Zientzia eta teknologiaren menpekoa den gizarte batean bizi gara, eta aldi berean, oso mugatua da jendeak gai horiei buruz duen ezagutza. Egun bada ere zientziarekiko mesfidantza duenik eta bada ere dioenik ezagutza berriek ez dakartela ezer onik. Mesfidantza hori aspalditik datorkigu. Izan ere, Gotzon Garate hizkuntzalariak bildutako atsotitz bat dugu horren adibide: “Mundue jakinduriek erre biar dau“. Nola ez izan fidagaitza ezagutzen ez dugun horrekiko? Eta, bestalde, zertarako behar dugu zientzia-ezagutzarik?
Gizakiok erabaki asko hartzen ditugu egunerokoan eta horiei aurre egiteko irizpideak behar ditugu. Zein da sakelako egokiena niretzat? Zer da medikuak egin behar didan erresonantzia magnetiko hori? Zeinek du C bitamina gehiago, aurrean dudan laranja-zukuak ala eskaini didaten kafeak? Oso oinarrizkoak badira ere irizpide zientifiko-teknologikoak behar ditugu hainbat galderei erantzuna emateko. Eta horretarako, garrantzitsua da gutxieneko zientzia-ezagutza edukitzea.
Zientzia dugu giza kulturaren zati handi bat eta zientziaren oinarriak ezagutu gabe kultur ondarearen zati hori gabe geldituko ginateke. Zientziaz gain bertsolaritza dugu ere euskal kulturaren ondarea. Bertsolaritzaren gakoa da “bizitza kantatzea” eta egunero jasotzen dugun gehiegizko informazioa digeritzen laguntzea doinua, errima eta neurria lanabes hartuta.
Lanabes horiekin, argia, euskararen ergatiboa, espazioko bidaiak, adimen artifiziala, hizkuntzalaritza edo errobotak hizpide izango dituzte laster bertsoek. Izan ere, irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan mesfidantzari aurre eginez, hiru bertsolari eta bost zientzialari izango ditugu oholtza gainean.
Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduria askoaz zientzia gizarteratzen arituko dira Kike Amonarrizek gidatuko duen “Jakinduriek mundue erreko dau” saioan: Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak, Gorka Azkune informatikaria, Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariak, Itziar Laka hizkuntzalaria eta Jon Mattin Matxain kimikaria.
Egitaraua:
Bilboko Bizkaia Aretoan irailaren 26an, arratsaldeko 18:00etan bost zientzialarik gai bat hartu eta horren inguruko azalpen laburrak emango dizkigute. Hamar minutuko hitzaldi laburrek argia, astronomiaren egungo egoera, adimen artifiziala eta gure hizkuntzan bereizgarria den ergatiboa izango dute hizpide. Kike Amonarriz aurkezle eta soziolinguistaren laguntzaz bertsolariek informazioa deskodetu eta doinua eta errima jarriko diote zientzia-gaiei.
.- Jon Mattin Matxain UPV/EHUko irakasleak, ikertzaileak eta kimikari kuantikoak 2015. urtea Argiaren urtea izendatu dela gogoan izanik, zalantzak argituko dizkigu: “Argia uhina ala partikula?”
.- Naiara Barrado eta Itziar Garate UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek, irakasleek eta astrofisikariek espazioari buruz dugun jakin-minaz hitz egingo digute: “Noraino eraman gaitu gure jakin-minak?”
.- Gorka Azkune Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak, irakasleak eta adimen artifizialean aditua den informatikariak adimen artifizialaren kontzeptuak hurbilduko dizkigu: “Neurona sareak adimen artifiziala eratzeko”.
.- Itziar Laka hizkuntzalariak eta UPV/EHUko ikertzaileak, irakasleak eta hizkuntzalariak euskararen egiturari so egingo dio eta Zaldieroa komikigileari omenaldi txiki bat eskainiz, hark hainbeste maite duen ergatiboa adibide hartuko du: “Zaldieroa dixit: ez dezagun ergatiboa kendu!”
Zientzia eta bertsolaritza, bertsolaritza eta zientzia izango ditugu bidelagun UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik, “Jakinduriek mundue erreko dau” doako ekitaldian. Zatoz jakinduriaz eta bertsoz osatutako txapela janztera… eta ibili munduan!
Jakinduriek mundue erreko dau
- Data
- Ordutegia
- 18:00etatik 20:30etara
- Tokia
- UPV/EHUko Bilbao Bizkaia Aretoa
- Helbidea
- Abandoibarra, 3, Bilbo
2 iruzkinak
[…] Uztarketa horren fruitua da irailaren 26an, Bilboko Bizkaia Aretoan izango den ekitaldia: “Jakinduriek mundue erreko dau” #bertsozientzia […]
[…] se combinaba la ciencia con el bertsolarismo tradicional del País Vasco en una sesión denominada Jakinduriek Mundue erreko dau!; esa sesión se repitió en 2016, y en 2017 se ha celebrado en cuatro localidades vizcaínas. El 10 […]