu dute. Harrigarria bada ere, ondorioztatu dute Artikoan dagoela birus bioaniztasun gehien.
Hotzikara ematen duten hitzen artean, birus izango da, seguruenera, lehen postuetan dagoenetako bat. Hori aipatzean, berehala datozkigu burura sufrimendu latzak eta heriotza ekar ditzaketen gaixotasunak: gripea, GIB, Ebola…
Baina, ohi bezala, gure ikuspegia norberaren kezken arabera dago mugatuta gehienetan. Izan ere, birus gehienak ez dira gizakiarentzako kaltegarriak, baina bai mikrobioentzat. Birus bakteriofagoak dira gehienak, eta haien ardura bakarra da bakterio bat eskura izatea, bertan haien material genetikoa txertatzea, eta bertan oinordekoak ereitea, bakterioak lehertu arte.
Azken urteetan bakterioek arlo askotan betetzen duten rol garrantzitsuak ezagutzen ari dira. Ingurumenean ez ezik, geure gorputzean bertan dagoen mikrobioma ere aipatu beharra dago, noski. Baina ikaragarriena da mundu ezezagun bezain erraldoi baten atarian gaudela, eta mikrokosmosaren sekretuak argitzea lan eskerga izango dela. Ikusi dugunez, bakterio horien gaineko kontrol garrantzitsua egiten dute birusek, eta, horregatik, horiek kontuan izan behar dira ere munduan gertatzen dena, ─eta, bereziki, gertatuko dena─ ulertu nahi badugu.
Hori egin dute Tara Oceans espedizioko zientzialariek. Ozeanoetan dauden birusei dagokienez, orain arte egin den katalogorik osatuena aurkeztu dute Cell aldizkarian. Aurreikus daitekeenez, ez da inbentario txikia atera. Orotara, 195.738 birus populazio identifikatu ahal izan dituzte. Aurreko inbentario batean 15.280 birus populazio identifikatuak zituzten. Zenbaki hauek ikusita, beraz, agerikoa da itsas birusen katalogoa izugarri handitu dutela: 12 aldiz biderkatu dute ezagututako birusen kopurua.
Azalpen bat dago egindako jauzi kuantitatiboaren atzean: oraingoan sekuentziazio genomikorako teknika berriak erabili ahal izan dituzte. Horri esker, ikertzaileak sekuentziazio sakonagoa egiteko moduan egon dira, eta algoritmo berriak erabiltzeko aukera izan dute ere; modu horretan, errazago egin zaie organismo berriak identifikatzea.
Espeziea baino, “populazio” hitza hobetsi dute ikertzaileek, nahiz eta antzeko kontzeptua den. Jakina da espezieak bereizteko biologiak erabiltzen duen irizpide klasikoa: elkarren artean ugaltzeko gai diren izakiak dira espezie berekoak, beti ere haien ondorengoak ugaltzeko gai badira. Alabaina, Linneoren garaian nahiko erraza zirudiena dezente konplikatuagoa dela argi dute gau egungo zientzialariek, ñabardura askorako tartea dagoelako.
Baina birusen kasuan, kontzeptua bera erabilezin bihurtzen da, birusak bizidunak ote diren ere ezbaian dagoelako (bizitzaren atarian daudela esan ohi da), eta haien arteko DNA eta RNA transferentzia izugarri handiak daudelako. Hortaz, espeziea baino, populazio terminoa nahiago dute birologoek. Populazio horiek bereiztea ez da jakin-min hutsa: birusen jarduna modu egokian aztertu ahal izateko behar-beharrezkoa den informazio da hori. Zentzu honetan, birus berriak aurkitzeko ez ezik, katalogo hau egitea birus horiek sailkatzeko orduan erabil daitezkeen irizpideak eta sekuentziazio teknikak hobetzeko baliagarria dela nabarmendu dute.
Bost eremu ekologiko
Itsasoetan dagoen birusen bioaniztasuna izugarri handia dela konturatzeaz gain, bestelako irakaspenak atera dituzte ikertzaileek. Hala, eta birusen banaketari dagokionez, bost eremu ekologiko identifikatu dituzte munduko itsasoetan. Hauek dira eremu hauek:
-
Ozeano Artikoa.
-
Ozeano Antartikoa.
-
Tropikoetatik gertu dauden gainazaleko urak.
-
150 eta 1.000 metro arteko sakontasunean dauden erdiko geruzak.
-
Geruzarik sakonenak, itsas hondora artekoak.
Espedizio honetan hartutako 145 puntutan bildutako laginak erabili badituzte ere, azken eremuaren analisirako 2010-2011 tartean burutu zen Malaspina espedizioan eskuratutako datuak erabili dituzte, espedizio horretan 4.000 metro arteko sakontasunera laginak eskuratu zituztelako.
Datuen analisiaren ostean, beste ezusteko bat hartu dute. Ikusi dute birusen bioaniztasuna bereziki handia dela bi eremutan: tropikoetan, esperokoa zen moduan eta… Ozeano Artikoan. Azken honetan halako aniztasuna egotea ez zuten espero, inolaz ere, bioaniztasunaren munduan ia mantra bat delako ideia bat: tropikoetara hurbildu ahala, handitu egiten da bioaniztasuna, baina ez kontrako norabidean. Baina, esan bezala, sekuentziazio genetikoaren bidez ikusi ahal izan dute eremu hotz honetako birusen populazioak munduan aniztasun biologiko gehien dutenen artean daudela. Zirkulu artikoan 41 lagin hartu dituzte, eta horietan 75.000 birus populazio berri aurkitu dituzte.
Kontuan izanda klima aldaketak bereziki eragin handia izango duela halako latitude garaietan, ikertzaileek berotze globalak birusen banaketan eta, oro har, horrek kate tropikoetan izan dezakeen eragina nabarmendu dute.
Tara Oceans espedizioak dozenaka laborategi eta ehunka ikertzaile bildu ditu mundu osoko ozeanoak aztertzeko. Espedizioari izena ematen dion ‘Tara’ altzairuzko kroskoa duen 36 metroko goleta bat da. 2006an hasi zen proiektua. Urte horretan, Agnes Trouble moda diseinatzaileak haren familiakoa zen itsasontziaren dohaintza egin zuen, eta CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroaren esku jarri zuen, zientzia ikerketarako erabil zezan. Ordudanik, hainbat bidaia egin ditu munduan zehar, itsas biologia ikertzeko, eta emaitza oso ikusgarriak jasotzen ari da, arlo desberdinetan.
Adibidez, joan den otsailean, 133 plankton espezie berri ezagutarazi zituzten. Kasu honetan, zeharo bitxiak dira aurkitutako espezie horiek, energia lortzeko bideari dagokienez landareen eta animalien ezaugarriak zituztelako: fagozitosi zein fotosintesi bitartez elikatzeko gai ziren eta. Aurreko ikerketa batean 2009an hasitako espedizioaren emaitzak aurkeztu zituzten, Science aldizkariko ale berezi batean. Orotara, 35.000 plankton lagin eskuratu zituzten orduan. Lagin horiei guztiei esker, itsas mikrobioen 40 milioi generen datu basea osatu zuten. Horietatik gehienak (%80 inguru) guztiz berriak ziren zientziarentzat.
Erreferentzia bibliografikoa
Gregory, Ann C. et al., (2019). Marine DNA Viral Macro- and Microdiversity from Pole to Pole. Cell, 177, 1–15. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2019.03.040
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] munduko ozeanoetako birusen katalogoa berritu dute, orain arte egin den katalogorik osatuena. Juanma Gallego kazetariak azaldu digu guztira 195.738 birus populazio identifikatu ahal izan dituztela. Itsas birusen katalogoa asko […]