1898an radioa eta polonioa aurkitu zituzten Curie senar-emazteek. 1903an, Fisikako Nobel Saria eman zieten biei, Henri Becquerelekin partekatuta. Marie berak erradioaktibitatearen arloan ikerketa garrantzitsuak egin bazituen ere, garai hartako testuinguru patriarkala zela eta, bere lana atzeko planoan utzi zuten; halere, bere ikerketa-lanak funtsezkoak izan ziren gaur egun Curie zientziaren historiako itzal handikoen emakumeetako bat gisa izan dezagun.
1867an jaio zen Varsovian Marie Salomea Sklodowska, Marie Curie izenarekin ezaguna, eta emakume aitzindaria izan zen bere garaian. Ez zen ohikoa emakume zientzialariak ikustea garai hartako gizartean, baina poloniar kimikari eta fisikariak Sorbonako Unibertsitatean Fisikako lehenengo emakume katedraduna izatea lortu zuen, eta bi espezialitate desberdinetan bi Nobel sari jaso zituen lehenengoa izan zen: 1903ko Fisika saria eta, zortzi urte geroago, berak bakarrik, Kimikako Nobel saria, radio gramo bat lehenengo aldiz islatu izanagatik.
Izen handiko zientzialariaren bizitza eta haren ekarpenak ezagutzera emateko helburu nagusiarekin, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak “María Sklodowska Curie, una polaca en París” (Maria Sklodowska Curie, poloniar emakume bat Parisen) erakusketa antolatu du. Kultura Zientifikoko Katedraren, eta UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eta Berdintasunerako Zuzendaritzaren laguntzarekin antolatutako erakustaldia hurrengo apirilaren 27ra arte egongo da ikusgai Bilboko Bizkaia Aretoan.
Erakusketan, bere lana eta ikerketan buru-belarri nola aritu zen aztertuko da hogei panelen bitartez, baita bere giza alderdia eta alderdi solidarioa ere. Zientzialari gisa egindako lanaz gain, Mariek Lehen Mundu Gerran arlo sanitarioan egindako lana ere nabarmentzen da, bere erradiografiekin zauritutako soldaduen diagnosia eta ondorengo tratamendua hobetzen lagundu baitzuen.
Hitzaldiak
Erakusketa osatzeko, hiru hitzaldi emango dira, lehena apirilaren 12an, Marie Curieren bilboak, Hélène Langevin-Joliot, eskainiko du.
Apirilaren 12an, arratsaldeko 18:30etan, Hélène Langevin-Joliot: “Les Joliot-Curie, mes parents, et la radioctivité artificielle” hitzaldia.
Apirilaren 18an, arratsaldeko 18:30etan, Naia Pereda doktorea: “Marie Curie, primera física médica” (Marie Curie, lehenengo fisikari mediku emakumea) hitzaldia.
Apirilaren 26an, arratsaldeko 18:30etan, Juan Carlos Urreta doktorea: “A partir de M. Curie; una excursión por la Radiología médica” (M. Curieren ondoren; txangoa Erradiologia medikuaren historian zehar) hitzaldia.
Hitzaldiak nahi duen guztiarentzat egongo dira irekita, bete arte. Mesedez, bidali mezu bat jakinarazteko etorriko zarela: mariecurie.fct@ehu.eus.
Ikertzaile aitzindari bat ezagutzeko erakusketa: Marie Curie
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 08:00etatik 20:00etara
- Tokia
- Bizkaia Aretoa
- Helbidea
- Abandoibarra 3, Bilbo