Kautxua da Cikautxo enpresak hasieratik erabili izan duen materiala. Enpresak kautxuaren ezagutza etxean formulatzearen aldeko apustua egin zuen eta betidanik lan egin izan dute arlo horretan espezializatutako teknikariek. Hori dela eta, enpresa kautxua formulatzen, nahasten, entseatzen eta kautxuzko piezak diseinatzen espezializatu da.
Kautxua eta honen inguruko ikerketak eta emaitzak hartuko dituzte oinarritzat urriaren 29an, Ondarroako Beikozinin arratsaldeko 18:30etan, Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatu duen “Kautxuaren aplikazioa automobilgintzan, garbigailuetan eta beste sektoreetan. Cikautxoren esperientzia” hitzaldian Amaia Aulestia eta Jose Santos kimikariek.
Hitzaldian kautxuaren aurrekari historikoak eta polimero motak ezagutuko dira. Horrez gain, material hau zergatik erabiltzen den argituko dute, bere ezaugarri nagusiak, motak, osagai nagusiak eta nahasketa prozesuak azalduz. Cikautxo enpresan kautxuarekin izandako esperientzia komentatuko dute eta ekoizten dituen pieza mota batzuk deskribatuko dira: juntak (garbigailuetan, motorretan…), hodiak, kateterrak eta parkeetako lur elastikoak, besteak beste.
Fitxa biografikoa
Amaia Aulestia, Berriatua, 2002an bukatu zituen Ingeniaritza Kimikoko ikasketak Kantabriako Unibertsitatean. Azken urtea eta karrerako proiektua Alemanian, Erlangen-Nürnberg Unibertsitatean, burutu zituen.
2003an sartu zen Cikautxo enpresan, laborategiko laguntzaile bezala. Bi urte geroago Materialen Garapenerako teknikari izatera pasatu zen eta 2015ean Estrusioko Materialen Garapeneko arduradun izendatu zuten. Ibilbide profesionalean zehar arloko hainbat kurtsotan parte hartu du (polimeroak, elastomeroak, esperimentuen diseinuak…).
José Santos, Ermua, 1993an Kimikan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Graduko proiektua Kimika Inorganikoko Departamentuan burutu zuen. Hurrengo urtean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ingurumenaren Kudeaketako ikastaroan parte hartu zuen.
Lan arloari dagokionez, 1997an Ingalaterrako York hirian dagoen Tenneco enpresan hasi zen lanean, eta urtebete geroago Cikautxo enpresan sartu zen Materialen Garapenerako teknikari bezala. 2003an Injekzioko Material Garapenaren arduradun izendatu zuten eta horretan dihardu gaur egun ere. Lanean hasi zenetik hainbat ikastaro espezializatutan parte hartu du (ingurumen kudeaketa, elastomeroak, materialak…).
Kautxuaren aplikazioa automobilgintzan, garbigailuetan eta beste sektoreetan. Cikautxoren esperientzia
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 21:30etara
- Tokia
- Beikozini